Etxebarriak hirugarrenez hautsi du Bizkaiko errekorra

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 28a, 12:28

Alazne Etxebarria Urizar Sondikako abiadura-lasterkaria Euskadiko eta Bizkaiko txapelduna da 400 metroko lasterketan. Espainiako txapelketan ere hartu du parte, absolutu kategorian, eta bertan hamabigarrena izan zen. Hala ere, Bizkaiko errekorra hautsi zuen hirugarren aldiz: hori 35 urtean 55,90 segundokoa izan da eta duela gutxi Etxebarriak 55,70 segundo egin zuen; Bizkaiko txapelketan marka hobea egin zuen: 54,91 segundo; eta Espainiako txapelketan, oraindik ere marka hobea: 54,58 segundo.

Pozik baino pozago dago sondikoztarra. Korrika egitea txikitatik gustatzen zaio. “Hasieran judoa egiten nuen eta gero atletismoan saiatu nintzen eskolan. Urdanetan hasi, eta handik Bidezabal klubera (Durango) joan nintzen, eta klub horretatik gaur egun nagoen klubera: Atletico San Sebastianera. Atletismoak hasieratik erakarri ninduen, esan moduan, korrika egitea gustatzen zaidalako. Taldea ere ezinbestekoa da: elkarri lagundu eta exijitzen diogu eta hori oso inportantea da. Bestalde, sakrifizio handiko kirola da, baina lagundu dit ordenatuagoa izaten, kirola eta ikasketak, eta orain lana, uztartzen ikasi behar izan dudalako”.

“Taldea ezinbestekoa da: elkarri lagundu eta exijitzen diogu eta hori oso inportantea da”

“Sakrifizio handiko kirola da, baina lagundu dit ordenatuagoa izaten”

Hainbat modalitate daude atletismo barruan: lasterketak, altuera- eta luzera-jauziak, jaurtiketak, ibilketa… “Hasieran denetarik egiten nuen arren, batez ere abiadura lantzen hasi nintzen pixkanaka-pixkanaka (100 eta 200 metro). Harik eta orain dela bost urte konturatu nintzen arte 400 metroetan aukera handiagoak nituela. Proba gogorra da 400 metrokoa eta atletok badakigu sufrituko dugula; horregatik kostatu zitzaidan erabakia hartzea. Baina niri falta zait 100 eta 200 metroetako abiadura-lasterkariek duten lehertze-puntu hori eta ikusi nuen askoz hobeto egiten nituela 400 metroak”.  

“100 eta 200 metroetako abiadura-lasterkariek duten lehertze-puntu hori falta zait”

Bere esanetan, oinkada da bere indarguneetako bat. “Oso oinkada zabala dut, eta teknika ona 400 metroetarako. Badakit belauna apur bat gorago igo behar dudala –entrenatzaileak behin baino gehiagotan esaten dit–, baina hobetuz joan naiz denborak aurrera egin ahala”. Atleta ona da, etorkizun handikoa, baina meritua bere entrenatzailearena dela esan digu. “Jose Luis Garcia da, Bizkaiko historiko bat. Gainera, nik baino lehen Bizkaiko errekorra zuten atleta biak ere entrenatu ditu: Nerea Azkarate eta Cristina Castro. Jose oso saiatua da eta egunero dabil hor, zuri exijitzen… Beti modu onean. Ez diot huts egin nahi eta presio hori dut… Nolanahi ere, oso gustura nago bai berarekin, bai taldekideekin”.

“Oso oinkada zabala dut, eta teknika ona 400 metroetarako, belauna apur bat gorago igo behar dudan arren”

“Ez diot entrenatzaileari huts egin nahi eta presio hori dut… Nolanahi ere, oso gustura nago”

Motibazioa, marketan

Oso entrenamendu zorrotzak egiten ditu astelehenetik zapatura, ordu bi edo ordu bi eta erdi egunero. “Beroketak egiten ditugu, teknika, hesiak saltatu, serieak, gimnasioa… Eromena da. Diseinatzailea naiz eta lanetik ateratzen naizenean entrenatzera joan beharra dut, Zorrotzara. Egun osoa ematen dut etxetik kanpo, ez bainaiz 21:00ak arte itzultzen. Ikasketak, lana eta kirola ere uztartu behar izan ditut…”.  Eta gauza askori uko egin ere bai. “Esate baterako, parrandan joateari edo hainbat plani. Izan ere, lehiaketaren aurreko eguna sakratua da eta ezin ditugu ibilaldi luzeak egin edo mendira joan… Emaitzengatik merezi du. Emaitzarik ez badago, frustragarria da, baina pixkanaka-pixkanaka gauzak lortuz joaten zara eta pentsatzen duzu: Bueno, honengatik entrenatzen dut hainbeste eta egiten dut hain esfortzu handia”. Denbora librea duenean denetarik egitea gustatzen zaio. “Batez ere txakurrarekin mendira joatea, ibilbideak egitea, bidaiatzea… Artearekin zerikusia duen guztia ere gustatzen zait, margotzea eta abar”.

“Gauza askori uko egin behar diet, baina emaitzek merezi dute”

Motibazioa marketan topatzen du, eta ariketak dakarren liberazioan. “Serie bat ondo egiten duzunean pentsatzen duzu: Hara! Zein ondo! Hau bai poztasun handia! Sentsazio hori da, eta egindako lana jendaurrean erakustea eta zure burua hobetzea; zure marka ahalik eta gehien hobetzea”. Maniak ditu korrika egiteko orduan. “Atleta guztiek dituzte maniak. Nik, adibidez, zapatiletako kordelak lotzen eta korapilatzen ditut, solte gelditu ez daitezen. Halaber, ez zait gustatzen eskumuturretan ezer eramatea… Eta iskiona kolpatzen dut, berotu dadin”.

“Maniak ditut; esaterako, zapatiletako kordelak lotzen eta korapilatzen ditut, solte ez gelditzeko”

Aitortu digu atletismo munduan ez duela erreferenterik eta bere helburua marka jaisten jarraitzea dela. “Nire xedea ez da txapelketa hau edo bestea irabaztea, edo Europako txapelketan parte hartzea… Azken batean, lana dut eta horrek asko mugatzen nau: bakarrik kirolean dabiltzan atletek, berriz, goizean eta arratsaldean entrenatu ahal dute, eta nahi beste deskantsatu… Nik ez dut hori… Eta jakin badakit momentu batean edo bestean ezin izango diodala guztiari eutsi eta kirola utzi beharko dudala. Tristea da, baina ez dut inongo laguntzarik… Hau ez da futbola; ezin da atletismotik bizi. Gustatuko litzaidakeela? Jakina, baina oso zaila da. Entzunda daukat lehen Bizkaian oso atleta onak zeudela eta beka onak ematen zituztela; orain, aldiz, ez dago dirurik atletismorako. Jasotzen dudan laguntza apurra nire klubak ematen dit eta bakarrik daukat zapatilak eta joan-etorriak ordaintzeko. Bestalde, Basque Team Fundazioaren dirulaguntzak goi-goian dauden kirolarientzat dira”.  

“Badakit momentu batean edo bestean ezin izango diodala guztiari eutsi eta kirola utzi beharko dudala”

 

Datu batzuk

Hogeita bost urte ditu eta atletismoan 2007an hasi zen. Ibilbide oparoa izan du harrezkero, eta hainbat lasterketetan parte hartu du, eta hainbat lasterketa irabazi. Azken urteei erreparatuta, 2018an, Bizkaiko txapelduna izan zen 200 metroko lasterketan eta absolutu kategorian, eta 2020an, Euskadiko txapelduna, 400 metroko lasterketan eta absolutu kategorian. Gainera, Espainiako txapelketan, 4 x 400 errelebo-lasterketan bigarrena gelditu zen Atletico San Sebastian klubarekin. 2021ean, bestalde, Euskadiko txapelduna izan zen 400eko lasterketan aire librean zein pista estalian, eta aurten Euskadiko zein Bizkaiko txapela eraman du. Gogor eta gogoz entrenatzen da hain emaitza onak lortzeko. Aipatu digunez, 200 metroko lasterketetan berriro saiatzeko asmoa du.     

 

Pista egokia behar

Etxebarria kexu azaldu da, Txorierrin ez dagoelako entrenatzeko pista egokirik. “Pista bakarra Zamudion dago, baina porlanezkoa da, eta zapatila iltzedunak jantzita entrenatzen garenez, ezin gara hara joan, tartana duen pista behar dugulako; Zamudioko pistan bakarrik denboraldiaurrean entrenatu gaitezke, saioa zola lauko zapatilak jantzita egiten dugu eta. Pena da, izan ere, Txorierrin oso atleta onak ditugu eta kanpoko klubetara joan behar dute”. Horrezaz gainera, azaldu digu Bizkaian ez dagoela pista estalirik. “Eguzki betean entrenatu behar dugu, haizea, hotza, beroa, euria, txingorra… dagoela. Eguraldi txarra badago, amak askotan esaten dit entrenatzera ez joateko, eta nik txantxetan erantzuten diot: Ados, baina gero Bizkaiko errekorra egitea nahi izango duzu, ezta? (kar-kar). Gasteizen, esaterako, modulu txiki bat dute, eguraldi txarra dagoenean bertan entrenatzeko. Ez legoke txarto berton ere halako zerbait atontzea”.

Iritzi berakoa da Leire Barcia sondikoztarra. Bera ere abiadura-korrikalaria da, eta Beste Bira Txorierriko atletismo taldearen korrikalari ohia. “Maila handia erakutsi dute Txorierriko atletek eta lastima da entrenatzera beste udalerri batzuetara joan behar izatea: ni, esaterako, astean bost aldiz joan behar izaten dut Fadurara. Kirola egiteaz gainera, ikasten edo lanean gabiltza eta askotan denbora luzea ematen dugu joan-etorrietan. Nire ustez, inguruan pista egokia atonduz gero, askok eta askotan erabiliko genuke”.

Barcia Ezkerraldea klubean dabil gaur egun. “Gustura nengoen Beste Biran, baina berton ez zegoen lehiatzeko korrikalari nahikorik eta Ezkerraldea taldearen proposamena onartu nuen”. Hala ere, monitore jarraitzen du Beste Biran. “Ondo dago ekimen moduan, atletismoa umeei hurbiltzeko. Entrenamenduak egiten dira Larrondon, Derion eta Zamudion. Nolanahi ere, atletismoa ez da bakarrik korrika egitea, saltoak ere egin daitezke, pisua jaurti… eta inportantea da jendea horretaz jabetzea”. Entrenatzeko leku egokia izatea ezinbestekoa da horretarako.

Lagunak dira Etxebarria eta Barcia, eta Bizkaiko Txapelketan biak igo ziren podiumera 400 metroko lasterketan. “Hirugarrena izan nintzen ni. Ez nuen espero, aurreko astean belauneko arazoak izan nituen eta. Gainera, nire marka hobetu nuen: 01:01 minututik 01:00 minutura”. Bestalde, 4 x 400 errelebo-lasterketa irabazi zuen bere taldearekin. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).