1997an akordeoi-jotzaile gazte batzuk batu ziren Yolanda Ugarteren zuzendaritzapean eta Pentagrama musika-elkartea sortu zuten. “Hasiera, 10-12 kide baino ez geunden eta gure errepertorioa xumea zen: Larrosa kolorez jantzia, Hara nun diran, Euskal Herrian euskaraz… Urte bukaeran, saioa eskaini genuen eta arrakastatsua izan zenez, jarraitzea erabaki genuen”, esan digu zuzendariak.
Apurka-apurka, urterik urte, taldea “era natural” batean hazi egin da. “Semea taldean hasi zen: hasieran, akordeoia jotzen zuen, baina baxua eta gitarra jotzen hasi zenean, instrumentu horiek orkestran txertatzea proposatu zuen. Emaitza polita izan zela ikusita, beste musika-tresna batzuk ere sartu ziren taldean: perkusioa, haize-instrumentuak…”. Aldi berean, taldekideak gero eta nagusiagoak dira eta gero eta eskarmentu gehiago hartu dute eta horri esker, errepertorioa gero eta konplexuago ere egin da. “Hasiera batean, kanta sinpleak ziren, folkloreari lotuta. Hala ere, gaur egun, kanten zerrenda guztion artean adosten dugu eta denetarik jotzen dugu: rocka, popa...”.
Gaur egun 20-25 akordeoi inguruk osatzen dute taldea. Gainera, rock taldea ere badute, hau da, bateria, gitarra, baxua, tronpeta eta ahotsak. Guztira, 30 lagun inguru. “Gehienak sondikoztarrak, baina kanpoko herrietatik ere etortzen dira: Bilbo, Derio… Adinari dagokionez, batez ere 20 urtetik 30 urtera bitartekoak, baina nagusiago eta gazteago batzuk ere baditugu. Partaideak gogotsu azaltzen dira eta urtean hiruzpalau saio ematen ditugu: jaietan, San Joan, Santa Zezilia, Gabonetan… Kultur Etxean ez dugu normalean jotzen, lekurik ez dugulako (kar-kar)”, esan du Ugartek.
Zuzendariak taldearen giroa azpimarratu du. “Guztiok ezagutzen dugu elkar, harreman ona dugu… Musika maite dugu eta lagunak gara. Lantaldea eta errespetua sustatzen ditugu, guztiok garrantzitsuak garelako. Eta erabakiak ere guztion artean hartzen ditugu. Harrotasunez esan behar dut inoiz ez dela arazorik gure artean egon. Ez da marka makala 25 urte hauetan”. Tamalez, batzuek ez dute oraindik taldea ezagutzen; Ugartek kontzerturen bat zuzenean ikusteko gonbitea egin die haiei. “Gehienetan, lehendabiziko aldiz entzuten digutenean, harrituta gelditzen dira”.
“Guztiok ezagutzen dugu elkar, harreman ona dugu… Musika maite dugu eta lagunak gara"
Konpromisoa
Ez da erraza 25 urtean elkarte bat bizirik mantentzea. “Gaur egun umeek aukera handia dute, eskolaz kanpoko jarduerak egiteko eta batzuetan zaila da musika aukeratzea. Horren haritik, 20. urteurrena ospatu genuen, taldeak luze iraungo zuen ez genekielako. Zorionez, taldekideek oso konpromiso handia adierazten dute eta horri esker jarraitzen dugu. Behin, horietako batek esan zidan: “Nahiz eta zu eta biok baino ez egon, aurrera jarraituko dugu” (kar-kar). Eskertzekoa da, edozein talde kudeatzeak energia handia eskatzen duelako eta batzuetan erraza ez delako”.
Horri pandemia gaineratu behar zaio. “Itxialdiak-eta kalte handia egin zigun, batzen uzten ez zigutelako, irabazi-asmorik gabeko elkartea garelako. Eta ez genituen entseguak bultzatu nahi, kutsatzea ekiditeko. Horrek etsipena ekarri zigun, motibazioa galdu genuen. Eta izugarri kostatu zitzaidan berriro martxan jartzea”. Hori dagoeneko badago gaindituta, eta Ugarte pozik agertu da taldearekin. Hala ere, anbiziotsutzat jo du bere burua, eta etorkizunean Pentagrama apur bat handiagoa izan nahiko luke. “Urtero saio handi bat prestatu nahiko nuke eta hori hiruzpalau aldiz antzeztu. Garestia da eta ez dakit baliabide nahikorik dugun hori egiteko”.
“Urtero saio handi bat prestatu nahiko nuke eta hori hiruzpalau aldiz antzeztu. Garestia da, baina...”
25 urte
Pentagramak taldeak ondoen dakien modura ospatu zuen bere urteurrena: kontzertu erraldoiaren bidez. “Saio berezia izan da, goi-mailakoa. Herriak bat egin zuen urteurrenarekin eta talde batzuek ere hartu zuten parte: Gorantzaileak dantza taldea, Zelaia txistu taldea, Olagüe eta Txuma Olagüe Abesbatza, baita Ane Uruburu, Eneko García e Irene de León dantzariak ere. Kanta batzuetan 60 lagun egon ginen taula gainean”, azaldu digu Yolanda Ugarte zuzendariak. Kontzertua irailaren 24an izan zen Larrabarrena parkean. Errepertorio zabala eskaini zuten: Living on a prayer (Bon Jovi), Hijo de la luna (Mecano), Hallelujah (Leonard Cohen), Zombie (Cranberries), Perfume de Mujer (Carlos Gardel), Haizea (Ken Zazpi)… Filmen kantak ere jo zituzten: El rey león, El libro de la selva, El padrino... Jendea poz-pozik gelditu zen, eta gu ere bai. Oso polita eta hunkigarria izan zen”.