Artxandako zabortegia berrituko da

Aikor aldizkaria 2022ko aza. 17a, 12:27

Eusko Jaurlaritza Artxandako zabortegia (Sondika) berrituko du, hau da, isurketak hobeto sailkatzeko eta gordetzeko ontziak jarriko ditu bertan. Gaur egun, zabortegia itxita dago eta Jaurlaritzak ez du zehaztu noiz irekiko duen, baina 2030erako, 150.000 tona zabor hartzea espero du. Urte horretan, Artxandako zabortegia itxiko dute.

Jaurlaritzak zabortegien kudeaketa parte hartu nahi du eta horien kontrola zorroztu. Bizkaian, beste lau zabortegi daude: Igorre, Bistibieta, Betearte eta Zalla. Eusko Jaurlaritza lanak egingo ditu horietako batzuk handitzeko eta ondorioz, isurketa-ahalmena 4,7 milioi tona handiagoa izango da. Horrela, isurketa-beharrei aurre egin ahalko zaie 2030era bitartean. Datu horiek Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuak aurkeztu zituen atzo.

Hondakinak isuriaren ibilbide-orriak ildo bi izango ditu: batetik, isuriak minimizatzea, hau da, hondakin ez-arriskutsuen isurketak 2030ean sortutako hondakin guztien % 15 izatea; eta bestetik, 2024rako instalazioen autosufizientzia bermatzea, lurraldetik kanpora eraman beharrik gabe. Euskal zabortegiak ez dira hondakin ez-arriskutsu guztiak biltegiratzeko gauza. Jaurlaritzaren esanetan, gabezia 400.000 tona ingurukoa da. Beraz, 2020tik, Euskadik urtean 100.000 tona hondakin ez-arriskutsu eramaten ditu lurraldetik kanpo.

Jaurlaritzak Euskadiko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana egin du eta horrek hauek ditu helburu: 2030era arteko epemugarekin, birziklatzea eta balorizazioa bultzatzea; bigarren mailako materialei erabilera berriak emango dizkieten dekretuak onartzea; isurketen euskal kanona ezartzea; eta instalazio publiko eta pribatu batzuk aldi baterako zabaltzea. Kalkuluen arabera, 2022 eta 2030 urteen artean 10 milioi tona hondakin isurtzeari utziko zaio.

 

Lezamako zabortegia

Tapiaren aurkezpenaren haritik, Lezamako Udalak prentsa-oharra plazaratu du, “Lezaman ez dela zabortegirik eraikiko” esateko. “Eusko Jaurlaritzaren iragarpenak, azkenean, bat egin du Udalak duela hilabete batzuk jakinarazi duenarekin. Beti egin dugu Lezamako ingurumena babesteko apustua, gure balio nagusietako bat baita, baita lezamarren ongizatea ere. Hori dela eta, lasaitasuna helarazi nahi diegu herritarrei, eta berretsi nahi diegu gure jarrera: jarduera hori edo horrelakoak gure herrian egitearen aurka agertuko gara”, esan du Jon Ander Aurrekoetxea alkateak.

Beste aldetik, Lezamako EH Bildu alderdiak ere kaleratu du prentsa-oharra eta horrek Udalarena zalantzan jarri du. “Eusko Jaurlaritzak ez du inoiz ofizialki esan Lezaman ez dela zabortegirik eraikiko. Are gehiago, Tapiaren agerraldian, komunikatu ofizialean behintzat, ez du Lezama aipatu ere egiten”. Oposizioak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzaren hondakin-plana “2030ean” bukatuko dela, eta baldintzak betetzen ez badira, "administrazioak zabortegi berriak baimendu beharko lituzkeela”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).