Topaleku Parkea egingo da Sondika eta Bilbo arteko mugan

Aikor aldizkaria 2023ko ots. 16a, 12:07

Sondikako Udalak Artxandan dituen lursailak laga zizkion Bilbori, ingurua aktibatzeko plana garatu ahal izateko. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Artxanda Aktibatzeko Planaren baitan, 3.134.760 euro zuzenduko dituzte Topaleku Parkearen lehen fasera; haietatik 2.500.000 euro Europako funtsekin ordainduko dira. Parkea Bilbo eta Sondika udalerrien arteko mugan kokatuko da, Artxandako iparraldeko hegaleko punturik garaienean, eta ia zortzi hektareako eremua hartuko du. Lanak adjudikatu ostean, bederatzi hilabetean egitea espero da.

Egitasmoaren helburua da ingurunearen balioa nabarmentzea eta batez ere familientzat erakargarri egitea. Horretarako, izaera berritua emango zaio, sarbideak erraztuko dira, oinezkoek eta garraio publikoak lehentasuna izango dute eta umeentzako jolas-eremu berria sortuko da. Azaldu moduan, egin beharreko lanak sei eremu bereizitan eta ondoz ondoko hainbat fasetan egingo dira: lehenengo bost eremuak parkea inguratzen duten galtzada eta bideei dagozkie, eta seigarrena, barrualdeari.

Egitasmoaren helburua da ingurunearen balioa nabarmentzea eta batez ere familientzat erakargarri egitea

Lehen eremua da Aretxabaleta bidea, Nogaroko biribilgunearen eta Ballano txakolindegiaren artean 370 metro inguru hartzen dituena. Bertako galtzada zabalduko da 3,25 metroko bi errei jartzeko, eta ezkerreko espaloia ere zabalduko da (2 metro izango ditu). Eskuineko aldean beste espaloi bat egingo da: hasieran 2 metrokoa izango da, baina gero 50 zentimetrora murriztuko da, baterian 22 aparkaleku jartzeko. Era berean, oinezkoentzako pasabide bat eta bi autobus-geraleku atonduko dira.

Bigarren eremuak 500 metroko tartea hartzen du San Rokeko mendebaldeko errepidearen eta aparkalekuaren artean (funikularra). Aparkalekua autobus-aparkaleku bihurtuko da, eta aldi berean hiru autobus hartzeko lekua egongo da. Gainera, autoak aparkatzeko bi gune –bata, 32 autoetarako, eta bestea, 89 autoetarako– atonduko dira, espaloia zabaldu, eta 3,25 metroko bi zirkulazio-errei ipiniko dira. Beste aldetik, telefono-linea eta behe-tentsioko linea elektrikoa lurperatuko dira.  

Lanak sei eremu bereizitan eta ondoz ondoko hainbat fasetan egingo dira

Hirugarren eremuan, San Rokeko ekialdeko errepidean, berriz, ez da aldaketa garrantzitsurik egingo, “kalea duela gutxi konpondu da eta”. Tarte horrek 500 metroko luzera du eta amaieran biribilgune bat ipiniko da, autoek buelta eman ahal izateko. Hormigoizko horma bat ere egingo da, biribilgunearen eta jolas-gune berriaren arteko kota gainditzeko. Laugarren eremua da ekialdeko aparkalekua eta 150 metro eskas ditu. Landaretzaren zati bat kenduko da, aparkalekua handitzeko eta haren orientazioa aldatzeko, eta zirkulazioaren noranzkoa aldatuko da: bakarrik irteteko izango da, biribilgunerantz. Behe-tentsioko linea lurperatuko da.  

Artxamendi bidea da bosgarren eremua eta parkearen beheko aldeko jarraipentzat hartzen da. Oinezkoentzako guneak atonduko dira 300 metro inguruko tarte batean, eta, horretarako, hosto itxurako bide-marrak margotuko dira, funikularra eta parkearen barrualdea lortzen dituen kaletik. Seigarren eremua da parkearen barrualdea. Horrek 80.000 metro koadro inguruko azalera du eta nabarmentzekoak dira haren futbol-zelaia eta berdegune zabalak. Lehen fasean, aisialdirako eta jolasteko gune handia sortuko da bertan, eta bigarren fasean, ibilbide botanikoa izango duten berotegi bat eta urmael bat. San Roke kaleko aparkalekuaren ondoko eskailerak eta alboetako hormak kenduko dira; haien ordez, arrapalak jarriko dira. Aurreikusi da parterreak zabalagoak diren eremuetan belardiak landatzea.  

Jolas-gunea

Esan moduan, umeentzako jolas-gunea parkearen iparraldean kokatuko da, errepidetik urrunen dagoen eremuan, eta lau gune izango ditu. Gune gorriak salto egiteko zabuak edukiko ditu, eta haietako bat laukizuzen formakoa izango da, gurpil-aulkian erabili ahal izateko. Halaber, egongo dira txirrista, hamaka- eta soka-multzoa, rokodromoa, zubiak, eskalatzeko sareak eta poligono-oineko 13 eserlekuko zabua. Gune laranjan, bestalde, mendi-hegalak aprobetxatuta, bi pasabide horizontal jarriko dira, eta horietatik hamakak zintzilikatu. Bost txirrista ere ipiniko dira, eta salto egiteko bi zabu biribil.

Aldapa leunagoa dago gune berdean, eta bertan dauden 22 zuhaitz handi aprobetxatuko dira soka-jolasak ipintzeko. Zuhaitzez gainera, 40 zutoin jarriko dira hiru jolas-multzo atontzeko: sareak, sokak, zubiak, hamakak, salto egiteko zabu biribil bi… Gune urdinean, azkenik, ipiniko dira bi tirolina bikoitz, 28 eta 33 metrokoak hurrenez hurren, eta sostengu-habea edukiko duten bi zabu. Azken horiek hiru eserleku izango dituzte: bat, sehaska-formakoa; bestea, habia-formakoa; eta azkena, habia-formakoa, mugikortasun murriztuko umeek erabili dezaten.

Umeentzako zabuak, rokodromoa, soka-jolasak, txirristak eta tirolinak ipiniko dira lau gunetan bereizita

Garraio publikoa lehenetsiko da parkera ailegatzeko; hala ere, ibilgailu pribatuentzako sarbideak ere kontuan hartu beharko dira, eta parkearen eta funikularraren inguruan aparkatzeko leku-kopuruari eutsiko zaio. Nolanahi ere, aurreikusitakoaren arabera, parkea mugatzen duten kaleen erabilera aldatuko da, parkeari hegoaldean zein iparraldean jarraipena emateko: bi galtzada oinezkoentzat izango dira, eta San Roke bideko galtzadaren goiko aldea kenduko da. Gainera, Artexabaleta bideko espaloia handituko da, eta bi erraitako errepidea ipini. Auto pribatuek parkera sartzeko hiru bide dituzte gaur egun: Artexabaleta bidea, Santo Domingo eta San Roke bidea; egitasmo berria dela eta, azkena kenduko da.  

Artxanda Aktibatzeko Plana proiektu estrategikoa da eta helburu du inguruaren balioa azpimarratzea, topagune bihurtzea eta naturarekin bateragarria den jarduera ekonomikoen elementu traktore moduan bultzatzea. Horri lotuta, Topaleku Parkeaz gainera, zenbait egitasmo egingo dira, hala nola, laster amaituko den pasealeku-behatokia eta errealitate birtualaren eta areagotuaren proiektua. Bestalde, Pikeko lurzatian abentura-parkea atontzeko asmoa dago; muturreko kirola egiteko gunea, Bagatzako lurzatian; eta naturari lotutako hezkuntza-proiektua, Santo Domingon.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).