Arrate Etxeberria Ortuondo I aktorea

“Ziurgabetasuna gure DNAren parte da”

Aikor aldizkaria 2023ko mai. 5a, 14:40

Sondikoztarrak ibilbide luzea egin du antzerki inde­pen­denteko aktore moduan, eta Khea Ziater konpainiaren sortzaileetako bat da. Agertokian hainbat pertsonaiarena egin du. Berarekin lanaz mintzatu gara, sektorearen egoe­raz eta helburuz. Oihalak gora egin dezala, beraz!  

Zergatik aukeratu zenuen antzerki independentea?

Antzerkigintzan 90eko hamarkadan trebatu nintzen. Garai hartan gaztetxeen go­raldia izan zen eta lana gaur egun baino askoz kolektiboagoa zen. Antzerki independentearen munduan jarraitu dut, egiletza eta askatasuna ematen di­tuelako, eta norberaren proiektuak hau­tatzeko aukera. Bestalde, egia da an­tzerki-konpainia independente batean lan egi­teak hainbat arduratan ibili behar iza­tea dakarrela: zamalanetan, zuzendari-la­netan, sormen-prozesuan… Nolanahi ere, konpainiak lan gehiago du gaur egun, eta horrek ekarri du kideok arlo batean edo bestean apur bat gehiago zentratzea; adi­bidez, ni gehienbat aktore-lanetan na­bil orain. Dena dela,  arte eszenikoak iraupen-lasterketa dira.

 

“Antzerki independenteak egiletza ematen du; norberaren proiektuak hautatzeko aukera”

 

Zergatik?

Batzuetan lana dagoelako, eta beste batzuetan, ez. Gainera, zure burua ondo kudeatzen ikasi behar duzu, eta, honetan iraun ahal izateko, jakin arrakasta eta po­rrota ogibideko parte direla. Are gehiago, baliteke beste lan bat ere eduki behar izatea, egonkortasun apur bat gehiago izateko… Ni, esate baterako, pilates-ira­kasle nabil pilates-, dantza- eta judo-es­tudio batean, eta aurretik dantza eta an­tzerkia irakatsi diet umeei, plazaz plaza ibilia naiz umeentzako antzezlanak egiten, ope­rako figurantea izan naiz, pelikularen batean agertu… 

Duela 13 urte Khea Ziater kon­painia sortu zenuen Alex Gederiaga zu­zendariarekin batera. 

Zinemagintzaren eta antzerkigin­tza­ren arteko harreman-kodigoak iker­tzen ditugu. Hortaz, antzezlanetan gauza ba­tzuk bideoen bidez kontatzen ditugu, eta zuzenean gertatzen denarekin uz­tar­tu. Era berean, beste produkzio-mo­ta batzuen bila ibili ginen duela urte batzuk, eta oso talk show dibertigarri bat sortu genuen: Los visitantes. Zeremonia-mais­trak –neuk– gidatuta, kulturaren hainbat alorretako artistak batzen ziren agertokian, gai ba­ten inguruko gogoetak egitera, eta oso dibertigarria zen, zati batzuek gidoiari jarraitzen zioten arren, inprobisaziorako tartea ere bazegoelako. Gure produkzioez gainera, Arriaga antzokirako produkzioak ere egiten ditugu.  

 

“Zure burua ondo kudeatzen ikasi behar duzu, eta jakin arrakasta eta porrota ogibideko parte direla”

 

Pertsonon sentimenduak eta pen­tsaerak dituzue zuen ekoizpenen ar­datz; lan pisutsuak dira.

Bai, programatzaileek eta publikoak berak hala esaten digute askotan, baina jorratzen ditugun gaiak bizitzaren par­te dira azken batean. Guk guztiok di­tu­gun sentimenduak eramaten ditugu ager­tokira, modu gogorrean beharbada, baina beti saiatzen gara adierazten tunelaren amaieran argia dagoela. 

Zein izan da heldu diozun pertso­naiarik gogorrena?

NOT never on time antzezlanaren pro­tagonista, Isbelle, bizitzan egon daitekeen galerarik handienari aurre egin behar dion pertsonaia delako; gogorra izan zen. 

 

“Oso sentimendu sakonak taularatzen ditugu, baina tunelaren amaierako argia ere adierazita”

 

Eta kutunena?

Nire pertsonaia guztiak maite ditut nik. Faces antzezlana, esaterako, John Ca­ssavetes zuzendariaren filmaren egoki­tza­pe­na da eta bertan Maria Forsten pa­pera antzezten dut. Generoari lotutako al­derdiak jorratzen dira lan horretan, eta ema­kume protagonisten errealitatearen sormen-prozesua oso gogorra izan zen.  

Nahiz eta paper bakoitzak bere berezitasunak eduki, haiek prestatzeko orduan, komuneko teknikari edo pau­tei jarraituko diezu, ezta?

Gidoia ahalik eta arinen jasotzea gus­tatzen zait. Pertsonaia oso modu teknikoan lantzen dut hasieran, eta emozionala amaierarako uzten dut. Aktoreok gustuko dugu intuizioari jarraitzea eta dena lehen aldiz ondo egitea, baina konturatu naiz inportanteena teknika dela; gero landu eta sentitzen da. 

 

“Pertsonaia oso modu teknikoan lantzen dut hasieran, eta emozionala amaierarako uzten dut”

 

Taula gainean 31 urte daramatzazu; oraindik baduzu «tximeletarik» sabe­lean?

Beti. Agertokira irten baino lehen, nork bere errituala egiten du. Nik kon­tzen­trazioa eta publikoarekiko erres­pe­tua hartzen ditut oinarritzat, diru mor­doa ordaintzen dutelako antzezlana ikus­teko. Lan fisiko handia egiten dut: ar­nas­keta lantzen dut, tai-chi, txeloa ba­nintz moduan afinatzen dut nire burua… Eta gero, agertokira ateratzen naizenean eta publikoari aurre egin behar diodan lehen momentu horretan sentimendu per­tsonalak azaleratzen dira eta gogora etortzen zaizkit; nire momentua da. Dena den, teknika asko daude publikoaren au­rrean ipintzearen beldurra gainditzeko eta agertokian asko disfrutatzeko.

Nola dago antzerkiaren mundua?

Oso momentu delikatu batean: preka­rie­tate eta ezegonkortasun handia dago. Beste aldetik, uste dut publikoa sustatu eta berritu behar dugula, hura galdu dezakegun susmoa dut eta. Antzerkia eta dantza dira kultura, eta, nire ustez, umeek heziketatik eta kontsumotik hurbildu be­har dira haiengana, nork bere buruari aurre egiteko modua da eta. Gustatu ala ez gustatu, antzezlan batek beti eragiten dizu zerbait. Era berean, inportantea da antzerkigileok eta aktoreok plataforma seguruetatik lan egitea, guneak sortu ahal izateko, prekarietatea albo batera uzteko eta inbaditzaileagoak izan gai­tezen.

 

“Umeek heziketatik eta kontsumotik hurbildu behar dira antzerkira, nork bere buruari aurre egiteko modua da eta”

 

Winona & Grace hainbat aretora era­mango duzue datozen hilabeteotan; zu zuzendaritza-laguntzaile ibili zara ber­tan. Zeintzuk dira konpainiaren as­moak edo helburuak?

Beste proiektu bat dugu buruan. Guk lanean jarraitu nahi dugu, gure ekoizpenak sortu eta emanaldi gehiago egin. Izan ere, oso inportantea da antzezlanak, pro­duktuak, ahalik eta gehien antzeztea eta emanaldi-sare txikietatik ateratzea, eman­korrak izan daitezen. Nolanahi ere, egia da konpainiaren barruko errealitatea beste bat dela eta ahal dena egiten dela. Adibidez, salmenta-arloa beste mundu bateko liga da; asko nekatzen du. Gainera, zaila da Euskal Herritik kanpo ateratzera, ekoizpen asko daude eta. 

Eta zureak, aktore moduan?

Nire proiektuak aukeratzen jarraitu ahal izatea, eta lasai bizitzeko beste izan; hau da, momentu batean edo bestean proiekturik ez badut, oso larrituta ez ibili. Hala ere, zentzu batean ohitu naiz horrela ibiltzera, gure sektoreak krisialdi guzti-guztiak pairatzen dituelako: ziur­gabetasuna gure DNAren parte da. Ba­tzuetan nekatzen naiz, ez pentsa. Ogibide polita da? Bada, bai. Eta proiektu batzuk ere beste batzuk baino politagoak di­ra. Baina, azken batean, ogibidea da. Pan­demian geundela lan apur bat egin ahal izan genuen, eta gogoratzen dut be­hin poliziak gelditu gintuela. Dena zu­zen zegoela egiaztatu ondoren, esan zi­guten: Ondo pasatu! Eta nik pentsatu nuen: Baina lanera goaz… Bueno, esanak esan, gora antzerkia eta antzokiak bete di­tzagun! 

 

“Nire proiektuak aukeratzen jarraitu nahi dut, eta lasai bizitzeko beste izan”

 

 

Bizitzaren kasualitateak

Etxeberria (Getxo, 1973) kasua­litatez ailegatu zen antzerki-mundu­ra. “Orain, hausnarketa eginda, kon­tu­ratu naiz txikitan modu batean edo bestean banuela antzerkirako bo­kazioa, baina, egia esan, patuak eka­rri ninduen mundu honetara. Batxi­lergoa amaituta, Ingalaterrara joan nin­tzen ingelesa ikastera eta au pair moduan lan egitera. Itzu­li nintzenean esan zidaten la­gun baten lagunak, Mandrágora Tea­tro konpainiakoak, aktore bat be­har zue­la kaleko antzezlan batean ordez­ka­pena egiteko; animatu nintzen. Gaine­ra, dantzari lotutako beste kaleko an­tzezlan bat ikusi nuen handik gutxira, eta «ikus­pen» antzeko bat izan nuen. An­tzerkia asko gustatzen zitzaidala ohartu nintzen; hala ere, ez nuen tres­narik eta erabaki zuen antzerkigintzan tre­batzea”.

Getxoko Antzerki Eskolan eta Be­goña Zabalaren dantza-eskolan ikasia da. “Lehen ez bezala, orain prestakuntza arau­tuta dago; guk, berriz, hainbat mo­tatako ikastaroak egiten genituen eta aldi berean lan egiten genuen”. Etxeberriak ibilbide luzea du antzerki-munduan eta ibilbide horretan hainbat konpainiatan izan da, hala nola La Fábrica de Teatro Ima­ginarioan eta Ander Lipusen kon­painian. Era berean, zortzi urtean gune ez konbentzionaletako emakume nera­be­ekin lan egin du Costa Rican, lan-tre­bakuntzarako programak garatzen; pro­grama horietan dantza eta antzerkia ba­liatzen zituen. Gaur egun, Khea Ziater antzerki-konpainia independentearen par­taidea da, eta orain arte 11 proiektu era­man dituzte taulara: haien artean daude La canción de Gloria, MCTBH eta Monteverdi, elkarrizketan aipatutakoez gainera.

Aktorea duela 15 urte etorri zen Sondikara bizi izatera. Nolanahi ere, beti eduki du harreman estua Txo­rierrirekin, familia bertakoa delako. Are ge­hiago, bere aita Koldo Etxeberria da, Athleticeko futbolaria izan zena, Asuakoa. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).