Elena Bertol da Dana Gimnastika Klubaren presidentea, zuzendari teknikoa, entrenatzaile nagusia, kudeatzailea…; hau da, arima. Izan ere, kluba bere proiektu pertsonala da. Gimnastika erritmikorako grina handia du txikitatik, eta hainbat garaipen lortu ditu bere kirol-ibilbidean. Kontatu digunez, Farmazia ikasi zuen, baina aldi berean entrenatzaile zebilen kiroldegi batean. “Kaleratu ninduten, eta 10 gimnastek erabaki zuten nirekin jarraitzea: kluba 2006an sortu genuen. Oso hasiera korapilatsua izan zen, entrenatzeko leku egokia topatu behar genuelako. Bilboko eskola batean hasi ginen, eta handik ezaugarri egokiagoak zituen leku batera joan ginen, Eskurtze institutura hain zuzen. Baina pandemia etorri zen eta dena geldiarazi zuen”.
Halabeharrez ezarritako geldialdi horretan, han eta hemen begiratu zuen, ea inguruan arrazoizko lokalik zegoen. “Nire aretoa izateak ilusio handia egin dit beti. Lekuari eta altuerari dagokienez, aretoek oso ezaugarri zehatzak eduki behar dituzte gimnastika erritmikoa eroso egin ahal izateko, eta zaila da halako azpiegiturak topatzea. Nolanahi ere, Sondikan bertan, etxe ondoan, aurkitu nuen. Ikustera etorri nintzen eta hemen gaude, poz-pozik”.
“Ahalegintzen gara gimnastek euren onena eman dezaten, baina presio barik eta beti ondo pasatuz”
Gaur egun, 70 gimnasta daude Dana klubean. Sondikakoak dira, Bilbokoak eta inguruko herrietakoak. Gainera, entrenamenduak Bilbon ere egiten dituzte, Sondikaraino hurbiltzerik ez dutenek euren kirol-errutinarekin jarraitu dezaten. “Hastapen-ikastaroa dugu lau urtetik zazpi urtera bitarteko gimnastentzat, eta zortzi urtetik aurrera hasten dira eskola-kirolean lehiatzen. Dena dela, lehiaketetan parte hartzen ez duen taldea ere badugu, lehiatzea gustatzen ez zaienentzat edo oraindik lehiatu nahi duten edo ez argi ez dutenentzat. Azkenik, gimnasta federatuak ditugu, Bizkaiko, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan ibiltzen direnak”.
Hala ere, klubaren helburua ez da medailak lortzea, gimnastek kirolaz gozatzea baizik. “Ahalegintzen gara euren onena eman dezaten eta euren onena zer den jabetu daitezen, baina presio barik eta beti ondo pasatuz”. Horretarako, lantalde ederra du Bertolek ondoan. “Nitaz aparte beste bi entrenatzaile ditugu: Nerea Martinez de Lejarza eta Jone Perez, nire ikasleak izandakoak, eta nire sostengu. Fisioterapeuta ere badugu, eta kirol-psikologoa. Azken hori Marina Viejo da eta Espainiako selekzioarekin ibili da lanean”. Bere esanetan, kalitate handiko gimnastika eskaini nahi diete ikasleei, gimnasta bakoitzaren ezaugarrietara eta beharrizanetara egokituta. “Lortuz joaten garela uste dut”.
Exijentzia handikoa
Exijentzia handiko kirola da. “Ariketa batek minutu bat eta 30 segundo irauten du, eta denbora-tarte horretan urte osoan egindako lana dago jokoan. Baina nik ulertarazi nahi diet lehiaketaren minutu eta erdi hori zerbait puntuala dela, bidea askoz luzeagoa dela eta gauza batzuk ondo eta beste batzuk txarto egingo dituztela; eta horrek guztiak lagunduko diela aurrera egiten. Kontuak kontu, esan beharra dago gimnasta aurreratuagoak euren buruarekin oso exijenteak izan ohi direla”. Eskola-kirolean dabiltzanek bi orduko entrenamendua egiten dute astean hiru aldiz, eta aurreratuago daudenek, hiru orduko entrenamendua astean lau aldiz. “Dena lantzen dugu: mugimenduak, aparatuak, koreografiak… Oso pertsona bizia naiz eta gustatzen zait egiten duguna publikoarengana ailegatzea. Hori dela eta, denbora luzea ematen dut musika entzuten eta koreografiak prestatzen, gimnasta bakoitzari ondoen etorri dakiokeena aukeratzeko”.
Pentsatu liteke gutxiengoaren kirola dela, baina Bertolek esan digu ezetz. “Lehia handia dago, klub asko daudelako: kiroldegietan, eskoletan… Hainbat klubetako entrenatzaile batzuk batu gara eta talde ederra osatu dugu, elkarri hobetzen laguntzeko. Eta asko pozten gara gainerakoen garaipenez”. Hala ere, gehienbat nesken kirola da. “Klub batzuetan mutilak daude, baina korapilatsua da mutilak kirol honetara erakartzea: etortzen dira gimnastika erritmikoak bene-benetan asetzen dituelako, edo mundu honetan dabilen edo ibilia den senideren bat dutelako. Edonola ere aipatu beharra dago mutilek gimnastika erritmikoan asko aurreratu dutela eta Espainiako txapelketa propio eta guzti dutela. Danan momentuz ez dago mutilik; baten batek saiatu nahi badu, ondoetorria izango da”.
Ohiko eskola-saioez gainera, udalekuak ere eskaintzen dituzte. “Ekainaren 26tik uztailaren 14ra arte izango dira eta izena emateko epea zabalik dago. Aukera batzuk daude: goizean zein arratsaldean etortzea, bakarrik goizean… Oso ondo pasatzen dute, asko ikasi eta lagun berriak egiten dituzte”. Era berean, klubak Sondikan antolatzen diren ekintzetan hartzen du parte. “Esaterako, ekainaren 11n erakustaldia egingo dugu kiroldegian, eta San Joan jaietan ere izango gara”.
Etorkizunari begira, Bertolek ez du asmo handiko helbururik. “Nire proiektuak aurrera jarraitzea nahi dut, besterik ez. Hau da nire pasioa. Amak beti esan du nik ez dudala zaletasun bat, obsesioa baizik (kar-kar). Gozatu nahi dut, eta zoriontsua izan. Eta gimnastika erritmikoak zoriontsu egiten nau, dena ematen didalako. Gainera, neskatoak oso esker onekoak dira eta haiekin lan egitea zoragarria da”.
Saririk handiena
Apirilean, Espainiako Gimnastika Erritmiko Txapelketa izan zen Iruñean eta klubeko Naroa Alvarez txapelduna izan zen kadete kategorian. “Egia esan, ez genuen medailarik lortzeko asmorik, eta ez genuen espero. Egundoko poza hartu genuen; gainera, 200 parte-hartzaile egon zirela kontuan hartuta. Klubean ez dugu txapeldun gehiagorik, baina ezta izateko helbururik ez. Gizarteak bakarrik emaitzei ematen die garrantzia, baina zer gertatzen da medailarik lortu ezean? Bada, ezer ez. Zure bideak eta lanak aurrera jarraituko dute, eta zu ez zara gutxiago izango. Logikoa denez, entrenatzaile moduan gustatzen zait gimnastek garaipenak lortzea, baina ez lortzeak ez du esan nahi gauzak txarto egiten dabiltzala. Hori ulertu dezaten nahi dut. Inportanteena da kirolaz gozatzea, eta bideak berez egingo du aurrera. Bestalde, bere ariketa amaitu bezain laster Naroa nigana etorri zen eta eskerrak eman zizkidan; egon liteke hori baino sari handiagorik?”.