“Ez dakit kantuen esanahia nolabait galtzen ari den”

a: Modus Operandi 2023ko urr. 27a, 10:50

Iñaki Ortiz de Villalba, abeslaria

Taldeak kontzertua egin zuen Sondikan, Santa Kurtze jaietako egitarauaren baitan. Geroago, Ortiz de Villalba estudiotik atera berria harrapatu dugu, taldekideak bertan buru-belarri ibili baitira azken diskoa prestatzen. Lana Durangoko Azokarako izango da prest, eta gasteiztarrak haren xehetasun batzuk, ahal izan dituenak, kontatu dizkigu.   

Zer aurreratu ahal diguzu azken lanari buruz?

Bi disko txiki izango dira, eta ez dituzte abesti gehiegi izango; diskoetako batean beste talde batzuen bertsioak egongo dira, eta bestean, gure kantak. Aipatu beharra dago disko bietako abestiak oso ezberdinak direla euren artean; bai bertsioak, bai gure kantak… Halako lan bat egin nahi genuen, nahiko balioaniztuna, eta bide horretatik jarraitu.

Aurreko diskoetatik aldendu zarete?

Kantaren bat aurreko diskoetako abestien antzekoa izan daiteke, beharbada, eta zenbait kantatan dantza-ukitu hori ere ez dugu galdu… Baina esango nuke aurreko bi diskoetatik nahiko aldendu garela: denetarik dago eta lan bitxia da. Oso erritmo eta musika ezberdinak dira eta ikusiko dugu jendearen erantzuna zein den. Dena dela, guk bihotzetik atera zaiguna egin dugu eta hori hain zuzen plazaratuko dugu. Kantak egiteko orduan, ez gara ibili hau edo bestea “pepinazoa” izan daitekeen edo ez pentsatzen… Bestalde, zenbait doinuetatik urrundu arren, nire ustez, ahotsak eta jotzeko moduak Modus Operandirenak izaten jarraitzen dute.

“Esango nuke aurreko bi diskoetatik nahiko aldendu garela: denetarik dago eta lan bitxia da”

Ezagutzera eman duzuen lehen bertsioa da Latzen taldearen Laztana, Aiora Renteriarekin batera grabatuta; eta azkena, atzo bertan zabaldutakoa, Berri Txarraken Oreka, STR taldeko Dánaerekin .

Bertsio bakoitzak du kolaborazio bat, eta, egia esan, oso zaila izan da kolaborazio horiek lortzea: ezetz asko jaso ditugu. Pentsa ezazue, Durangoko Azokaren atarian gaude eta musikariok gure diskoak defendatu behar ditugu. Nolanahi ere, etorri dena ongietorria izan da eta kantuak, gainera, oso ondo gelditu dira; oso ezberdinak dira eta oso pozik gaude emaitzarekin.

Beste esparru batzuetan gertatzen den moduan, musika kontsumitzeko era oso azkarra da gaur egun. Nola baldintzatzen zaituzte horrek?

Guk beti esan dugu hau ez dela auto baten piezak egitea. Guk fisikoa ez den pieza bat, abesti bat, saltzen dugu, baina sentimendua, maitasuna… duena eta beste garai batzuetara eraman zaitzakeena, pertsonak gogora ekarri… Esanahi handia du, eta ez dakit hori nolabait galtzen ari ote den… Kantu bat kontsumitzen dugu eta hurrengoaren zain daude. Abiadura hau ez zait gehiegi gustatzen, egunero egiten eta egiten egon behar delako; eta ez dakit nik gertatu litekeen egiten duenak, hainbeste egin duenez, egun batean gehiagorik ez egitea… Beste abiadura bat egotea gustatuko litzaidake, kantuak hausnartzea, lehen Cdek eta biniloek zuten zentzua berreskuratzea, diskoak osorik entzutea, ze behin entzunda askotan kantuek ez dute askorik esaten… Hala ere, gaur egungo gazteak, eta jendea orokorrean, ez dago horretarako prest. Bata bestearen atzean kontsumitzen dugu eta zaila da zirimola horretatik atera.

Kontzertuetan nabaritzen da?

Bai. Bakarrik lauzpabost kantu ezagutzen dituztenez, gainerakoak ez zaizkie interesatzen eta alde egiten dute edo barrara joaten dira; eta gero itzultzen dira, jotzen zabiltzana gustatzen zaielako. Zaila da horren kontra borrokatzea. Nire ustez, gizarte-sareek eta telefono mugikorrek oso eragin handia izan dute portaera horretan. Dena oso azkar doa eta ematen du dena iragarri behar duzula; gaur hor zaude, baina bihar bukatu daiteke. 

“Dena oso azkar doa eta ematen du dena iragarri behar duzula; gaur hor zaude, baina bihar bukatu daiteke”

Nola datoz hurrengo hilabeteak?

Diskoa Durangoko Azokarako kaleratuko dugu, eta aurkezpen-biratxoa egingo dugu: besteak beste, Durangoko Ahotsenean eta Kafe Antzokian izango gara. Era berean, ateraz joaten diren kontzertuak egingo ditugu, eta plazaz plaza ahaleginduko gara jendea gureganatzen.

 

Betagarrik 30 urte

Hogeita lau urteko ibilbidearen ostean, Betagarri taldea desegin zen eta bere abeslariak, Iñaki Ortiz de Villalbak, beste proiektu bat ipini zuen martxan: Modus Operandi. Taldeak bi lan ditu kalean, Modus Operandi eta Dantza gaitezan hil arte, eta ska eta rocka oinarritzat hartuta, beste erritmo batzuekin ere ausartu dira, hala nola funka, punka, salsa eta popa. Laster hirugarren lana kaleratuko dute, eta haren promozio-birari ekingo diote.

Hala ere, Ortiz de Villalbak beste hitzordu garrantzi batzuk edukiko ditu datozen hilabeteetan, Betagarri taldearen sorreraren 30. urteurrenaren harira zenbait kontzertu antolatu dituzte eta. “Urteurrena aukera ezin hobea da berriro zerbait egiteko. Entseguak egiten gabiltza eta esan beharra dago banda oraindik sasoian dagoela; jendea pozik dabil, eta gogotsu. Printzipioz badakigu kontzertua egingo dugula, abenduaren 20an eta 30ean, Gasteizeko Jimmy Jazzen; urtarrilaren 6an, Iruñeko Totem aretoan; eta urtarrilaren 12an eta 13an, Bilboko Kafe Antzokian. Kontzertu gehiagorik egongo den ez dakigu; etorkizunak aginduko du”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).