“Pandemia gaindituta, aurten bereziki ahalegindu gara parte hartzea bultzatzen duten ekintzak antolatzen”, azaldu du Laura Martinezek, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko euskara-teknikariak. Eta hasteko, “Elkarrizketa musikatuak” antolatu dituzte azaroaren 27rako. Derioko Gurea Aretoan, institutuko ikasleak Iker Villa (STR) eta Malentxo Zeberio (Mirua) musikariekin egongo dira eta euren musika-ibilbidea hurbiletik ezagutzeko aukera izango dute; guztira bi saio. “Gazteek bi hilabete daramatzate lanean: ikasgeletara abeslarien materiala bidali dugu, eta hori lantzen dabiltza. Gainera, talderen bat musikariekin batera agertokira igotzera animatuko dugu, ea lortzen dugun!”.
Bestalde, eskoletako umeentzako ekintzetan 1.171 umek hartuko dute parte. Ekintzak Sondikako kiroldegian egingo dira eta hara hurbiltzen direnek sorpresa atsegina hartuko dute, lekua aireportu bihurtuko delako eta, hortaz, ume guztiek aireportuan daudela pentsatuko dute; oraingoan euskararako bidaia izango da. “Sondikako eskolako ume guztiak dabiltza prestatze-lanetan. Ikasleak bertatik pasatzeko ibilbidea egongo da, check in egiteko lekua, hegazkineko laguntzaileak, pilotuak, maleta galduen bulegoa… Egia esan, lan itzela egiten dabiltza. Bestalde, seigarren mailakoek aurkezpena egingo dute saio bakoitzean eta horietan aireportuetan gertatzen diren bitxikeriei buruzko esketxak antzeztuko dituzte”. Ohi den moduan, seigarren mailakoek bertsoa ere sortu dute eta hura herri ikastetxe guztietako ikasleei irakatsi zaie, gero, saio bakoitzean, elkarrekin kantatu dezaten.
Azaroaren 28an, Urpekakariak antzezlana izango da 7 urtetik 9 urtera bitarteko umeentzat. Lanku taldearen antzezlana da eta gidoia Miren Amurizak eta Ane Labakak idatzi dute; lanaren helburua da, modu sotilean eta umoretsuan, umeak beren gorputzari begira jartzea eta aniztasunaz, sexualitateaz, genero-rolez hausnartu dezaten zirikatzea. Hurrengo egunean, hilak 29, Eidabe taldearen Gora bihotzak! musika- eta dantza-ikuskizuna izango da lau urtetik sei urtera bitarteko umeentzat; eta abenduaren 1ean, Euskaraokea, 10 urtetik 11 urtera bitartekoentzat. “Ikastetxeetara 134 euskal kanta bidali ditugu, ikasleek gustukoenak aukeratzeko. Orotara 19 abesti eramango dira agertokira: talde bakoitzak bere abestia aukeratu du eta hori abesteaz gainera, koreografia ere egingo du. Era berean, ekintza honetarako beharrezkoak diren azpiegiturak, esaterako, pantailak, hobetu dira”.
Publiko orokorrarentzat
Barikuan hasita, abenduak 1, eta asteburu osoan zehar, publiko orokorrarentzako ekintzak egingo dira. “Pandemia aurretik arrakasta handia zuen formatua berreskuratu dugu bariku arratsalderako. Horrela, 19.00etan, bertso-saioa izango dugu Sondikako Kultur Etxean. Gorondaganeko seigarren mailako ikasleek aurkezpena egingo dute, eta oholtza gainean ikusiko ditugu Etxahun Lekue, Maialen Akizu, Jon Maia eta Jone Uria; gai-jartzailea Idoia Anzorandia izango da”. Bertso-saioa amaituta, Taberna Ibiltariak euskal kantaz beteko ditu herriko txokoak. “Kultur Etxean bertan hasi, eta Sondika osoan ibiliko gara abesten. Kanten letrak banatuko ditugu parte-hartzaileen artean, guztiok batera abestu ahal izateko”.
Zapatu arratsaldean, 19:30ean hain zuzen, Zuhaitz Gurrutxagaren Futbolistok bakarrizketa gozatzeko aukera egongo da Kultur Etxean. “Umorezko bakarrizketa da, oso ona eta publiko zabalarentzat, gazteentzat zein helduentzat”. Domekako goiza, azkenik, magiaz beteta etorriko da. “Alain Zulaika magoak familiako magia-ikuskizuna egingo du 11:30ean, Kultura Etxean; eta horren ostean, magia-tailerra egongo da Ludotekan, umeek eurek magia egin dezaten”. Ekintza guztiak doakoak izango dira eta Kultur Etxera sartu ahalko da lekuaren edukiera bete arte.
“Jendea etortzea eta ekintzetan parte hartzea espero dugu. Ekintza erakargarriak antolatu dira, adin guztientzat, eta parte-hartzera gonbidatzen dutenak. Azken batean, jendearengan ilusioa piztu nahi dugu, Euskararen Eguna haien eguna dela sentitu dezaten. Izan ere, Euskararen Eguna denona da, eta denok aldarrikatu eta bultzatu behar dugu”. Hala izan bedi.