Zelan irten zen Sondikako saioa?
Oso ondo. Gurasoek askotan laguntzen didate magia-saioetara, eta denok esan genuen beharbada azken urteetako saiorik onena izan zela; bai nire aldetik, bai lekuaren eta publikoaren aldetik. Gainera, tailerra egin genuen eta hura ere oso ondo irten zen; hain ondo, ezen, hainbeste ume zeudenez, azkenean bi tailer antolatu behar izan genuen. Umeek oso ondo pasatzen dute tailerretan, baina gurasoek ere bai, azkenean truku pare bat ikasten dute eta. Bueno, egia esan, ez dakit hobeto nortzuek pasatzen duten: umeek edo gurasoek (kar-kar).
Sasoian daude magia-ikuskizunak?
Nire sentsazioa hurrengo hau da: umeek beti dute magia-ikuskizunak ikusteko gogoa eta ilusioa, baina gazteek eta helduek, berriz, ez dute interes hori azaltzen. Horrek pena handia ekartzen dit, nire ustez, magia garrantzitsuagoa baita helduentzat umeentzat baino. Izan ere, umeak etengabe dabiltza ikasten eta deskubritzen, eta, ondorioz, egunerokotasunean askotan bizi izaten dute magia-sentsazioa. Helduok, ordea, ohituta gaude egunerokotasunera eta ez ditugu umeen sentsazio horiek bizi izaten… Nik esango nuke Euskal Herrian orokorrean ez dela gertuko magia asko ikusten. Nolanahi ere, egia da umeentzako ikuskizun asko egiten direla, baina ez hainbeste nagusientzat.
Nagusiak konbentzitzea gehiago kostatzen da?
Nire iritziz, umeak zein helduak trukua deskubritzeko asmoarekin etortzen dira magia-ikuskizunetara. Baina, jakina, ume batzuek berez sinesten dute magian, eta beste batzuk truku on pare bat ikusita hasten dira sinesten. Gurasoak, bestalde, magoa jatorra dela eta haien lepotik barre egiteko agertokira ateraraziko ez zituela ikusita hasten dira animatzen (kar-kar); eta ulertzekoa da, arreta berenganatzea gustatzen ez bazaie. Dena dela, gertuko magian, adibidez, ez da parte hartzeko arazorik izaten, mundu guztia eroso sentitzen da eta. Gainera, magook baditugu gure moduak jendea erakartzeko.
Psikologia ere erabiltzen duzue?
Pixka bat bai. Azken batean, enpatia oso garrantzitsua da magian eta magook pertzepzioekin jolasten gara. Egia ez den irudia edo eszenarioa sortzen dugu poliki-poliki, eta ikusleak pentsatzen du gauza bat ikusten dabilela, baina horren atzetik tranpak daude. Gu horiek jolasten gara, eta ezinezkoak sortzen saiatu.
“Enpatia oso garrantzitsua da magian eta magook pertzepzioekin jolasten gara”
Zein formatutan sentitzen zara gusturen?
Bizitzaren momentuaren arabera. Hala ere, argi daukat gertuko magiak gainerako formatuek ez duten indarra duela. Adibidez, eszenatokiko magia oso interesgarria, dibertigarria eta ikusgarria da, eta soinuarekin eta argiekin jolasteko aukera ematen du. Baina gertuko magia, zure eskuetan gertatzen dena, ezin hobea da. Magia hori egiten dudanean, jendeak beti esaten du «Nola liteke? Ni hemen nago eta!». Gehien entzuten dudana da «Ostia! Zein kabroia!» (kar-kar).
“Gertuko magia, zure eskuetan gertatzen dena, ezin hobea da”
Lur orotako magoa zara.
Inertziak poliki-poliki eraman nau hara. Lehen magia-saioa 12 urte nituela egin nuen, anaiaren urtebetetze-festan, taberna batean. Ondoren, beste taberna batetik deitu zidaten bertan magia-saioa egiteko; eta ondoren, eszenatokiko saioa egiteko… Kalean ere magia egin daitekeela ikusi nuen, eta kaleko saioak prestatu nituen; enpresetarako ikuskizunak ere bai…
Magia opari
Gazte elgoibartarrak txikitan osabak magia-ikuskizunetara eramaten zuela du gogoan, eta noizbait Magia Borras jolasa oparitu ziotela. Hala ere, buruan fresko-fresko du Txan magoak agertokira atera zuen eguna; zortzi urte zituen. “Gauza zen agertokian zegoen pertsonarentzako trukua zela; hau da, Txan magoak objektuak desagerrarazten zituen nire buruaren gainetik eta, nik izan ezik, gainerako guztiek trukua ikusten zuten. Baina nik truku hori aurretik nuen ikusita eta banekien nola egiten zuen; hala ere, ez nuen ezer esan, Txan magoari ikuskizuna ez hondatzeko eta publikoak ondo pasatu zezan”.
Ondoren, 12 urterekin, Oliver magoaren magia-udalekuetara joan zen Gatikara. “Egunero mago bat etortzen zen eta saioa egiten zuen eta trukuak ikasten genituen. Etxera itzuli nintzenean magoa izan nahi nuela esan nien gurasoei”. Harrezkero mago moduan trebatzen hasi zen, eta horretarako, hainbat liburu irakurri, eta Interneten informazioa bilatu eta bideoak ikusi. Era berean, lehen Bilbon zegoen magoen eskolan ikasi zuen. “Kongresuetara eta jaialdietara joanda ere izugarri ikasten da, beste mago batzuekin geldituta, haiengandik ikasita… Ispiluaren aurrean ere orduak eta orduak eman behar dira trukuak lantzen. Orain, adibidez, ez ditut kartak hainbeste erabiltzen, baina gogoratzen dut gaztetxoa nintzela ez nuela ezta egun bakar bat ere ematen, eskuetan kartak izan barik”. Magoek etengabe berritu behar dituzte ikuskizunak eta trukuak. “Juan Tamariz handiak, 81 urte dituenak, dio oraindik jarraitzen duela ikasten; beraz, pentsa ezazue, gazteok! Hasieran gainerako magoengandik ikasiz joaten da, haiek imitatzen, eta pixkanaka-pixkanaka norbera bere bertsioak, trukuak… sortzen hasten da”.
Magiak erabat harrapatuta du gaztea. “Alde batetik, polita da guztien arreta zeureganatzea; eta bestetik, magia oparitzat jotzen dut, eta, nire ustez, jendeari magia, esperientzia ezberdin bat, oparitzea baino ederragorik ez dago”. Hurrengo egunetan magiaz beteta etorriko dira eta Niala magoaren ikuskizuna gozatzeko aukera egongo da hainbat herritan; Aulestin eta Getxon, haien artean.