“Eskolazain bat da McGyver bezalakoa, baina gidoi barik”

Aikor aldizkaria 2024ko urt. 5a, 10:15

Goio Polo Martinez, Sondikako eskolazaina

Goiok 41 urte daramatza atezain Sondikako eskolan, eta aurtengoa bere azken ikasturtea izan behar zen, erretiroa hartzeko garaia heldu zaio eta. Hala ere, eskolan hain dago gustura, ezen lana beste urte batean luzatzea eskatu baitu. Zergatia hurrengo lerroetan kontatu digu. Bestalde, bere eginkizunetara eta zaletasunetara ere hurbiltzeko aukera eman digu.   

Zergatik jarraitu nahi duzu lanean?

Bada, berton oso pozik nagoelako eta nire lana asko gustatzen zaidalako. Gainera, uste dut sozialki eskolan etxean baino gehiago irabaziko dudala. Ea luzapena ematen didaten!

“Asko gustatzen zait nire lana; gainera, sozialki eskolan etxean baino gehiago irabaziko dut”

Zer egiten duzu lanean?

Eskolako ateak zabaldu eta ixteaz gainera, aztertu behar dut ur-, berokuntza- eta elektrizitate-sistemek ondo funtzionatzen duten. Matxura txikiez ere arduratzen naiz, eta handiak direnean teknikariei deitzen diet. Era berean, irakasleei laguntzen diet ahal dudan guztietan. Eskolako edozein txokotara begiratu, eta ziur asko, nik egindako zerbait topatuko duzue; esaterako, Korrika Txikirako lekukoa. Iaz, material birziklatua erabilita egindako Gabonetako zuhaitzen lehiaketa antolatu zuen aireportuak, eta eskolak zuhaitz solidarioa aurkeztu zuen eta guztiok ibili ginen horretan laguntzen. Atezain bat da McGyver bezalakoa, baina gidoi barik; ilusioarekin eta gogoarekin.

“Eskolako edozein txokotara begiratu, eta ziur asko, nik egindako zerbait topatuko duzue”

Zein da alderik onena?

Etortzea eta jendearekin egotea. Umeekin ere badut harreman ona, magia-trukuak eta guzti egiten dizkiet. Era berean, guraso asko ezagutzen ditut, txikitan bertan ikasi zuten eta.  

“Umeekin ere badut harreman ona, eta guraso asko ere ezagutzen ditut, txikitan bertan ikasi zuten eta”

Eskola asko aldatu da 41 urtean, ezta?

Bai, hasi ginenean gaztelaniaz ikasten zen; gero, gaztelaniaz eta euskaraz; eta azkenean, bakarrik euskaraz. Aldaketa horiek oso gogorrak izan ziren…

Euskara ikasi behar izan zenuen?

Euskaldun berria naiz, baina eskolan hasi baino lehen ikasi nuen euskara. Soldaduzka Lesakako mutil batekin egin nuen eta behin esan zidan bizkaitarrok gure burua euskaldunontzat izan arren ez genekiela euskaraz egiten; horrek ukitu ninduen eta esan nion Lesakara joango nintzela euskara ikastera. Eta joan, joan nintzen. Sei urte-edo eman nituen euskara ikasten, eta gaztelania titulurik ere eskatzen ez zidatenez, bada, ez nuen euskara titulurik atera… Gero, udalak PL2 eskatu zidan eskolan lan egiteko, eta atera nuen. 

Eraikinak berak ere aldaketa asko izan ditu.

Eskolako lehen eraikina 1985ean egin zen; eta Haur Hezkuntzako eraikina, 2008an. Lan handiak egin dira, eta patioan estalkia ipini. Nire ustez, azpiegitura onak ditugu eta ikastetxe erosoa da. Gainera, ondoan kiroldegia dugu eta umeak hara joaten dira gimnasia egitera… Eskolan 280 ume inguru daude. Irakaskuntza ere asko aldatu da…

“Nire ustez, azpiegitura onak ditugu eta ikastetxe erosoa da; eskolan 280 ume inguru daude”

Adibidez?

Lehen ume guztiak joaten ziren etxera bazkaltzera; orain, aldiz, eskolara etortzeak esan nahi du bertan bazkalduko dutela. Gainera, euren gainean gabiltza, eta presa helarazten diegu.

Presa?

Bai. Zertarako nahi du lau urteko ume batek ingelesa ikastea? Momentua ailegatzen denean arazo barik ikasiko du! Bitartean, nire ustez, onura handiagoak ekarriko dizkioten gauzak egin ditzake, adibidez, musika edo dantza; edo lotsatia bada, antzerkigintza.

Umeak ere aldatu dira?

Bai, lehengo umeekin alderatuta, gaur egungoek ez dute maleziarik. Lehen, umeek gehiago aztertzen zuten zer bihurrikeria-edo egin… Gainera, gaur egungo gurasoek gehiago daude umeen gainean: zer bazkaltzen duten eta zer ez, zer egiten duten eta zer ez… Dena kontrolpean izan nahi dute.

“Lehengo umeekin alderatuta, gaur egungoek ez dute maleziarik; gurasoek, bestalde, gehiago daude euren gainean”

Atezainaren lanaz gainera, parte-hartze aktiboa duzu eskolako bizitzan, ikasturtean zehar antolatzen diren ekintzetan, jaietan… Gozatzen duzu?

Asko. Izan ere, ederto pasatzen dut irakasleekin eta ikasleekin lanean, antolatze-lanetan parte hartzen… Eskolaren parte naizela sentitzen dut. Gabonetan gaude orain, oso garai politean umeekin partekatzeko; hala ere, nire iritziz, gizartean orokorrean, Gabonak ez zaizkien gustatzen mezua zabaltzen dabiltza asko, eta ez dira konturatzen umeei sozialki ilusioa zor diegula.

“Ederto pasatzen dut irakasleekin eta ikasleekin lanean… Eskolaren parte naizela sentitzen dut”

Nolako balorazioa egiten duzu eskolan egindako ibilbideari buruz?

Erabat positiboa. Pentsa ezazue: erretiroa hartzeko gogorik ez!

Orduan, ez dizugu etorkizuneko planei buruz galdetuko…

Ez dut planik. Nire edadearekin ez da planik eduki behar, ilusioa baizik. Dantza egin, ondo bizi eta ondoan duguna, momentu txiki horiek, disfrutatu. Bidaia handia egiteko aukera badator, aprobetxatu, baina bitartean hobe da lagunekin biltzea eta zurito batzuk hartzea.

“Nire edadearekin ez da planik eduki behar, ilusioa baizik, eta momentu txikiak disfrutatu”

 

  

Saltsa guztietako perrexila

Sondikan jaio zen duela 64 urte, eta Deriora ezkondu zen. Hala ere, lan-loturaz gainera, lotura sozial estu-estua du bere jaioterriarekin, eta hango eragile aktiboa da. “Herriko saltsa guztietan ibili naiz. Esaterako, oraindik Bilbotik desanexionatuta ez geundela, jai-batzordea eratu genuen eta udaletxera joan ginen jaiak guk geuk antolatzen uzteko eskatzera. Hirurehun mila pezeta eman ziguten, eta diru horrekin eta han eta hemen lortu genuenarekin lortu genuen jaiak antolatzea. Era berean, Inauterien jai-batzordearen sorreran parte hartu nuen, eta Sondikako Klubeko presidentea izan naiz 24 urtean”. Masajista ere ibili zen bertan zein Getxon. “Futbol-taldeek orokorrean hutsune hori zutela ikusita erabaki nuen masajista moduan trebatzea”.  

Txikitan Gorantzaileak taldearen dantzaria izan zen, eta duela zazpi bat urte taldean sartu zen berriro. “Taldearen 50. urteurrenaren harira antolatutako ekintzetan hartu nuen parte, eta beste behin piztu zitzaidan grina”. Ez zitzaion asko kostatu gorputza berriro dantzan ipintzea, bere esanetan, oso pertsona aktiboa da eta. “Bendejeroa ere banaiz. Amaginarrebak postua zuen Erriberako merkatuan, eta nik zapatuetan hara joaten jarraitzen dut; ortuan landatzen ditudan sasoiko produktuak saltzen ditut han. Eskolatik atera, eta ortura joaten naiz lan egitera. Gimnasioa da niretzat (kar-kar)”. Baserrian 27 sagar-mota ditu, eta zuhaitzei buruzko ikastaroak egin ditu. “Argazkigintza ere ikasi nuen, eta herrian antolatutako zenbait lehiaketa irabazi. Horri lotuta, Sondikako elizatearen kondaira liburuan agertzen diren argazkiak nireak eta Josu Astobietarenak dira”. Era berean, egurra lantzen ikasten ibili zen hiruzpalau urtean, eta ondoren, sukaldaritza-ikastaro batean. “Bigarren umea jaio zenean, dena utzi nuen arreta osoa bi seme-alabei emateko”.

Klase askotako zaletasunak ditu, baina, zalantza barik, bitxiena da mundu osoko harea biltzea. “Bilduma 2006an hasi nuen. Menorcan nengoela burura etorri zitzaidan munduko lekuaren arabera harea zein ezberdina den, eta biltzeari ekin nion. Etxean bi mila laginek osatutako bilduma dut gaur egun. Lagin batzuk nik neuk hartu ditut bidaietan; beste batzuk Interneten trukatu ditut; eta beste batzuk lagunek eta senideek ekarri dizkidate euren bidaietatik. Lagin bakoitza saio-hodi baten sartuta dut”. Hare guzti-guztiak bereziak direla dio. “Pentsa ezazue; bikote bat eztai-bidaian Isla Mauriciora joan da, eta bikotekide batek bost minutu lapurtu dizkio besteari, harea batu ahal izateko; horrek ez du preziorik”. Hare-bilduma ikusgai ipini du zenbait lekutan, eta ziurtatu digu ahal duen arte jarraituko duela han eta hemengo harea batzen eta zabaltzen.     

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).