Akordioa datozen egunetan argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, eta 20 egun baliodunez egongo da jendaurrean. Akordioan jaso dutenez, Bilboko Udala izango da tramitazioaren kudeatzailea, “eragindako azaleraren zatirik handiena Bilboko udalerrian baitago eta Sondikako lurzati batzuk berarenak baitira”, azaldu dute.
2021ean, Bilboko eta Sondikako Udalek Artxanda Aktibatzeko Plana garatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu zuten, ingurunea dinamizatzeko eta suspertzeko estrategia bateratua abian jartzeko. Hala ere, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Bilbo Metropolitarreko Lurralde Plan Partzialean (BMLPP) ere jaso da Artxandari dagokion beste plan bat: Artxandako Parke Metropolitarra. Aipatu beharra dago BMLPPren berrikuspena izapidetze-fasean dagoela gaur egun.
“BMLPPren berrikuspenean zehaztutakoaren arabera, Artxandako eremu zentrala eta bere ingurunea udalez gaindikoak izateak justifikatzen du Eremu Zentraleko Bateragarritze Plana eta Udalez Gaindiko Plan Berezia egin eta izapidetzea –bai eta hiri-eremuak garatzeko plan bereziak ere, udalerri bakoitzeko bat–“, jakinarazi du Bilboko Udalak. “Baina Lurralde Plan Partziala harago doa, eta, horrez gainera, esplizituki adierazten du ingurumena lehengoratzea funtsezkoa dela udal-administrazioen jardunerako. Horregatik, hirugarren helburua Lurzoruak Erremediatzeari eta Ingurumena Lehengoratzeari buruzko Bateragarritze Plana onartzea da. Azken gai horri dagokionez, eraginpeko lursailak 257.603 metro karratu ditu, Artxandako zabortegi zaharrari eta inguruei dagozkionak. Horietatik % 78,60 Bilbokoak dira; % 14,99, Sondikakoak, eta % 6,41, Erandiokoak”.
Adierazitakoaren arabera, hiru udalek helburu nagusiak dira “Artxandako eremu zentrala aisialdi-eremu moduan dinamizatzea eta aisialdi- eta gozamen-guneen baldintzak eta ezaugarriak hobetzea”. Euren esanetan, horretarako, hurrengo irizpideak hartuko dituzte kontuan: eremuak lurralde-ingurunearekin duen lotura hobetzea; aisialdi-erabileren eta natura-erabileren arteko oreka egokiari eustea; mugikortasun atseginagoa sustatzea eta lortzea, BI-3752 errepidea bere eremu zentralean sosegaturik; kalitateko berdegune jarraituak sortzea; aisia-jarduera sustatzea; lehendik dauden eraikinak berrerabiltzeko neurri egokiak zehaztea; Artxandako aisia-ingurunean batez ere ekipamenduen erabilera sustatzea eta horretarako ezarri beharreko neurri egokiak zehaztea; eta Artxandako ingurumena erremediatzeko eta berreskuratzeko proiektuetan gara daitezkeen jarduketak integratzea eta hirigintza aldetik antolatzea. “Hori dela eta, hiru udalok sinatu dugu hitzarmena; inguruko lurralde- eta hirigintza-antolamendua garatu ahal izateko, zeina egungo eta etorkizuneko errealitate fisikoaren esku-hartze eta planifikazio beharretara egokitzen baita”.
Gastuak eta jarraipena
Hitzarmenean jaso dutenez, Bilboko Udalak bere gain hartuko du bere udal-mugartean dagoen azalerarekiko eta Sondikan dauden eta bere titulartasunekoak diren lurzatien azalerarekiko gastu proportzionala; Erandiok eta Sondikak, berriz, beren udal-mugarteetan dagoen azaleraren zati proportzionala hartuko dute beren gain –Sondikaren kasuan, Bilbokoren jabetzakoak diren lurzatiei dagokien azalera kenduta–. Era berean, Jarraipen eta Kontrol Batzordea eratuko da. Batzorde horrek hitzarmena betetzen dela gainbegiratuko du, hitzarmena aplikatzean sor daitezkeen interpretazio-arazoak ebatziko ditu, eta akordio osagarriak proposatuko ditu, besteak beste. Batzorde hori erakunde sinatzaile bakoitzeko ordezkari bik osatuko dute.
Jendaurreko informazioaren fasean, hiru udal-administrazioetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira alegazioak edo idazkiak. Udal-plangintzako aholkularitza-kontseiluen beharrezko txosten eta irizpenak beste udalei bidaliko zaizkie, jakinaren gainean egon daitezen. “Hitzarmenean adierazitako lanak lau urteko epean egin behar dira, hitzarmena sinatzen denetik aurrera. Epe hori beste lau urtez luzatu ahal izango da”.