Topaleku parteak ia zortzi hektareako eremua hartzen du, triangelu-itxurakoa: San Roke bidea, ekialdean, iparraldean eta mendebaldean; eta Aretxabaleta eta Artxandamendi bideak, hegoaldean. Azaldutakoaren arabera, elkarri lotutako zenbait gune ditu jolasguneak, eta hainbat adinerako umeentzako jolas asko: salto egitekoak (haietako bat, gurpil-aulkian erabiltzeko), txirrista, hamaka- eta soka-multzoa, rokodromoa, zubiak, eskalatzeko sareak eta kolunpiodromo bat (poligono-oina duen zabu-multzo bat, 13 eserlekukoa). Era berean, mendi-hegalaren maldak aprobetxatuz, bi pasabide horizontal jarri dira, eta horietatik mota askoko hamakak zintzilikatu. Pasabide horietatik, gainera, luzera eta malda ezberdinetako bost txirrista abiatzen dira. “Jarduketa guztiak –eta bereziki jolasgunea– ingurunean integratu dira, dauden zuhaitzak errespetatuz”, adierazi dute.
Bideei dagokienez, parkearen barruan pasealeku bat sortu da, San Roke bidetik barnealderantz, arrapalan, “eta horrela, jolasgunera heltzeko irisgarritasuna hobetu da”. Parkea inguratzen duten galtzadetako aparkalekuak berritu dira, eta berriak sortu. “Guztira, ibilgailuetarako 54 leku gehitu dira, haietatik hiru mugikortasun urriko pertsonentzat, eta autobus turistikoetarako ere ipini dira hiru leku. Horrela, proiektuaren gainerako faseak amaitzen direnean, parkearen barrualdea oinezkoentzako soilik izango da, auto bakoa”. Hala, Aretxabaleta bidean espaloiak sortu, eta zoladurak eta hormak berritu dira –370 metro inguru–, Nogaroko biribilgunearen eta Txakoli Ballanoko biribilgunearen artean. Bertan, baterian aparkatzeko 22 leku sortu dira, eta lehendik zeuden bi autobus-geltokiak berritu dira. San Roke errepidean, bestalde, funikularraren aparkaleku zaharretik 500 metroko tartean, lekua erabat birdiseinatu da, eta autobusetarako aparkaleku bihurtu, hiru autobusetarako tokia duela. Aurrerago, beste aparkaleku bat egin da 32 autoetarako, eta haren ondoko galtzada zabaldu da, “parke osoan planteatutako gainerakoekin homogeneizatzeko”, eta 3,25 metroko bi errei egin dira.
Azaldu moduan, inguruan eragindako bi zerbitzu lurperatzeko aprobetxatu da: telefono-linea eta behe-tentsioko linea elektrikoa. Beste aldetik, San Roke errepidean “ez da aldaketa handirik egin, espaloia zein galtzada duela gutxi konpondu baitira”. Eremu horretako azken zatian, hala ere, biribilgune bat sortu da, “ibilgailuek bi noranzkoko baina errei bakarreko bide batean buelta eman ahal izateko”. Hormigoizko horma bat ere egin da, “parkearen barruan biribilgunearen eta haurrentzako jolasgune berriaren arteko kota gainditzeko”.