Azaldutakoaren arabera, saioetan eskualdeko bertsolariek hartzen dute parte, eta, esperientzia aberasteko, belaunaldi ezberdinetako bertsolariak dira. Gainera, egoitzetako langileek aldez aurretik aztertzen dute egoiliarrei zer bertso zahar eta herri-kanta gehien gustatzen zaien, eta “horrela, esperientzia pertsonalizatuagoa eta esanguratsuagoa” eskaintzen da. Bertso Ardatz ekimenaren onuren artean hauek azpimarratu dituzte: egoiliarren osasun psikoemozionala hobetzen du; musikaren bidez depresioari-eta aurre egiten laguntzen du; pertsonen arteko harremana sustatzen du; eta egoiliarren, langileen eta bertsolarien arteko lotura indartzen du. “Bertsolaritzak euskal kulturaren protagonista aktiboak bihurtzen ditu egoiliarrak, ikuspuntu ludiko batetik, eta haien parte-hartzea eta ongizatea sustatzen du”. Saioak pixkanaka-pixkanaka egiten dabiltza ekimenarekin bat egin duten zahar-egoitzetan.