Lehenengo eta behin, zorionak. Zer sentitu zenuen zure lantaldearen buruen izenak entzun zenituenean?
Eskerrik asko! Bada, oso poz handia. Jadanik urte batzuk dira Karmelerekin eta Sergiorekin lan egiten dudala, eta biak dira nire mentoreak. Ezin dut azaldu momentu horretan zelako poza sentitu nuen… Eta ez bakarrik makillaje eta ile-apainketaren taldeagatik, pelikula osoagatik baizik, ze oso ekipo polita osatu dugu, eta hortaz, saria jasotzeak oraindik poz handiagoa ematen dizu.
Saria lantaldearen buruek jaso zuten, baina bertan hainbat profesional izan zarete lanean.
Makilaje eta ile-apainketaz gainera, efektu-makillajea ere egon da, pertsonaia zahartzen denean, aktoreak protesiak dituelako, eta, bai, hainbat lagun egon gara lantaldean: Amaia eta Karmele, makillajean; Sergio eta biok, ile-apainketan, Esti laguntzaile genuela; eta Nacho eta Yaiza, efektu-makillajean. Baita Nachoren estudioko langileak ere.
Meritu handiko lantzat jo dute adituek, protagonista nagusia, Marco, bere bizitzaren zenbait arotan karakterizatu behar izan duzuelako.
Bai, ze azkenean ez da fikziozko pertsona bat, benetako pertsona baizik, eta hortaz, bere estetika plagiatu behar da. Gainera, Marcok oso estetika zehatza zuen, ilea tindatu egiten zuen, bibotea… Era berean, aktoreak, Eduard Fernándezek, loditu behar zuen, eta alde horretatik ere zaila izan da. Gainera, pelikulan gazteagoa zenetik zahartzarorako aldia hartzen denez, kronologikoki ere aldaketa fisikoa behar zuen.
Zelangoa izan zen filmatzea?
Ederra. Nire ustez, Moriarti Produkzioak-eko zuzendariak Euskal Herriko onenak dira, lantaldeko partaideak direlako. Beste proiektu batzuetan, beharbada, zuzendariak euren kabuz ibiltzen dira, baina Moriartiko zuzendariekin lan egitea lagunekin lan egitea bezalakoa da, eta oso giro polita sortzen dute. Eduardekin ere oso harreman polita izan genuen: oso pertsona interesgarria, jatorra eta hurbila da. Kontuan hartu behar da, filmatzera ailegatzen direnean, aktoreek lehenengo eta behin makilaje eta ile-apainketara joan behar dutela, eta bertan ordu asko egin; ondorioz, harreman polita sortzen da. Eduardek, esaterako, ordu bi eta erdi inguru egiten zuen egunero gurekin, Marco moduan karakterizatu genezan. Itzela izan da berarekin lan egitea.
Eta zelangoa da aktore bat karakterizatzeko prozesua?
Egia esan, lan gehiena nagusiek egiten dute. Gidoia irakurtzen da, eta liburu bat irakurtzea bezalakoa da: gidoia irakurriz joan ahala pertsonaia nolakoa izan daitekeen imajinatuz joaten zara. Nolanahi ere, normalean zuzendariek esaten dizute zer nahi duten edo buruan zer duten. Gero, nagusiek ere ideiak aztertzen dituzte pertsonaia sortzeko, eta ideiak zuzendariei «saltzen» dizkiete.
Pelikuletan zein telesailetan egiten duzu lan, zeintzuk dituzu nahiago?
Biak gustatzen zaizkit, baina diferentea da. Badakizu pelikula bat filmatzeak bi hilabete-edo iraun dezakeela, eta gero, amaitzen denean, pena ematen du, batez ere lantaldearekin gustura egon bazara. Baina polita da, aldi berean, gure lanaren alderik politenetakoa baita jende asko ezagutzen dugula eta lagun asko egiten ditugula. Telesailetan lan egitea ere ederra da, baina gogorra, batzuetan. Balenciaga telesaila, adibidez, oso polita izan zen, baina garaiko telesaila zenez, lan eta prestaketa handiagoa eskatzen zuen, eta figurazio aldetik ere aktore askorekin lan egiten genuen egunero. Ordu asko sartu behar genituen egunero, jo ta ke.
Egindako lanen artean, zein azpimarratuko zenuke?
Bada, esandakoa esanda ere, Balenciaga telesaila, txikitatik miresten dudan diseinatzailea delako. Belgikako Fabiolari egindako soinekoa zuen amamak buruan, eta amamarekin askotan joan izan naiz Balentziagaren museora. Hortaz, Karmelek telesaila egingo genuela esan zidanean oso hunkigarria izan zen niretzat. Gainera, zuzendariak Moriartikoak izan ziren, eta oso lantalde handia osatzeaz gainera, oso giro polita sortu genuen guztion artean.
Zein zuzendarirekin egingo zenuke lan berriro?
Haiekin, zalantza barik. Haiekin lan egingo nuke mila aldiz. Enrique Urbizurekin ere bai, bera ere beste taldekide bat delako. Oso ondo sentiarazten zaituzte lanean.
Eta norekin gustatuko litzaizuke lan egitea?
Bada, egia esan, ez dakit; ez dut pentsatu.
Zertan zabiltza orain?
Madrilen nabil, Victor Garcia Leonen Altas capacidades pelikulan lanean. Martxoaren amaieran, beste proiektu batean sartuko naiz Madrilen ere bai.
Zein da zure amets zinematografikoa?
Gero eta proiektu gehiagotan eta handiagoetan lan egitea, eta nire lana eta profesionaltasuna hobetuz joatea. Eta istorioak kontatzen jarraitzea, jakina, ze oraindik inportantea da istorio asko kontatzea; esate baterako, Soy Nevenka pelikulan moduan. Halako proiektuetan parte hartzea gustatuko litzaidake, eta lantalde polita sortu.
Madril eta Sondikaren artean
“Goenkale telesaila asko gustatzen zitzaidan txikitan. Hainbeste urte iraun zuenez, denboraldi batzuetan adi-adi egoten nintzen pantailari begira, beste batzuetan uzten nion ikusteari, eta beste batzuetan «engantxatzen» nintzen berriro. Hala ere, beti pentsatzen nuen itzela izan behar zela bertan lan egitea”. Euskal telesail ospetsuak, beraz, piztu zion mundu zinematografikoan lan egiteko gogoa.
Hamasei urte zituela ikasi zuen ile-apainketa. Derion zenbait urte lan egin ondoren, bere burua trebatzen jarraitzea erabaki zuen. Irudi pertsonaleko aholkularitzari buruzko goi-mailako gradua egin nuen. Praktikak non egin topatu behar izan nuen, eta EITBko Miramoneko estudioetara deitu nuen, Amaia eta Karmele Solerrekin harremanetan ipintzeko. Praktikak haiekin egin ahal nituela erantzun zidaten, eta horrela sartu nintzen telebista-munduarekin. Handik bi urtera-edo deitu zidaten lehen proiekturako”.
Lehen egitasmo hori izan zen El silencio de la ciudad blanca (2018), eta harrezkero 19 proiektutan hartu du parte, hala nola Competencia oficial eta Maixabel pelikuletan eta Libertad eta Patria telesailetan, aurreko lerroetan aipatutakoez gainera, beste batzuk aipatzeagatik. “Proiektuak bata bestearen atzetik etortzen dira. Nolanahi ere, egia da mundu honetan ez dagoela ezer finkorik: batzuetan badakizu proiektu bat amaituta beste batean sartuko zarela, baina beste batzuetan pare bat hile eman ditzakezu geldirik”. Sondikoztarra Txorierri eta Madrilen artean bizi da. “Lanagatik eta bikotekidea bertan bizi delako, baina Sondikara itzultzeko intentzioa dut beti”.