Bigarren aukerak dituzu hizpide film laburrean. Zer kontatu ahal diguzu argumentuari buruz?
Hirurogeiko hamarkadako testuinguru- an kokatu dut. Oso familia txiro batek ume jaioberria du, eta bizimodua era batean edo bestean atera behar dutenez, erabakitzen dute zezen zuhar bat erostea; gainera, aipatu beharra dago erabakitzeko orduan ez dutela aukera askorik. Alegi kostunbrista da eta western krepuskularraren ñabardurak ditu, baina pistolarik gabe. Zezena antagonista edo iheslaria da, eta familiaren aurka borrokatu behar du. Euskal western poetiko eta intimista bilakatzen da azkenean.
Zure familian kontatzen den istorioa hartu duzu abiapuntutzat.
Aitite Santiagok berari gertatutako istorioak edo pasadizoak kontatzen zizkidan oheratzeko orduan, ipuinak izango balira bezala, eta istorio hau zegoen haien artean. Etxeko guztiek zekiten ipuina zela sinetsita nengoen hasieran, baina koskortu ahala konturatu nintzen benetako istorioa zela. Film laburrean jaso dut, luzaroan iraun dezan.
Non grabatu duzu?
Baserri bakar bat badirudi ere, film laburra bi baserritan filmatu dugu: Orozkoko Olabarri baserrian eta Mallabiko Ibutx baserrian. Hiru hilabete baino gehiago eman ditut Bizkaian zehar, herri batetik bestera, baserriak topatzeko, apainketa eta atrezzoa direla eta, argi nuelako bizitzaz betetako baserriak izan behar zirela. Filmatzeak lau egun iraun zuen, eta 15 minutuko lana da. Hasiera batean, Txorierrin filmatzea pentsatu nuen, baina nahiko aurrekontu handiko proiektua izan da, eta bertako udalek ez dute baliabiderik honelako egitasmoak finantziatzeko.
Baliabide nahikorik izan duzu filmatzerako?
Besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker lortu dugu proiektua aurrera atera- tzera. Laurogei mila euroko aurrekontua behar izan dugu, eta erakundeek emandako diruaz gainera, neuk ipini dut dirua nire poltsikotik, eta beste ekoiztetxe bik ere –monndo eta Katxarreria Films– egin dute diru-ekarpena.
Zer kontatu ahal diguzu lantaldeari buruz?
Lantalde gaztea izan da gehienbat, baina prestakuntza handikoa. Lerro hauetatik aldarrikatu nahi dut zinema-eskolei babes handiagoa emateko beharra. Izan ere, momentu honetan zinema-profesional asko behar dira Bizkaian, eta Euskadiko zinema-eskoletan hain zuzen trebatzen dabiltza. Garai batean, berriz, Madrilgo zein Bartzelonako edo Hollywoodeko etorri behar izan dira bertoko ekoizpenak aurrera eramateko.
Aktoreei buruz?
Aitor Borobia eta Ane Pikaza dira aktore nagusiak, biak eskarmentu handikoak, eta zazpi hilabeteko haurtxoa Ekiotz Galindo sondikoztarra da. Kepa Errastik eta Patxi Santamariak ere badute papertxoa.
Eta zezena?
Alegre du izena eta Bermeokoa da.
Espero duzu ekainerako-edo film laburra muntatzen amaitzea. Zein ibilbide izatea espero duzu?
Bada, jaialdien zirkuituan sartu eta mundu osoko festibaletatik mugitzen ahaleginduko naiz. Ametsik handiena Goya, edo Oskar, sarietara joatea da.
Txorierriko euskaraz
Garciak adierazi duenez, sondikoztar guztientzako omenaldia ere bada Zezena eta umea film laburra. Izan ere, aurreko lanak herrian bertan filmatu ditu, baina oraingo honetan ez da horretarako aukerarik egon. Hori dela eta, lana Txorierriko euskaraz filmatu du. “Gainera, uste dut istorioari errealismo handiagoa ematen diola”. Hizkuntza-aholkulari Andoni Solorzano sondikoztarra ibili da. “Igorrek gaztelaniaz eta batuan pasatu zidan gidoia, eta nik Txorierriko euskarara moldatu dut. Hizkera eta ahoskera landu dut aktoreekin, eta ahalegindu gara bokal bakoitza bere lekuan sartzen. Ez da erraza izan, eta zailtasun handiagoak edo txikiagoak izan dituzte bakoitzak hitz egiten duen euskararen arabera. Gainera, kontuan hartu behar da aktoreek hainbat alderdi izan behar dutela kontuan: euria, begirada nora, zer esan behar den, zein momentutan… Ni saiatu naiz guztiek antzera egiten eta Txorierri inguruko euskara mantentzen”.
Zaintza-lanek ere badute pisua film laburrean. “Eszena polit-polita dago aitaren eta umearen artean. Aitak lo-kanta bat abesten dio haur txikiari, eta haien arteko lotura islatzen da. Bada, lo-kanta hori Andoniren familian abesten dute, eta Obabatxue da. Hitzak mantendu ditugu, baina doinua moldatu dugu film laburrerako”, aipatu du Garciak.