“Duela zenbait mende bazuten generoa ulertzeko eredu malguago bat”

Aikor aldizkaria 2025ko uzt. 4a, 12:25

Bakarne Altonaga Begoña · Ikertzailea unibertsitatean

Garai bakoitzak bere kezkak ditu. Eta kezka horiek ezin dira alde batera utzi iraganari begiratzen diogunean. Generoa eta diferentzia sexuala eztabaida askoren protagonista dira egun. Eta bere bilakaera historikoa interesgarria da oraina ulertzeko. Horretan dihardute generoaren historialariek. Horretan dabil Bakarne Altonaga Begoña (1988, Sondika), ikertzaile eta irakasle EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatean.

2018an Gorputzak iragatean: generoa eta diferentzia sexuala euskal gizartean Antzinako Erregimenaren krisian tesia argitaratu zenuen. Zer kontatzen duzu bertan?

Master amaierako lanaren garapena izan zen tesia. Niri interesatzen zitzaidan Euskal Herriko zein Espainiako diskurtso erlijiosoetan, bereziki ilustratu ez zirenetan, zer motatako genero iruditeria eraikitzen zen. Zergatik? Bada, hurrengo susmo hau nuelako: gaur egungo ikuspegiarekin alderatuta, genero-iruditegi aurreilustratu edo antimoderno horretan bazegoen gizonen eta emakumeen arteko harremanak eta diferentzia sexuala ulertzeko oso forma ezberdin bat. Horrek eraman ninduen XVIII. eta XIX. mendeetako euskal kanon literarioaren zenbait egile irakurtzera –elizgizonak denak noski– , bai euskaraz, bai gaztelaniaz idatzi zutenak. Zer ikusi nuen hor? Bada, genero-iruditeri aurremodernoek hein handi batean oso ikuspegi sozial hertsia, hierarkiakoa eta misoginoa konbinatzen dutela, baina, aldi berean, badutela diferentzia sexuala ulertzeko eredu malguago bat. Emakume gorputza eta gizon gorputza eta haien arteko trantsizioak zer ziren ez zegoen diskurtso zientifikoaren eta biologiaren bidez hain finkatuta.  XIX. mendeko iraultza liberalean gertatzen da aldaketa hori.

Zein desberdintasun sumatu duzu generoa eta diferentzia sexuala ulertzeko lehengo moduaren eta gaur egungo eraren artean?

Oso gizarte hierarkikoa zen, ez zen aberastasunean oinarritutako klase gizarte bat. Baina garai hartan gorputzak ulertzeko diskurtsoak eta gorputzak sentitzeko erak beranduago garatu zen ikuspegi zientifizista, biologista eta esentzialistatik desberdintzen zen. Ikuspegi erlijioso eta mitikoek zuten garrantzia handiagoa gorputza ulertzeko unean, eta horrek ekartzen zuen generoak pertsonen posizio sozialak baino garrantzia gutxiago zuela. Horrek ekar zezakeen generoaren mobilitate handiago bat. Horrek esan nahi du generoaren ikuspuntutik gizarte irekiagoak zirela? Ez. Genero kategorizazioa ez zegoen hain lotuta gorpuztasun jakinetara eta gorputzaren iruditeri zientifizistetara eta materialistetara. Horregatik izan zitekeen mobilitate handiago bat.

Genero trantsizioak izaten ziren?

Ezin da esan gizarte tolerantea zenik, baina XX. mende erdialdeko gizartearekin alderatuta, arazo gutxiago zituen, emakume batek gizon baten ardura eta estatus soziala hartu ahal zuela, baita gizontasunaren trazak ere, onartzeko. Hor badaude adibide batzuk, nik ikertu ez ditudanak, nire ikerketa garaien arteko trantsizioa izan delako, baina adibide paradigmatikoena Catalina de Erausorena da. Bere ausardia militarrari esker gizon bezala onartu izan zuten. Hori bakarrik da posible testuinguru batean, zeinetan beste mota bateko bertuteek generoak duen pisua gainditzeko gaitasuna daukaten. Bere jardun militarrari esker onartu zitzaion bere gizon estatusa.

Gaur eguneko genero iruditeria ilustraziotik dator?

Zorionez, duela hamarkada batzuetatik hona, feminismoari esker, ikuspegi hori deseraikiz doa. Baina XIX. mendetik aurrera eta XX. mendean nagusitu zen binarismo esentzialistak ilustrazioan eta liberalismoak garatu zuen genero iruditerian du jatorria. Genero harremanak gizartea antolatzeko botere harremana diren heinean, XIX. mendetik aurrera ikuspegi hori finkatzen da, diferentzia sexuala antolatzea politikoki interesgarria delako. Ikuspegi zientifikoan oinarritzen dira horretarako, begirada berri bat zeinek desberdintasunak ikusten hasten da gorputzetan. Diferentziak beti ikusi izan dira, baina ikusteko modua aldatzen da. Hori ez da neutroa, nahi politiko bati erantzuten dio gizartea ordenatzeko eta era jakin baten antolatzeko. Emakumeak izango dira beharizan batzuk bermatuko dituztenak, gizonezkoek beste batzuk bermatuko dituzte…

2017an, Manuel Larramendi bekari esker Guziak dantzari: dantzari buruzko eztabaidak eta generoa euskal probintzietan (XVIII-XIX) lana argitaratu zenuen.

Tesirako Euskal Herriko elizgizonen eta moralisten testuak aztertzen nenbilela, konturatu nintzen aurreko mendeetan dantza gai polemikoa izan zela. Polemikaren muina beti zen gorpu- tzen arteko gertutasuna: dantza arriskutsua zen, emakumeen eta gizonen gorputzak, baita gizonen eta gizonen gorputzak ere, hurbil egoteko aukera ekartzen zuelako. Garaiko elizgizon batentzat gertutasun hori begirada soil bat ere izan zitekeen. Horretan jarri nuen interesa. Ez nuen ikertu euskal dantzak, tradizioa, koreografia... nola sortu ziren; nire helburua zen erromerietako dantzak sozialki nola ikusten ziren aztertzea. Eta konturatu nintzen elizgizon guztiek ez zutela ikuspegi berdina: Larramendik, adibidez,  gipuzkoarren bikaintasun morala defendatzen zuen dantzen bitartez; Añibarrok, ordea, bakarrik ikusten zuen bekaturako arriskua. 

Filosofian lizentziatua zara, eta historia garaikidearen irakaslea unibertsitatean. Zure ikerketen esparrua generoaren historia dela diozu.

Nire ikerketa generoaren eta emakumeen historian kokatzen dut, bai. Gure iturri metodologikoak eta gure iturri teorikoak, halabeharrez, diziplinartekotasunean oinarrituta daude. Antropologiatik, filosofiatik, soziologiatik edota historiatik datozen ikerketetatik eta teorizazioetatik edaten dugu. Generoa eta emakumeen historiaren ikertzaileontzat, Judith Butler edo Donna J. Haraway bezalako filosofia teorilarien ekarpenak oso garrantzitsuak dira, baina baita Joan Scott bezalako historialarien lana ere. Hala ere, guk sortzen dugun diskurtsoa eta ezagutza historikoa da, historiari egiten diogu ekarpena.

Zein da iragana eta orainaren arteko erlazioa? Zein begirekin begiratzen diogu iraganari?

Nik pentsatzen dut hor badagoela klabe bat. Iragana ulertzeko asmoz dugunbegiradan dauden kezkak beti dira orainaldikoak, neurri batean. Horrek ez du esan nahi ni iraganera begiratzen dudanean oraina justifikatzen duen zerbaiten bila ibili behar dudanik, baina ezin ditugu gaur egungo kexak alde batera utzi, nahiz eta anakronismoak ekidin nahi. Historiak laguntzen digu generoaren desnaturalizazioa egiten: gorputz, diskurtso, sentipen, kosmobisio eta iruditerien desnaturalizazioa egiteko oso lagungarria da iraganari begiratzea. Bertan ikus baitezakegu gorputzen iruditeriak eta sentipenak eta gizon eta emakumeen arteko harremanak zeharo ezberdinak izan direla historian zehar. Horrek laguntzen digu ulertzeko gure gaur egungo iruditeriak iraganekoak bezain eraikiak direla, besterik ez. Hori posible izan da 80eko hamarkadatik aurrera teorizazio feministak egin duen generoaren deserainkutzari esker. Begirada berri horrek lagundu digu iragana beste begiekin kontatzen.

Azken aldian gertatzen ari den feminismoaren aurkako oldarraldiaren jomuga ere badira zurea moduko ikerketak. Baldintzatuta sentitzen duzu zure burua?

Batetik, oso penagarria izan da mugimendu feministaren baitan, mugimendu sozial giza ulertuta, izan den banaketa. Ikuspegi esentzialista eta transfobo baten alde egin dutenen eta ikuspegi trans-feministago baten aldekoen artean izan den apurketa. Ikerketari dagokionez, nik ez dut, momentuz, presiorik sentitu. Baina jakin badakigu AEBko akademian presio horiek gero eta nabariagoak eta arriskutsuagoak direla. Ez du bakarrik autozentsura eragiten; ikerketen finantziazioan ere eragina du: erakunde publikoek erabaki dezakete “genero”, “emakume” edo “maskulinitate” berba daraman ikerketa bat ez finantzatzea. Horrek suposatzen du ikaragarrizko atzerapauso bat ezagutzaren sorkuntzan. Esango nuke momentuz hemen ez dugula hori bizi, baina ikusten duguna oso kezkagarria da.

 

Ikertzailearen  bizitza unibertsitatean

Sondikoztarrak kontatu digunez, oso karrera profesional luzea da ikertzailearena. “Karrera bukatu eta gero, masterra egiten duzu. Masterrak emango dizu abagunea ikerketa galdera bat sortzeko, eta hori bihurtuko duzu gero zure tesi-gai. Tesia egiten emango dituzu, seguru asko, lau urte. Finantziazioa lortu dezakezu urte horietarako, badauzkagu aukera dezente. Tesia amaitzen duzunean eta doktore zarenean duzun aukera da ikertzen jarraitzea, hau da, beka postdoktorala lortzea”. Unibertsitatean irakasle ordezkapenak egiteko aukera ere agertu ahal da. “Horrek pixkanaka akreditazio prozesuak pasatzeko aukera emango dizu. Behin lortuta, aukera duzu plaza lortzeko aurkezteko”. Altonagak 2018an bukatu zuen tesia eta 2023an lortu zuen doktore-laguntzaile plaza. “Doktore-laguntzaile izan behar duzu lau urtez. Orduan hasiko zara zure lanpostua egonkortzen. Egoera oso ezberdinak bizi ahal dituzu bidean: badago jendea doktorego tesia diru-laguntzarik gabe egiten duena, badago jendea ordezkapenak lanaldi murriztuan egin dituena (horrek eragin zituen EHUn mobilizazio garrantzitsuak duela urte batzuk). Baina bereziki ziurgabetasuna da kezkagarriena. Urte askotan ibili behar duzu lanean jakin gabe finkatzea lortuko duzun”. Horri guztiari lankideen arteko lehia gehitzen zaio. “Gure ikerketa produktibitatearen arabera ebaluatzen da, gero eta gehiago argitaratu, hobeto. Produktibo izatearen behar horrek eragiten dio ikertzaileen arteko lehiari; plazak lortzeko zailtasunetan… behartuta zaude, une oro, idazten egotera”.