Urteak zeramatzan Deriok pediatrarik gabe, orain arte zerbitzua familiako medikuak edo beste mediku motak ematen baitzuen. Antza denez, lanpostua ordutegi zatituarekin eskaintzen da, eta, Udalaren arabera, horrek ez zion mesederik egiten plaza hori estaltzeari. Halere, ekainetik pediatra perri bat dago Derion.
“Garrantzi handiko errefortzua da haurrei zuzendutako lehen mailako arreta-zerbitzuarentzat”, adierazi du Derioko Udalak Beitu udal aldizkarian. Denbora luzez egon dira derioztarrak eskatzen ordezkari politikoei pediatra bat lortzeko haurrei gertuko arreta emateko, eta udal gobernuak adierazten duenez hainbat herri bileratan aipatu da gaia. “Orain Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren eta Derioko Udalaren arteko harremana indartu egin da, eta, hori dela eta, lorpen hau herrira heldu da”, adierazten dute udal gobernutik. Honekin lotuta Apirileko oso bilkuran udalbatzak onartu zuen EH Bilduko mozio bat haurrek osasun arretarako duten eskubidea bermatzeko, eta aho batez onartu zuten talde politiko guztiek.