Ane Albisu, ikerlaria

Aikor aldizkaria 2006ko abe. 20a, 17:18

Atondu; atzoko oroimena, gaurko lekukotasuna eta biharko iturria Azaroaren 23an Zamudioko liburutegiak antolatutako hitzaldira hurreratu zan Ane Albisu. Iluntze horretan moztu, barrenak hartu eta josi beharreko hitzak hurrengo honeek izan ziran: atondu, jantzia eta, gehien bat, janzkera.

Ane Albisu irakasleak eta ikerlariak ekainean argitaratu eban Atondu liburua. “Azken 15 urteotan egindako lanaren atal bat da; A rgia dantza taldeko Ikerfolk Sailaren proiektua, hain zuzen be”, azaldu eban. Dantzak ez ezik jantziak eta janzkera be ikertu ebazan proiektu horretan. “Jantzia inportantea da; azken batean lehenengo ikusten dana hori da. Gure herriizatea adierazi nahi izanez gero -eta ez bakarrik dantzei jagokenez-, zelan egingo geunke? Hau da, hori edo bestea euskaldunon jantzia dala esateko, zer daukagu? Ba, baserritarren jantzia”. Bere berbetan, hori da “gure jantzi nazionala”. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran baserritarrak eta arrantzaleak ziran gure kulturaren baloreak –hizkuntza, janzkerea…- gordetzen ebezanak. “Eta XX. menderaino heldu jaku baserritar jantzi baltza, tantoduna”. Holan, euskal jaietan eta erromerietan aitite-amamen arropak edo baserritarren arropak erabiltzen hasi ziran janzkeratzat. Urteak aurrera egin ahala, janzkera hori estandarizatu, eta jantzi bihurtu da. Beste era batera esanda, toki askotan, jantzi bera erabiltzen da erromeri giroan zein beste era bateko ekintza sozialean (ezkontza eta bataio errepresentazioak, sari banaketak...) Baina aproposa da hori? Atondu proiektuak horren moduko galderei erantzuna emotea dau helburu. “XIX. eta XX. mendeen hasierako janzteko modua aztertu, eta modu horretan oinarritutako jantzi batzuk egin genduzan. Gure baserritar jantziaren sorburura joan ginan, eta jantzi horren alternatiba batzuk proposatu genduzan, hainbat egoera ezberdinetan erabiltzeko. Izan be, lan giroan edo erromeri giro baten janzten dan arropa, ezkontza, bataio... batean be janztea ez da aproposa”. Beste alde batetik, tradiziozko jantziak eta janzkera zibila be ezberdindu egin behar dira. Lehenengoak Pirinioetan, Erronkarin, Aezkoan eta Zaraitzun baino ez dira mantendu. Horiek festarako edo egoera berezietarako aproposak dira. Janzkera zibila, barriz, Euskal Herri osoan mantendu da. “Hori herri janzkera da; baserritar eta arrantzaleen janzteko era”. Antzinako jantzien kopia egiteko orduan, hainbat faktore neurtu eta errespetatu behar dira (koloreak edo oihal-motak, esate baterako), kopia hori ahalik eta zehatzena izan dadin. “Dokumentu grafikoak ondo aztertu behar doguz, eta gizakia, garai horretako egoera ekonomikoa eta beste arlo batzuk be kontuan hartu behar dira. Ez da gehiegikerietan ibili behar”. Atondu proiektuan ibili diranek 300 bat jantzi-diseinu egin dabez, eta bertan, janzkera duina eta txukuna proposatzen deuskue. Jantzi horreetako ezaugarririk garrantzitsuenak zapia eta txapela doguz. “Beti jarri behar dira. Bizkaia izan da buruko zapia galdu dauan azken lekua”. Zango eta oinetan galtzerdi baltzak eta abarketa zuriak jantzi behar dira; edo artilezko galtzerdiak eta narruzko edo gomazko abarkak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).