Testua: Gotzon Barandiaran; Argazkiak: Niko Moreno; Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa.
Etxahun Lekue larrabetzuarrak bigarren egin zeuen joan dan abenduan Euskalduna Jauregian jokatu zan Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Txapelketaz gainera, bertsolaritzaz be aritu gara beragaz.
Egizu zeure saioaren irakurketa.
Zortziko nagusien ez neuen biderik egokiena hartu, kontrara pareu nintzelako, eta igual lagun eginda, saio hobea egingo genduleko. Baina nik ikusi neuen lehenengo bertsotik hori zala hartu behar neuen postura eta saio txukuna izan zala uste dot, hortik gorakorik ez; Arkaitz ni baino hobeto ikusi neuen. Zortziko txikien gustura eta gusturen, lehenengo zatiko beharrari jagokonez, hamarreko txikien: pentsetan dot hiru bertsoak onak izan zirela, hirugarrenagaz, ganera, gaia nahiko ondo erremateu neuela. Gero, puntuari erantzuten normal, beste munduko ezer egin barik eta bakarkako beharragaz ez nintzen lar gustura geratu; bertso biak bete neituzen, problema barik bete neituzen, baina ezer askorik esan barik. Hortik urten eta pentseu neuen niretzat saioa hortxe akabeu zala eta gustura egon nintzen neure buruegaz saio dexentea egin neuelako, batez be urte bi lehenago ez nintzelako bape sentsazino onagaz geratu finalaren ostean. Atzealdera joan ginenean erlajatu egin nintzen, Xabiri esan neutson nik neuk behintzat bera ikusten neuela buruz burukorako. Barriro jesarri ginen eta orduan etorri zan arrastiko momenturik larriena niretzat. Buruz burukora pasetan nintzela esan zeurienean poztu egin nintzen baina baita larritu edo blokeatu be eta zortziko txikien hastea kosta egin jaten: lehenengo bertsoa sano txarra bota neuen, trabeu egin nintzen bi hiru biderrez eta eskerrak akabeu zan bertsoa beste akats nabarmenik egin barik. Hortik aurrera trankildu egin nintzen, ez dakit, bertso hain txarra botateak trankildu edo mesede egin eusten eta hortik aurrera sano gustura egon nintzen, bai zortziko txikiko bertsoatan, bai sei puntukoatan eta bakarkakoagaz be bai. Eta hortik aurrera kriston poza hartu neuen. Emaitzak hartu aurretik neure burua bigarren ikusten neuen, baina sano gustura egon nintzen, sano pozik neure buruagaz.
Zenbateko garrantzia euki dau txapelketa honek Bizkaian?
Unai Iturriaga eta Igor Elortza ez egokeran, erreafirmazio bat izan dala uste dot. Guk badakigu zenbat egiten dogun bertsotan, baina hori jendeari erakutsi egin behar jakon. Aurrekoetan apur bat eklipseta geratuten zan Bizkaiko bertsogintza Unai eta Igorren azpian, eta jendeari erakutsi egin behar jakon badagoela beste talde bat eta ez txikia bertsotan egin ahal dauena. Izan be ez gara bakarrik finalean egon garen zortziak, gure antzeko mailan dabilen talde handia dau Bizkaian.
Pentsetan dot jendearen erantzuna izan dala inportanteena. Izan be inoizko handiena izan da.
Eta zenbateko garrantzia euki dau zeuretzat?
Nik ez dotsiet inportantzia lar emoten holango gauzei. Nik txapelketa lehiatu egiten dot, ahalik eta ondoen egitera urtetan naz. Gainera gustatu egiten jata, horren atxakiz bertsolari lagunekaz batu eta prestatu egiten garelako. Gero horrek zer ekarriko dauen? Ez dakit eta ez doste ardura.
Zelan hasi zintzen bertsotan?
Zortzi bat urtegaz hasi nintzen Larrabetzuko bertso-eskolan. Orduan nagusien eta umeen taldeak egoazan. Ni umeen taldean nengoan eta nagusiena desagertu eta gurea bakarrik geratu zan. Xabier Arriaga Txiplas zan gure irakaslea. Gero Joseba Etxebarria eta Joseba Paketek hartu zeurien ardura. Eskolako bosgarren mailan Jon Lopategi hasi zan eskolara etorten eta beragaz batuten hasi ginen. Hortik bapateko txapelketetan parte hartuten hasi gintzezan . Seigarren mailan nengoala hartu neuen lehenengoz parte Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan, nahiko sufriduta gainera. Gerora bakarrik lotu nintzen, bertso-eskola desagertu egin zan eta saiotxo batzuk eta Kanpatxuko barnetegietara joan arren, bertsolaritzagaz lotura handirik ez neuen euki.
Beranduago, eskolarteko txapelketak utzi eta nagusien Bizkaiko Txapelketan parte hartzea erabaki neuenean Zornotzara joaten hasi nintzen. Bertan batzen ziren Ibon Iza, Kepa Intxausti, Arkaitz Ugartetxea eta Beñat Gaztelurrutia eta hori niretzat mundu barri bat izan zan: esperientziadun bertsolariak ziren eta pilo bat ikasi neuen eurengandik. Ikasketak amaitu eta segiduan bertsoak irakasten hasi nintzen eta orain oso harreman estua dekot bertsoagaz; bertsoetatik bizi naz, bertsolaritza da nire lanbidea eta sano gustura nago. Gauza asko emon dostez bertsoak, lagun piloa, eta holan nagoen bitartean aurrera egingo dot.
Bertsolari lez, zer uste dozu hobetu behar dozula?
Ez dakit, nire gabeziarik handiena ideia falta izango da; nik ez dekodaz beste bertsolari batzuk dekiezan ideia apurtzaileak. Horixe da faltan botaten dotena. Horixe da jendeari gustetan jakona. Neuri be, bertsozale lez, gustetan jatena da, bertsoa ondo formuleta eta goitik behera etortzeaz ganera, batez be, ideia originalak botatea, espero ez dozuna entzutea.
Zelan ikusten dozu bertsozaletasuna Larrabetzun?
Larrabetzun badau, ez txapelketa sasoian soilik, berrogei laguneko taldea beti erantzuten dauena, herrien eta inguruen bertso-saioren bat antolatuten danean, erantzuten dauena. Hori inportantea da herrien bertsozaletasuna sustatuteko eta atzetik datozenek be ikusteko zaletasuna badagoena.
Eta Txorierrin?
Ba pena da, baina ez dau holangorik eta gatx ikusten dot sustatutea, bertsozaletasuna ez dalako berez sortuten. Saiorik egiten ez bada, ez da bertsozalerik berez sortuko. Bertsozaleak, telebistatik, gutxi zaletu dira, gutxi-edo.
Bertsozale Elkarteko langilea zara eta hezkuntza arautuan bertsolaritza erakusten dozu eta gehienbat guraso erdaldunak dekiezan ikasleak dekozuz. Zein da euren erantzuna?
Ba, bertsolaritza badekie, ez dekie Ingurunea edo Natur, orduan, normalean, jarrera nahiko ona da. Baina ez bertsoa ikaragarri maite deurielako, ez bada matematika emotea baino dibertigarriagoa dalako. Danetarik dau baina normalean eskolatan oso ondo hartzen deurie.
Orduan, hori da elkarteak etorkizunerako dekon erronketako bat?
Bai, baina ez dakit zenbateraino izan ahal garen anbiziosoak. Izan be, bertsozalea izateko euskara jakin behar dozu, bertsoa ulertuteko euskalduna izan behar dozu. Erdaldunak bertsoa zelan egiten dan, bere tradizioa-eta ezagutu ahal deituz eta informazino hori eskura emon behar jako. Baina bertsoa gozatuteko euskalduna izan behar da.
Sasoi batean, bertsolaria bere garaiko kronistatzat hartzen zan. Gaur egun be halan da edo gehiago kantetan dozue fikziopean?
Ez, fikzinotik be iritzia emon leike, txapelketan be gai gehienak fikzinozkoak izan dira, baina errealitatetik sortutako fikzinoa danez norberaren iritzia be emoten da. Pentsetan dot guk argi dekogula ez garela iritzi sortzaileak; asko jota iritzi emoileak gara.
Aipatu izan dozu batez be, Bizkaian kantatzen dozula. Zer da, elitekoak deritzotenak kenduta, herrialde bakotxa bertako bertsolariekaz elikatuten dalako?
Bai eta logikoa ikusten dot. Nafar bat ez dot ekarriko nafarra dalako. Ekarriko dot diferentzia marketan deuelako edo bertsolari diferentea dalako. Hau da, ekarri behar doten Gipuzkoako bertsolariaren antzeko hogei badauz Bizkaian, gurago dot Bizkaikoa ekarri. Neurri horretan uste dot nire moduko bertsolariek beste herrialdeetan badauzena eta logikoa dala niri beste herrialdeetatik ez deitzea.
Baina bertsolarien arteko oreka, gero eta handiagoa da, ez?
Bai, izan be, orain danok gatoz bertso-eskolatik eta teknika danok menperatuten dogu, batzuk beste batzuk baino gehiago baina hor sekretu gutxi dau. Beti egongo da elite bat badauzelako, lehen esan doten lez, diferentzia marketan deurien bertsolariak eta horreei entzutea, gehienontzat, erakargarriagoa da. Beti egongo da besteak baino gehiago ibiliko dan talde bat.
Gai gehiagori buruz be egin gendun berba eta gura dauenak www.larrabetzu.org gunean entzungai dekoz. Etxahunek plazatan kantari segiduko dauela agindu dosku.