Leire Iturrioz, piano-jole gaztea: “Emozinoak kanalizatuteko tresna da musika”

Aikor aldizkaria 2007ko urt. 15a, 11:22
Testua eta argazkia: Pospolin
Ez da erraza arauzko musika ikasketak amaitzea unibertsitateko beste ikasketak alde batera itxi barik edo, gura bada, alderantziz. Leirek 21 urte dauz eta bi dira piano karrerea amaitu ebala. Gaur egun, Ingenieritza Teknikoko ikasketak egiten dabil, piano klaseak emoten dauzen bitartean. Zelan hasi zinen eta nondik datortzu musikarako zaletasuna? Zazpi urtegaz hasi nintzen Larrabetzu Musika Eskolan eta han jarraitu dot amaitu arte. Musika beti gustatu izan jat. Txikitako irudia dot buruan, eskolan nengoela 4-5 urtegaz, sarritan kantetan genduala eta behar bada hor sortu jatan. Gero neuk jarraitu dot. 2005ean piano ikasketak amaitu eta segiduan, Tere Loroñok esanda, bertan jarraitu dot irakasle moduan, Lezaman eta batez be Derion eskolak emoten. Irakasle edo pertsona bereziren bat urte honeetan? Irakasle on asko euki dodaz. Hamasei urtegaz zulo antzeko baten sartu eta itxiteko egon nintzan. Lagundu eustan Lezamako jaietan Zorrizketanen eskutik antolatu zan kontzertu baten joteak, eta, batez be, Ager Loroño irakasleak asko animatu ninduala aurrera segiduteko. Zer da musika zuretzat? Gozamena, pentsarazoteko bidea, emozinoak kanalizatuteko tresna…, egunero behar dodan dosia. Segun ze umoregaz altzetan nazen estilo bat ala bestea aukeratuko dot: trikitixagaz alaitasuna eta umore ona, Mikel Urdangarin eta holangoakaz tristura, instrumento sendoakaz jotako musikagaz amorrua… Musikako profesionala zara? Bizi daiteke musikatik? Musika zalea eta ikasle saiatua naz, beste barik. Aurrerantzean, musika irakasle moduan zeozer egin neike, edo aparteko gauzatxuren bat talde baten kolaboratuz, baina piano-jole moduan bizimodua ataratea oso gatx ikusten dot. Musika eta ikasketa unibertsitarioa uztartu leikez? Bai, posible da. Bakoitzaren gogoak eta indarrak neurtuta, orduak sartuta, jende askok egin dau hori. Musika klasikoa edo gaurkoa? Kontzentratzeko, lasaitzeko eta beste gauza batzuetarako musika klasikoa, baina normalean gaurko musika entzuten dot egunero, batez be irratian. Abesti bat? Baratze bat. Abeslari bat? Mikel Urdangarin. Gorroto dozun musika? Diskotekatan entzuten dodazen asko eta Operación Triunfo bez. Zer gura deutsezu esan gazteei musikaren munduan benetan sartuteko edo zaletuteko? Musika hizkuntza unibertsala dala eta, liburuetan gertatuten ez dan moduan, munduko musika guztiak ezagutu, ulertu eta gozatu ahal direla. Musikan hasten zarenean, instrumentu bat hartzerakoan nahiko ibilbide indibiduala eta gogorra egin behar da, batez be hasieran, eta horrek jendea atzeratu egiten dau zeuk ia bakarrik egin behar dozulako dana, baina gero ez zara damututen, taldean joteko aukera dozunean, edo jendearen aurrean, edo beste barik norberarentzako joten dozunean. Etorkizunerako proiekturik? Klaseak emoten jarraitu eta karrera amaitu. Zure ametsa? Orkestra baten barik, talde baten eta lagun artean jotea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).