Jose Mª Meabe SD Zamudioko presidentea:“Taldea

Aikor aldizkaria 2007ko urt. 17a, 09:58
Iaz mailaz bajatu zan, talde-arrasteak zirala-eta, baina aurten sendo dabiltza Lurraldeko Ohorezko Mailako lidergoan. Hirugarren Mailara itzultzeko itxaropena du SD Zamudio futbol taldeak, eta horretarako, defentsa lanari gogor ekiten dabiltza. Jose Mari Meabe presidenteak klubaren bulegoan hartu gaitu, eta horren barri emon deusku. 2007 hasi eta Sondikari irabazi. Lehiakortasun berezirik dago Txorierriko taldeen artean? Beti dago lehiakortasuna, gertu bizi baikara, baina harreman ona dogu Txorierriko taldeakaz. Normalean alkarri emoten deutsaguz sarrerak eta abar… Iraultza FT be laguntzen dogu. Zelairik ez dabenez, bertoko arduradunari guk ordaintzen deutsagu, arropak eta materiala gordetzeko lekua ixten deutsegu.... Lehenengo taldea sendo dabil atzean, oso gol gitxi jaso ditualako… Marka ona da, bai. Entrenatzailea “amarrategi” bat dala dinote bazkideek. Nik, ordea, taldea atzetik hasi behar dala uste dot. Eta ez da hemen gertatzen dan gauza bat, baizik eta Lehenengo Mailan be jazotzen ari dana. Halan be, jendeak ikuskizuna nahi dau, baina emoitzak hobeak dira atzean gogor zabiltzanean. Eskarmentu handiko entrenatzailea dogu (35 urte daroaz entrenatzen) eta bere sistema badabil. Etxean kanpoan bezain ondo aritzen zarete. Hori ez da normala, ezta? Kanpoan zelai artifiziala badago, botea ezberdina da eta pilota ez da etxean bezain ondo kontrolatzen. Iaz lau taldek zuek baino puntu gitxiago lortu ebezan eta, halan be, ezin izan zeuntsien mailari eutsi. Kolpe haundia izan zan? Zamudio bajatu dan azkeneko bi aldiak igualak izan dira: ezin izan geuntsan mailari eutsi, talde-arrasteak egon ziralako. Denboraldi-aurrea hasteko zorian egoanean, Beasainek kanporaketa galdu ondoren, bajatu ginala jakin genduan. Ez genduan taldea egiteko debora be eduki. Taldeko bizkar hezurrari eutsi ahal izan geuntsan, zorionez, baina hamar jokalari barri etorri ziran. Eta hainbeste jende berriakaz oso zaila da taldea osatzea. Bajatzea etsipen handia izan zan, gure taldea baino txarragoak ziran batzuk 3. Mailan gelditu ziran eta. Gu pase laburren bidez jokatzen saiatzen ginan, eta beste batzuek, ordea, futbol zuzena erabiltzen eben. Geroztik, 3. Mailara itzultzea dozue helburu nagusia, noski; eta bidean zagoze... Aurten ondo gabiltza baina partidaz partida goaz. Buruan hurrengo partida baino ez dogu, beste taldeekiko aldea zein dan pentsatu barik. Partida bakotxa hiru puntu dira eta talde guztiak errespetatzen doguz. Maiatzean ikusiko dogu zer gertatzen dan. Orduan presioa eta urduritasuna sortuko dira. Patxadaz jokatu behar dogu. Hamar taldek osatzen dabe kluba, guztira. Handitzeko asmorik dozue? Emakumezkoen talderen bat sortu, agian? Ez. Nesken areto futboleko taldea egon zan, baina ez egozan ados gugaz eta azkenean Deriora joan ziran. Lehen eskubaloi taldea be egon zan, baina gora egin ahala, gero eta beharrizan gehiago ebezan eta banandu ziran. Dirua arazoa izaten da klub txikerrentzat... Bai, guk be gauza asko ordaindu behar dogu: fitxak, mutualitatea, ekipajea… Eta errifakaz soilik ezin da dana ordaindu. Gainera, gero eta diru gitxiago lortzen dogu zelaietako tabernen bidez, zaleek gitxiago edaten dabelako, alkoholemia kontrolei beldur deutsee-eta. Gure aurrekontua 170.000 eurokoa da eta hori betetzen Udalak eta enpresa batzuek laguntzen deuskue. Batzuek uste dabe dirua parrandarako dala, baina guk dana justifikatzen dogu. Eta jokalari guztiek kobratzen dabe; bestela, alde egiten dabe. Beste arazoren bat nabarmenduko zeunke? Txorierritarrei esan gura deutset euren taldeak animatzera joateko. Jendea egonez gero, zaletasuna piztuko da. Izan be, gaur egun hainbat kirol dagoenez, gero eta jende gitxiago dator futbolera. Antxina, umeak etorten ziran eta ezin genduzan guztiak hartu. Orain, ostera, umeak bilatu behar doguz taldeak osatzeko. Orduan, jokalari eroso sentitzen da eta horrek lehiakortasun falta sortzen du. Nire ustez, fenomeno hori Athleticera ailegatu da. Ez dagoz onenak direnak, txarrenak ez direnak, baizik. Horregaitik, Athleticek oinarritik landu behar dau harrobia. Zenbat urte dauka taldeak? 1983an lagun koadrila batek sortu eban taldea. Rufino Perez, Mateo Romero eta Emeterio Eguskiza izan ziran lehenengo pausuak emon ebezanetakoak. 1996an 2.B Mailara igotzea lortu eban eta berton hiru urte eman ebazan. Hauxe izan da Zamudiok eduki dauen mailarik altuena. Ordutik ona bider bi bajatu da. Beraz, azkeneneko 12 urteetan 3. Mailan egon gara, batez be. Talde txikerra gara eta behin baino gehiagotan esan deuste jende gitxi etortzen dala zelaira. Halan be, gure herrian 3.000 lagun baino ez dira bizi, eta Zamudion Portugaleten, esaterako, baino jende gehiago etorten da futbol zelaira, jagokon heinean. Nongoak dira jokalariak? Danetarik dago. Gure asmoa gazte taldetik etortzen diranei bigarren taldean behintzat jokatzeko aukera emotea da. Maila erakusten badabe, lehenengo taldean jokatu ahal dabe. Baina aspaldian ez da agertu horren moduko jokalaririk. Izan be, oso zaila da, oso salto handia baitago Gazte Ligatik 3. Mailara: abiadura, kalitatea, fisikoa… Jende askok gaitzesten du 3. Maila, baina ez dira konturatzen zer zaila dan. Adibide bat jarriko deutsut: txandaka lan egiten daben jokalari batzuk doguz taldean eta horregaitik, eurek goizez entrenatzen dabe. Inguruetako jokalari batzuk enteratu ziran eta entrenatzera joateko baimena eskatu euskuen. Guk baietz, baina ez eben astebete be iraun. Duela urte bi Athletic etorri zan Zamudiora denboraldi-aurrean… Bai. Kontua zan Lezaman lanak egozala. Eta orduan galdetu euskuen ea etorri ahal ziran. Baietz esan genduan eta eurek gure kontra jokatu ebezan partida pare bat. Athleticeko jokalari batzuek esan eben Zamudion, Lezaman baino hobeto egozala gimnasioa eskurago egoalako.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).