Txorierriko ikasleen %90 eskola publikora joaten da

Aikor aldizkaria 2007ko urt. 18a, 16:11
Irakaskuntza Publikoan izena emateko epea otsailaren lehenengo hamabostaldian zabalduko da. Txorierriko eskola publikoek (Larrabetzu, Lezama, Zamudio, Derio eta Sondika) eta institutuak (Derio) ikasketak eskaintzen dizkiete 2 urtetik 18 urtera arteko ikasleei D ereduan. Kerman Ibarra sei ikastetxeen arteko koordinatzailetariko batekin izan gara solasean. Gero eta ikasle gehiago dago bertoko ikastetxeetan… Azkenengo bost urteetan ikasle kopurua handituz joan da eta gaur egun 1.500 bat ikasle ditugu sei ikastetxeetan. Datorren ikasturteari dagokionez ezin dugu oraindik zifrarik eman, baina zenbakiak antzekoak izango direla uste dugu. Ume asko jaio dira Txorierrin 2000. urtetik aurrera eta horrek eragina zuzena izan du ikasle kopuruan. Beste alde batetik, eta Euskadiko Eskola Kontseiluaren datuen arabera, Txorierriko ikasleen %90 eskola publikora etortzen da. Euskadiko daturik altuenetarikoa da hori. Bertako eskolek oso lan ederra egiten dute, ziur asko. Horrek alde ona du, baina txarra ere bai. Txorierrin arrakasta handia du Irakaskuntza Publikoak; jendea pozik dago egiten dugun lanarekin, eta hori ona da. Baina ikasle kopuruak handitzen jarraituz gero, institutuan ez dugu lekurik izango guztiontzat. DBHko maila bakoitzeko lau ikasgela ditugu gaur egun, 14 ikasgela, orotara. Eta aurreikuspenen arabera, 16 gela beharko ditugu urte bi barru… eta hemendik sei urtera bost ikasgela maila bakoitzeko. Hori dela-eta, iaz delegatuarekin batu, eta aulario berri bat eraikitzea derrigorrezkoa genuela azaldu genion. Institutuak eskolako eraikin bat erabiltzen du gaur egun, eta aularioa egiten denean, eraikina eskolari bueltatuko zaio, horiek ere gero eta leku gehiago behar dute-eta… Sondika eta Derion ikasle batzuk leku barik gelditu dira ikasturte honetan. Zer eskaintzen die Irakaskuntza Publikoak txorierritarrei? Lehenengo eta behin, hurbiltasuna. Ikasleek etxetik oso hurbil dute eskola, eta horren ondorioz, gurasoek ere tratu hurbila dute irakasleekin. Horrezaz gainera, eskola guztiak oso ondo hornituta daude arlo guztietan: informatika arloan, gimnasia arloan… Ikasgela bakoitzean dagoen ikasle kopurua ere ez da oso handia: 16-17 lagun batez beste. Eta bertoko ikastetxeek beste abantaila dute: euren arteko koordinazioa. Horri esker, institutuan hasten diren ikasleen eboluzio akademikoaren berri dugu hasiera-hasieratik, eta eskolako irakasleek ere jarraipena egin ahal diete ikasle ohiei. Aularioa eraikitzea institutuaren erronkarik nagusiena da, besterik? Atzerriko hizkuntzak bultzatu nahi ditugu, eta horretarako, ingelesa eta frantsesa lantzen gabiltza talde batzuekin. Euskara maila eta horren erabilpena bultzatzea ere badugu helbururik nagusienetarikoa. Halaber, sei ikastetxeen artean badugu plangintza bat eta horri dagokionez, irakurketa, adierazpen idatzia eta ahozkoa lantzen gabiltza.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).