Iñaki Berazategi, kazetaria
Erlijioek agindutako paradisuetatik bat bakarrak ere ez dirudi Pio Barojak Bidasoako bere errepublikarako amestutakoa bezain erakargarria denik, «apaiz, euli eta karabinero»rik gabeko lurralde bat, askok bizi nahi genukeen Euskadi horren metafora bat.
Halako adierazpen filoakratek eta eleberrietan Erregimen Zaharraren aldeko gogorrenak tratatzean erakutsitako mespretxuak karlismorik intrantsigenteenaren herra ekarri zioten Barojari, eta, zeharka, hari bizia kentzekotan egon ziren 36ko gerrako lehen egunetan, Molaren osteak, odol eta gar, Irunerantz zihoazenean Bidasoa errekaren bideari jarraiki.
1936ko uztailean, Barojak denboraldi bat pasatu zuen Itzean, Berako bere etxean. Hirurogeitaka urteko gizon ipurterre eta haserrekor bat zen, gaizki disimulatutako eszeptizismo batez ikusten zituena gertaera horiek, zeinak, lehenik, Errepublika aldarrikatzera eta, ondoren, haren iraupen gutxiko existentzia gorabeheratsura eraman baitzuten.
Orduko gertakari haiekiko halako urruntasuna izan arren, Barojaren barruan zerbait inarrosi bide zen jakin zuenean Iruñetik Nafarroaren iparraldera zihoazen matxinatuen zutabeetariko batek misiotzat zuela, Lesakatik sartuz, Oiartzunerako bideko blokeoa haustea eta horrela Donostia ondoraino hurbiltzea.
“Joño! —esan omen zuen Barojak— Santa Kruzek egin ohi zuen ibilbide bera!†eta Berako bere bi lagun, José Otxoteko, nafar herri hartako bi medikuetariko bat, eta Federico VizcaÃno, aduana-polizia bat, konbentzitu zituen lagun zezaten Errepublikaren aurka altxatutako erreketeen urratsen atzetik.
Ondoren gertatu zirenak Barojak berak kontatu zituen, datu batzuk estali arren, “Ayer y hoy†delakoan, zeina artikulu eta saiakera batzuk baitira, gehienak Iparraldeko eta Pariseko erbestealdian idatziak eta 1939an Txileko Santiagon argitara emanak.
Santa Kruz apaizaren harako ibilaldi hura berdindu behar zuen zutabeak bidean atzeman zituen Baroja eta haren laguntzaileak, eta atxilotu egin zituen; ondoren, Narbarten fusilatuak izateko zorian egon ziren, José Morenok, Iruñeko militar falangista batek, zeina La Perla hotelaren jabearen suhia baitzen, idazlea ezagutu eta tropako erreketeak haren gainean botatzen saiatu baitzen. Idazleari papar hegaletatik heldu eta, bortizki astintzen zuen bitartean, oihuka hasi zitzaion: “Hau, hau da Baroja! ¡Zitala, putakumea, beti Erregeri eta Erlijioari irainka! Gezur asko idatzi ditu karlisten aurka! Begira iezaiozue! Galtzak beldurrez zikindu ditu! Fusilatu egin behar dugu!â€
Barojak eta haren laguntzaileek bizia salbatu zuten, ordea; zutabea agintzen zuten militarretariko batek zerbait xuxurlatu baitzion Morenori belarrira, eta hark orduan utzi egin baitzion idazlearen aurkako jarrera erasokorrari. Ez dago dokumentaturik nor zen Barojaren bizia salbatu zuen militarra. Baliteke Gasteizko kapitan bat izatea, Tejero abizenekoa, zeinak ordu batzuk geroago idazleari bisita egin baitzion Doneztebeko Herriko Etxeko ziegetan, Baroja han baitzegoen atxiloturik Guardia Zibilaren zaintzapean, eta jakinarazi baitzion ez zeukala zertan beldurrik izan, bera haren liburuen irakurle sutsu bat zela.
Tejero kapitainak agiri bat eman zion idazleari, eta harekin lortu zuen Barojak Berako bere etxera onik heltzea; handik oinez abiatu zen mugara, eta erbestealditik ez zen itzuliko harik eta urtebete baino gehiago igaro arte, bere bizia arriskuan ez zegoela ziur jakin arte.
Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?
WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.
Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.
Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).