Pertsonon artean badira keinu eta jarrera batzuk inongo araudiek jasotzen ez dituztenak, baina egoera jakin batzuetan elkartasuna edo esker ona adierazteko arau bihurtu ditugunak. Esate baterako, Euskal Herrian beste lurralde batzuetan baino errotuago dago mendirako joera eta, jakina, eremu honek ere badu bere legea.
“Horiek ez dira euskaldun ere†zioen nire aitaginarreba zenak, menditik etxerakoan, basoan kontrako norabidean zetorrenen batek aurpegira begiratu ere ez eta, mamarro-mamarro, agurra ukatzen zionean. Izan ere, errepidean zuzen edo borondate onez jokatzen duen txoferrari eskua jasotzen zaion bezala, mendigoizaleek ere badute euren kodea eta, agur edo konbertsazio luzeagorik ezean, eup! edo (i)ep(a)! lagunkoia eskaini barik ezin utzi toki bakartian topatzen den gizasemea.
Ez dut aitaginarrebak beste esango, baina neu ere arrazoi berberarengatik amorratuta etxeratu izan naiz azkenaldian, Txorierrin, urbanizatze zoroak oraindik jan gabeko bidexka politen batean zehar egindako pasieratik.
Gutako askok munduko herrialde txiro eta behartsuetan pasatu ditugu oporrak inoiz eta toki hauetako bizilagunen irribarre zabal eta abegikortasunak harrapatuta bueltatzen gara. Ez dute ezer eta zoriontsu bizi dira. Ez ete gara indibidualtasunaren azken muga pasatzen ari? Merezi al du elkarri irribarrea edo diosala ukatzeraino garamatzan ongizate gizarteak?