Mahatsondoa oso baldintza gogorretan bizirik iraun dezaketen landare gutxienetarikoa da. Are gehiago, lurra zenbat eta pobreagoa izan eta, behar dituen elikagaiak topatzeko, mahatsak zenbat eta esfortzu handiagoa egin behar, orduan eta kalitate handiagoa izango da bere fruitua. Gauza kuriosoa da herri ezberdinetan landatutako mota bereko mahatsetatik ardo hain ezberdinak lortzea. Lur-eremu txikiak garrantzi handia du fenomeno horretan, zalantza barik.
Buru zabala eduki behar dugu terroir terminoa ulertzeko, eta ulertu behar dugu ardo bat bereizten duen faktore hauen arteko armonia dela: klima, lurra, mahats mota eta ekoizlea. Eragile asko hartu behar dira kontuan, beraz. Alde batetik, landarean, mahastian, ingurunean eta eskualdean eragina duten baldintza klimatologikoak eta, bestetik, ardoaren ezaugarriak zehaztuko dituen lur mota eta horren sakontasuna. Era berean, onddorik, bakteriarik edo harrik dagoen aztertzeko beharra dago, lur mota xedatuko dutelako, eta landatuko den mahats mota ondo aukeratu behar da. Eta, zer esanik ez, ekoizlea ere kontuan hartzekoa da, garrantzitsuak diren erabakiak hartuko baititu: lursaila aukeratuko ditu, mahats barietatea, inauste mota, hosto-masa, fitosanitarioak, ardogintza...
Terroir landare, lur, natura eta gizakiaren arteko topaketa magikoa da, eta pertsonalitatea eta izaera paregabea dituen ardoa du emaitza.
Burdeos, Borgoña edo Barolon (Italia) bazekiten aspaldidanik zeintzuk ziren ardorik hobeak ematen zituzten lur-sailak. Mahasti filosofia hori munduko beste herri batzuetara doa zabaltzen, nahiz eta batzuek barietateari lur-eremu txikiari baino garrantzi handiagoa eman. Edonola ere, terroir-eko ardoak ezagutzea merezi du, eta nik ardo horietaz gozatzeko gonbidapena luzatzen dizuet. On egin!