Borja Puente eta Alberto Marcos, Uribe Kostako Pil

Aikor aldizkaria 2007ko ots. 9a, 09:41
Oraindik ez dira famatuak, baina Borja Puentek eta Alberto Marcosek jakin badakite, behintzat, txapela bat janztea zer den. Izan ere, 16 urteko Zamudioko bikote horrek Uribe Kostako Pilota Txapelketa irabazi zuten gazte mailan. Lehendabiziko elkarrizketa Aikor! aldizkariari eman diote. Zorionak irabazi duzuen txapelarengatik. Espero zenuten? Borja: Egia esan ez. Sorpresa handia izan da. Bagenekien zaila izango zela, baina ondo atera da. Zein izan da partidarik gogorrena? Alberto: Finalerdia gogorra izan zen, baita finala ere. Finalerdian Lezamaren kontra jokatu genuen eta horrek baditu bere alde onak zein txarrak. Izan ere, lagunak gara eta ondo ezagutzen dugu elkar. Beraz, primeran dakigu zelan jokatzen duen baikoitzak, zeintzuk diren norberaren ahuleziak... Presio berezirik nabaritu duzue finalean? B: Bai, dudarik gabe. Jende asko etorri zen partidak ikustera eta telebista kamarak ere hortxe zeuden. A: Hasiera batean urduri geunden, baina partida hasi bezain pronto, jokoan murgildu ginen. Zer esangura du txapelak zuentzat? B: Niretzat meritu handia da, irabazten dudan lehenengoa baita. Txorierriko Txapelketan Albertoren kontra jokatu eta galdu nuen finala. A: Nik irabazten dudan hirugarren txapela da. Uribe Kostakoa eta Borjak aipatutakoez aparte, kimu mailan ere beste bat irabazi nuen Eñaut Atxutegirekin. Eta orain zer? B: Dagoeneko udaberriko txapelketa hasi da. Ligatxoaren lehenengo partida irabazi dugu. Bost multzotan banandu gaituzte pilotariok antolatzaileek, eta bakoitzean sei bikote gaude. Lehenengo edo bigarren postuan gelditu behar dugu final-laurdenetarako sailkatzeko. Txapelketa Bizkaia mailan egiten da, eta espero dugu ligatxoa behintzat gainditzea. Dena den, Udaberriko Txapelketa Uribe Kostakoa baino zailagoa da, parte hartzen duten pilotariak hobeak direlako. Zelan hasi zineten pilotan jokatzen? A: Orain gazte mailan Borja eta biok baino ez gaude. Beraz, elkarrekin jokatzen dugu. Beste bat zegoen, baina Lezamara joan zen jokatzera, eta beraren kontra jokatu genuen Uribe Kostako txapelketaren final-erdia, hain zuzen ere. Zenbat egunetan entrenatzen eta jokatzen duzue? A: Astean birritan entrenatzen dugu: astelehenetan Larrabetzura joaten gara eta asteazkenero, berriz, Zamudion bertan gelditzen gara. Asteburuetan partidak antolatzen dira. Orain, esate baterako, ostiraletan Udaberriko Txapelketan aritzen gara eta zapatuetan trinketean jokatzen dugu. Trinketean ere jarduten duzue, ala? A: Bai, duela gutxi hasi gara eta jokatu dugun partida bakarrean 40-6 galdu genuen. B: Probatzegatik hasi gara. Hala ere, ez dugu inoiz entrenatzen. Frontoi gutxi daude inguru honetan, Getxon, Lekeition eta Mallabian, besterik ez. Zein da zuen helburua pilotan aritzean? Profesionala izatea pentsatu duzue inoiz? B: Ondo pasatzea eta lagunekin aritzea, batez ere. Ez dut uste profesionala izatera ailegatuko naizenik. A: Jokatu, jokatu eta jokatu. Hauxe da nik nahi dudana. Denboraren poderioz, hobetzen saiatuko naiz; ea etorkizunean enpresaren batek fitxatzen nauen. Guretzat ametsa izango litzateke profesionalak izatea. Zein da zuen pilotaririk kuttunena? B: Niri Titin gustatzen zait: agian ez da pilotaririk onena izango, baina bere adinerako ondo jokatzen du. A: Aurrelarien artean Martinez de Irujo dut gogoko, eta Patxi Ruiz da gehien gustatzen zaidan atzelaria.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).