Angel Garitano "Ondarru", Athleticen bigarren entr

Aikor aldizkaria 2007ko mar. 13a, 11:04
Testua eta argazkiak: Gaizka Eguskiza
Beste garitanotar bat dogu bisitan Aikor! aldizkariaren orrialdeetan. Oraingo honetan Angel Ondarru dogu solaskide, Mane bere kide separaezinagaz batera Athletic entrenatzen hasi dalako. Azkenenean San Mameseko etxeko aulkian esertzeko aukerea etorri jako; Athleticen onurarako, ondo egitea espero daigun. Hainbat aldiz Athletic entrenatzeko kinieletan eta azkenean lortu dozue… Zer esangura dau zuretzat Athletic entrenatzeak? Athletic entrenatu ahal izatea euskal entrenatzaile guztion asmoa da, are gehiago bizkaitarra izanda. Gura izango gendukean taldea denboraldiaren hasieratik hartutea, baina ezin izan da, eta egoera hori egokitu jaku. Hemendik aurrera, guk lan egin behar dogu mailari eutsi ahal izateko eta taula erdian amaitu ahal badogu, askoz hobeto. Uste dozu lehenago etorri ahal jatzuela aukerea, ala garaiz heldu da? Aukerak sortzen dira sortu behar diranean, ez batek gura dauenean. Holan heldu jaku eta gu pozik. Zer barri emon deutsazue taldeari? Etorri ginanean gabezi nabarmen bat antzeman genduan, hau da, gol asko jaso ebazan taldeak. Beraz, gure asmoa izan da hasieratik defentsa-lana indartutea. Horrek esan gura dau lau defentsen lana ez ezik, erdilarien zein aurrelariena be landu behar dala. Izan be futbolean batera joan behar dau taldeak: denok defendatzen dogu eta denok aurrera joaten gara. Hasieran gol jasotze hori etetea lortu genduan, baina azken bolada honetan berriro erraz jasotzen ari gara. Era batean ala bestean, mailari eutsiko deutsagula uste dot. Mailari eusteko borroka horretan Erreala be badago. Zelan bizi dozu bere egoera semeak bertan jokatzen dauela kontuan harturik? Nahikoa dekot nireagaz. Gure helburu bakarra Athletic salbatzea da eta horretan gagoz lanean Mane eta biok. Dana dala, futbola horrelakoa da eta bakotxak berea defendatu behar dau. Batek irabazten badau, beste batek galdu behar. Mingarria izan zan Athleticek Gaizka semea duela bi urte fitxatu ez izana? Bai, pena izan zan etxekoak Athleticzaleak betidanik izan baikara. Halan be, Gaizka profesionala da eta onartu behar eban Errealaren eskaintza. Garai horretan, Errealak Eibarregaz (orduko Gaizkaren taldea) eban hitzarmena eta horregaitik merke ateratzen jakon jokalaria. Athleticek, ordea, bere klausula ordaindu behar eban, baina ez eban diru hori ordaindu gura zelai erdiko jokalari baten truke. Iaz gorriak ikusi ebazan mailari eutsi ahal izateko eta aurten bide beretik dabil Athletic. Bitartean iskanbila asko egon da klubean. Arazoa taldean dago ala klubean oro har? Aspaldian gauzak ez dira argi ikusten Athleticen. Real Madril eta Bartzelonagaz batera beti Lehenengo Mailan egon dan talde bakarra da, baina gauzak aldatu egin dira. Gorabehera asko egon dira (presidente eta entrenatzaile barriak…) Athleticen eta horrek esan gura dau zerbait ondo ez dabilala. Athleticen ezaugarririk nagusiena lasaitasuna da eta azken bolada honetan ez da irudi hori islatzen. Denboraldi bakar bat sinatu dozue. Horrelako joera gaur egun arraroa da, ezta? Guk beti egiten dogu. Izan be, futbola oso aldakorra da eta zera gerta daiteke: bi urteko kontratua sinatu eta bigarren denboraldian beste presidente bat etorri eta beste entrenatzaile bat gura izatea. Ez dogu oztopoa izan gura. Direktiba gugaz pozik badago, lanean jarraitzen dogu; osterantzean, alde egiten dogu. Eta hurrengo denboraldia? Ikusiko dogu denboraldi honetako amaieran. Ordura arte, gogor lan egin, puntuak lortu eta gitxika-gitxika zulotik atera beharko dogu. Mailari eutsi bezain pronto, denboraldia aztertuko dogu eta orduan erabakiko dogu zer egin. Gure asmoa hemen gelditzea da, noski, eta gure ibilbideari erreparatzen badeutsazu, berehala konturatzen zara lekuetan denbora asko gelditzea gustatzen jakula. Gasteizen edo Lleidan, zazpi urte egon ginan, esaterako. Eta Athleticen egongo ahal gara… Horrek esan gurako eban gauzak ondo egin dirala. Bikote xelebrea Nondik dator Manerekiko harremana? 25 urte daroaguz alkarregaz. Lagunak ginan eta batera atera genduan entrenatzaile-txartela. Mane Sestao entrenatzen hasi zanean, nik bertan jokatzen neban eta berari lagunduten hasi nintzan. Eta oraintxe arte… Zein da zure rola bikote horretan? Esaten da errieta egiten dauena zeu zarela eta jokalariakaz harremanik estuena dauena be bai… Gure nortasuna dala-eta, bakotxak bereari ekiten deutso. Ni irekiagoa naz eta jokalariekin harreman estuagoa dot, bai berdegunean, bai kanpoan. Manek, ordea, zenbat eta hitz gutxiago, orduan eta hobeto. Osagarriak gara. Ez dozu inoiz pentsatu lehenengo entrenatzailea izatea? Ez. Gauzak alkarregaz ondo joan dira eta ez dot ikusten aldatzeko arrazoirik. Zure ibilbideari begira, hainbat talde eta hainbat arrakasta dagoz. Zein da zurentzat garrantzitsuena? Iaz Levantegaz Lehenengo Mailara igo ginan. Oso urte gogorra izan zan. Azaroan joan ginan hara eta helburu bakarra igotzea zan. Beraz, presio asko egon zan urte osoan zehar. Ganera, jokalari asko hainbat lekutako etorritakoak ziran eta batzuek hizkuntzagaz arazoak ebezan. Eta igoera lortu eta gero, zergaitik ez zenduen jarraitu? Iazkoa ez zan izan Levante aldean egon ginan lehenengo aldia. Presidentea-eta ezagutu genduan, baita bere lan egiteko era be. Geurea desberdina danez, ez jarraitzea erabaki genduan inongo arazo barik. Beste alde batetik, Alavesegaz zerua ukitzeko zorian egon zinien Dortmunden jokatutako Liverpoolen kontrako UEFAko final hartan… Alavesera joan ginanean, 2. Mailan zegoan eta gitxiki-gitxiki taldea osatzen joan ginan. Lehenengo urtean igoera lortu genduan eta hurrengoan mailari nekez eutsi geuntsan. Handik aurrera, bi aldiz joan ginan UEFAra eta horietako batean finala jokatu genduan: 5-4 galdu Liverpoolen kontra. Ziurrenik ez genduan zorte handirik izan, baina futbola horrelakoa da. Jende askok UEFAko finalik onena dala esaten dau. Dana dala, finala jokatzeko, ailegatu behar da lehenik eta behin. Alavesen azkenean buruz jokatzen eben jokalariek. Denbora asko eman genduan eta taldea eraikitzeko aukerea izan genduan. Hori futbolean ez da hain erraza eta gehienetan entrenatzaileoi ez deuskue gure egitasmoa garatzeko astirik emoten. Ondarru Aikorlaguna Ondarru eta garitanotarrek lotura haundia dabe Txorierrigaz. “Kanpoan ibili nazenean kanpoan bizi naz, noski, baina Alavesen egonda, egunero joaten nintzan hemendik, Deriotik, Gasteizera”, esan dau Angelek. Horrezaz aparte, Aikor! aldizkariagaz be harreman berezia dau Ondarruk, aikorlaguna baita, alegia. “Errebista gustetan jat eta helduten dan bakotxean irakurtzen dot. Ganera, papera ona da eta kalitatezko aldizkaria da. Aikorlagun egin nintzen Aikor! aldizkaria ahal dudan neurrian lagundu ahal izateagaitik eta euskara eta euskal kulturari atxikimendua adierazteagaitik. Etxean euskaltzaleak izan gara betidanik”. Gertutik Izena: Angel Garitano “Ondarru” Jaioterria: Ondarroa Jaiotze-data: 1950/09/21 Ibilbidea: Barakaldo (1981), Sestao (1982), Deportivo Alavés (1983, 1997-2003), Figueres (1984-86), Bizkaiko gazte selekzioa (1987), Lleida (1988-95), RCD Mallorca (1995), Levante UD (1996) Lorpenak: –Bizkaiko lehenengo bigarren entrenatzailea izan zan 1981an. –1985ean Bigarren mailara igo zan Figueres taldeagaz. –1993an Lleida taldeagaz Lehenengo Mailara igo zan. –2001ean UEFAko Kopa galdu eban Alavesegaz Liverpoolen aurka. Gaur egun be gogoratzen da 5-4 bukatu zan final hori. Bihotz zurigorria: Ander anaiak Athleticeko jokalaria izan zan; Gaizka semeak Athleticen jokatu dau eta orain Errealean dabil; Juanito Urkizu jokalari eta entrenatzaile ohia amaren osaba da; eta emaztea Koldo Agirre jokalari eta entrenatzaile ohiaren lehengusina.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).