Ordainketea banatzeko dinoe, eskari gorakorra daukan zerbitzua jasangarria izan daiten. Copago dalakoa, geure eredu asistentzial hau bermatuko dauan justiziazko bidea. Egia esateko, ezin jako ezelango eragozpenik jarri Foru Aldunditik urten dan ideia honeri. Zaharren ongizatea, guztiona ez ezik euren senide hurbilenen ardurea bere bada. Azken honeena batik bat.
Zer egingo deutsagu ba, medikuntza arloko hainbat hobekuntzari esker bizitza luzetuteak edota norbere ondarea oinordekoei behin-betirako itxiteko unea atzeratuteak holango ondorio colateralak dakarz, agure edota atsoaren ganean luzaro egon behar, barriro ume izateko bide gero eta luzeagoan agertzen diran umekeria/zaharkeria galantak aguantatu, ordu libreez loturarik gabe eta gura dogun eran gozatzeari uko egin behar, alkarbizitzaren hondamena azaleratu... Segida honen amaierean, orain dala urte batzuk begi txarrez ikusten zan egoitzaren aukera agertzen jaku.
Egoitzea, erresidentzia, zenbat bider madarikatua, eta gaur egun, bistan danez, konponbide egokia, txukuna, erosoa. Bai eta garestia bere, sendien ekonomiarako eta, dirudienez, herri-erakundeen gastu ahalmenerako.
Arazoa, gitxigorabehera, hauxe dozue: orain arte nagusien diru-ondasunak edota herri-erakundeek emondako dirulaguntzak euki doguz egonaldiaren finantzaketa-iturri, baina beharrizanen hazkunde ikaragarriak – egoitza barri asko zabaltzeko aurrikuspenak horren lekuko – finantzaketa eredu hau jasangaitz bihurtu, eta egoitzetako erabiltzaileen ondare higiezina, euren etxeak, eragindako zorra aitortu eta berau finantzatzeko erabiltzea oinarri dauan eredu batera garoaz.
Neurriaren egokitasuna ez dot zalantzan ipiniko, neure ustez, sendiko nagusiak ondo jagonda dagozala jakiteak, aldi berean guk geuk gehiegizko loturarik gabeko bizi kalidade hobe bat lortzen dugula, zorraren aitortza eta zeozer gehiago merezi daualako. Gure aitita-amamak epel-epeletan eta gu living la vida loca. Hau bai paradisua!
Logikarik ez daukana, alkartasun ezaren adibide garbia, guztion mesederako dagozan gizarte-zerbitzuak bizkaitar ororen errenta zergapetzetik datozen fondoez finantzatzea da, ondasun pribatuak eta honeetatik eratorritako etekinak euren famili-egoera nabarmen arinduta ikusi duten oinordekoen esku dagozalarik.
Baina bestalde, eta demagogia merke apur bat erabilten hasita, esan geinke gure nagusien etxeak ikutu beharrik ez zala egongo Bizkaiko enpresa txiki-ertain-handiek lortutako mozkinetatik etortekoa dan %24-%28ren ordez lehengo %30-%32,6 hartuko bagendu Foru Aldundiko altxortegia hornitzeko. Bai atsegina gure nagusien mantenuari eta bizipozari FG eta antzekoren enpresek lortutako etekinen bidez eustea, guk oinordetzan hartutako pisuagaz espekulazinoaren espektakuluaren onuraz gozatzen dogun bitartean!