Gure Etxea Loiuko Jubilatuen Alkartea: “Bizitza

Aikor aldizkaria 2007ko mar. 16a, 13:59
Gure Etxea Loiuko Jubilatuen Alkartea 1982. urtean sortu zan, herriko lagun talde batek bultzatuta. Hasierako egoitza udaletxearen ondoan eben, “baina orduko alkateak itxi egin euskun 2002. urtean, ezer esan barik. Ordenadoreak jarri ebezan bertan”, azaldu deuskue Jesus Aurrekoetxea alkartearen presidenteak eta Jose Luis Azkue idazkariak. “Bizkaiko Nagusiak alkarteak bitartekariarena egin, eta lokal bat emon euskuen Kultura Aretoan, baina ez zan egokia”. Lokal barria Aransotegi enparantzan dabe, eta hori duela 4 urte inauguratu eben. Alkartean 174 bazkide zarie: 94 emakume eta 80 gizon. Zein da zuen filosofia? Herriko nagusiak gauzak egitera animatzea dogu helburu nagusia, eta, horretarako, hainbat ekitaldi antolatzen doguz urtean zehar. Aurten, adibidez, Gipuzkoa aldera egingo dogu urteera bat, Errioxara be bai, Benidormera bidaia, Rias Baixasetara… Egoitzan beste motatako ekintzak egiten doguz: mus eta briska txapelketak, bazkariak, hitzaldiak… Arrakastatsuak dira horreek? Egoitzan antolatzen diranean, bazkide guztiek edo gehienek parte hartzen dabe, eta egun bateko urteerak egiten direnean be bai… Baina bidaia luzeak antolatuz gero, beste kontua da: piperrak erein behar dabezela, ortua zaindu behar dabela… Laguntzarik ekintzok aurrera eroateko? Dirulaguntza Foru Aldunditik eta Udaletik jasotzen dogu, eta horrezaz ganera, bazkideek kuota bat ordaintzen dabe urtero. Baina ez da nahikoa, izan be, emoten deuskuena baino gehiago gastatzen dogu, eta gure poltsikotik jarri behar. Herriko bizitza sozialean be parte hartzen dozue aktiboki… Bai, Santa Luzia eta San Pedro jaietan, Udalak urtero antolatzen dauan sardina-jana prestatzen laguntzen… Eta urte bukaeran gaztaina eta beicon jana egiten dogu herri osoarentzat. Santa Ageda bezperan be auzorik auzo ibilten gara kantetan, eta batzen dan dirua DYAri emoten deutsagu. Bizitza sortzen dogu herrian. Nahikoak dira herrian nagusiei zuzenduta dagozan ekintzak? Ez, gehiago egon beharko ziran: gimnasioren bat… Eta Udalak be lagundu beharko leuskigu tailerrak eta kurtsoak antolatzen: lorak nola lantzen diran, nola jagon behar dogun lorategia… Gu nagusiak gara eta ordu libre asko doguz egunean, beraz, ekintza gehiago antolatu beharko ziran, ordu horreek betetzeko eta gu entretenituta egoteko. Zailtasunik dozue zuen eginkizunean? Bai. Bertora gura dauana sar daiteke, baina begirune izan deiguen! Izan be, tabernara etorten diran askok ez dabe gure lekua errespetatzen, eta batzuetan egoitzara sartu, eta ez dago tokirik guretzat. Eta hau Nagusien Etxea da! Esate baterako, behin baino gehiagotan hurrengoa gertatu da: telebistan futbol partida eman, eta gazteak eserita dagoz; nagusiok, berriz, zutunik. Eta berriro dinogu: Hau Nagusien Etxea da! Zelango harremana dozue Txorierriko beste nagusien alkarteakaz? Oso ona. Bilerak izaten doguz eta urtero Nagusien Jaia antolatzen dogu. Era berean, alkarte guztiok gagoz Nagusiak Federazioaren barruan. Zelan ikusten dozue alkartearen etorkizuna? Zuzendaritza-batzordean 8 lagun gara, eta guk 14 urte daroaguz geure karguan. Beraz, ezinbestekotzat jotzen dogu jente barria sartu eta guri lekukoa hartutea. Guk orain arte egindako beharragaz jarraitutea gustatuko litxakigu: bidaia eta urteera ederrak antola daiezan, herriko jaiak… Gauzak egitera anima gaiezan, azken baten. Izan be, nagusiok etxean gelditzen bagara, akabo.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).