Oñati eta Hegoamerika besarkada batean

Aikor aldizkaria 2007ko mar. 20a, 16:55
Testua eta argazkiak: Eder Merino
Kurtsoa bukatzerakoan gazteok hainbat aukera izaten dugu uda xahutzeko. Hondartzara joateak eskaintzen duen errutinaz zeharo aspertuta, lagun batzuk beste aukera batzuen bila jarri ginen. Gure ideia nagusia, hotel edo ostatu bat bilatzearena zen, bertan lan egiten ikasi eta, zergatik ez, diru apur bat irabazteko. Hamaika lekutan galdetu eta gero, Oñatiko Arantzazuko Santutegiko ostatuan lana topatzea lortu genuen. Uztailaren 1ean gerturatu ginen bertara. Ostatuko zuzendariak lekua erakutsi eta egingo genuen lana azaldu zigun: ostatuko logela guztiak garbitzea, oheak egitea eta antzekoak. Lehenengo egunak nekagarri samarrak izan ziren, ez baikeunden ohituak horrelako lanak egitera. Gainera, bertako beharginak momentu oro genituen gain-gainean gauzak nola egin behar ziren azaltzeko. Gure denbora librean zail genuen Arantzazuko ostatutik irteteko, autobusak domeketan baino ez ziren ibiltzen eta Oñati hamar bat kilometrotara zegoen. Beraz, bertan pasatzen genuen egunak, berbaldi interesgarrien artean eta paisaia ikaragarriez gozatuz, Arantzazuko ingurua paregabekoa baita. Horrez gain, bertako langileekin harreman estua sortu zen. gehienak etorkinak ziren, Dominikar Errepublikakoak, txiletarrak, brasildarrak, peruarrak… Beraiekin lan egiteak gu pertsona moduan haztea eragin zuen. Kontatzen zituzten historiak benetan hunkigarriak ziren, beraien semeak beraien jatorrizko herrialdeetan baitzituzten eta haurrak hona ekartzea zuten amets nagusia. Irabazitako guztia hara bidaltzen zuten, eta garbitzaile moduan ez ezik, beste lan batzuk ere zeuzkaten, diskoteketan, tabernetan. Bizipen gogorrak ziren, behin baino gehiagotan negargura ez nuen urruti izan, a zer nolako egoera! Gu diru apur baten bila, gero jaietan xahutzeko eta beraiek bizirauteko behar dutenaren bila! Zelako mundua! Denbora komunak garbitzen, gelak garbitzen eta apaintzen, platerrak prestatzen, orokorrean ostatua garbitzen pasa genuen. Askotan haserreak egon ziren, lanari dagokionez, baina bertako ingurugiroak lasaitzen laguntzen zuen. Bertan ikusten zen, gure bizi estatusari esker, lanarekiko ohitura ezak sortzen duen iskanbila. Azkenengo eguna iritsi zen. Nolabait esateko, orain arte bizitakoa bigarren bizitza bat izan zen, hau da, bizitza bat gure herrian genuen, axolagabekerian oinarritua eta lanik egin gabe. Bigarren bizitza honetan, benetazko errealitateaz ohartu ginen, zein gogorra den diru apur bat irabaztea, familia urruti izatea eta inork egin gura ez dituen lanak egitea. Azkenik autoa hartuta bertatik urrundu ginen, bertan bizitako esperientzia baliagarria etengabe oroituz, gure bizitza errealera bueltatuz. Uztaila osoa “galdu” genuen bertan, hondartzara joan gabe, askotan lan egiten, batzuetan aspertuta, giro ederrean beti. Uztaila neketsua izan zen, baina guztiaren gainetik errealitateaz ohartzen lagundu zidan uztaila berezia izan zen.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).