Energia berriztagarrien eragina

Aikor aldizkaria 2007ko api. 3a, 20:01
Testua eta argazkiak: Jabier Lekerika, Txorierri Politeknikako irakaslea
Ingurugiroa zaintzea eta energi eskaerak asebetetzea muturka dabiltzan aro honetan ezinbestekoa dugu gure ekarpen xumea egitea, eta gizabanakotan esku dugun aukera on bat hurrengoa da: “ behar ez den energía ez kontsumitzea”. Baina horrekin nahikoa izango ei da ? Ematen du ezetz . Aspalditik dabil gizakia bere beharkizunak ase nahian, eta sua kontrolatzea lortu zuenetik aldaketa izugarriak izan dira bizitzako arlo guztietan. Energia edo naturak ematen zizkion egoerak aprobetxatuz, ibaietako uraren indarra erabiltzeko errotak eraiki zituen. Geroago haizearen indarra ere aprobetxatu zuen, eta apurka-apurka erregaien bero-ahalmena erabiliz lurrun makinari tokatu zitzaion protagonismo guztia. Industri iraultza etorri zen, eta gero eta energi gehiagoren beharrizana nabariagoa izan zen. Elektrizitatearen fenomenoa kontrolatzea asmatu zenetik ehun urte baino pasatu ez direnean, ahalegin guztiak energia elektriko gehiago ekoiztera bideratzen dira. Logikoa izango da, baina honek ere bere faseak daramatza: energia hidroelektrikoa izango zen aitzindaria, gero termoelektrikoa eta nuklearra. Gaur egun horiek guztiak gutxi dira, eta epe ez hain luzean erregai fosila eta urtegietako ura edo uranioaren baliabideak ere mugatuta ikusiko dira... Eta aukera bakarra gure naturara jotzea baino ez dugu, bere energia berriztagarriak erabiltzera. Energia berriztagarriei etekina aztertzea da orain erronka. Alde batetik, eguzkiko fotovoltaikoa edo haizearen eolikoak dira begiz jota daudenak, baina bai bata eta bai bestea ez dira energia asko aztertzeko aukerak ematen diguten energia motak. Konparaketa bat egiteko Zornotzako zentral termoelektrikoak EAEk behar duen energiaren % 25 ekoizteko ahalmena du, eta ez du zerikusirik eguraldiarekin, haizearekin edo eguzkiarekin, gas hornidurarekin baizik. Eta gure mendietan kokatutako parke eolikoek EAEko etxebizitzek behar dituzten % 10 baino ez dute ekoizten, eta haizeak ez du beti joten, gainera. Argindarra ekoizten duten enpresek herri batek eskatzen duen energía hornitzeko ahalegin handiak egin behar izaten dituzte, izan ere, garai batzuetan sare elektrikoan eskatzen den energia eman ahal dena baino handiagoa izatera heltzen da; potentzia-eskari bakoitza mugatuta dago, eta eskari guztiak hornitzeko energia sortu beharra dago. TXORIERRI POLITEKNIKAK energia berriztagarrien aldeko apustua egin, eta 05-06 ikasturtean ura berotzeko sistema aldatu zuen, panel termoelektrikoen ordez panel termodinamikoak jarriz. Horiek Solar PST panelak dira, eta horien funtzionamendua hozkailu baten modukoa da: ingurugiroan dagoen beroa depositu batean bildu egiten du, konpresore baten presioa igotzerakoan sortzen duen beroa aprobetxatuz. Sistema honen abantaila zirkuitu elektrikoren potentzia txikia da, 390 wattetakoa nahikoa izaten da, eta gainera berdin dio kalean bero ala hotza izateak, panelak iparraldera edo hegoaldera begira egoteak. Adibidez, 300 litro ur dituen depositu bat 55 gradutan jartzeko nahikoa du hiruzpalau ordu, eta behin erabilitakoa, sistema ordu pare batean erabiltzeko moduan egon daiteke. Sistema hau ondo funtzionatzeko eta errendimendu egoki bat izateko, ezinbestekoa du aire mugimendua izatea, bero trukaketa eman dadin. Eta egoera berezi batean ur bero horniketa ziurtatzeko sistema elektriko laguntzaile bat jarri behar zaio. Energia berriztagarrien apustuari jarraituz, 06/07 ikasturtean panel fotovoltaikoak jartzeko egitasmoa aurreratuta dago. Eguzki-panelen eginkizuna eguzkiaren izpiak material fotosentikor batean argi indarrean bihurtzean datza, eta konbertsore baten bidez (korronte zuzena alternoan bihurtzen duen gailua) soberan dagoen energia elektrikoa sare elektrikora bidalita saldu egiten da. Sistema honek ematen duen potentzia panelen azalerak mugatzen dute eta egoera hoberenean m2 bakoitzeko 90 w potentzia lor daiteke gutxi gorabehera. Panel hauen errendimendua lotura zuzena du eguzkiaren irradiazioarekin. Hori dela eta, egun argiak eta luzeak dira komenigarrienak energia hau errentagarria egiteko. Egunez sorturiko energia gauez erabiltzeko behar diren zirkuituek errendimendu baxua ematen dute. Eskolan 5.700 watt emango dituen sistema fotovoltaikoa martxan jarriko da. Sistema honek 60 panel inguru izango ditu, eta bere urteko emaria, Bizkaian bataz beste 1200 eguzki ordu izango direla suposatuz, 6000Kwh-takoa izango dela estimatzen da. Sarera bidaltzen den Kw-h bakoitza 0’42€-ko salneurria duela jakinik, instalazio fotovoltaiko honek urtean 2.500 € inguru berreskuratzeko aukera emango du. Egindako inbertsioa 36.000 eurokoa denez, sistemaren amortizazioa 15 urtetan egingo dela uste da. Hitz borobil asko entzuten dira energia berriztagarrien zakuan sartzeko modukoak : inguru giroa, natura, ozono geruza, emisioak, karbono dioxidoa, euri azidoa, sostengarritasuna , itsasoen tenperatura igoera... eta abar luze bat. Ekintza horiek gugandik urrun daudelakoan gaude, eta egia esan ezer asko egiteko ez dago norbanakoen esku, hala bai? Zer edo zer badago, eta bakoitzak ardura hartu behar du horretan, batez ere ingurugiroa zaintzea ura eta energia elektrikoaren kontsumoak murriztea. Horixe da gure gazteek eta hain gazte ez direnek egin ahal duten “ apur handia ”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).