Jakin badakigu jendartea dinamikoa dala, eta horren adierazle dira azken urteotan izan ditugun aldaketa nabarmen eta arinak, besteak beste, emigranteen desplazamenduak.
Euskal Herrira datorren jendea era askotakoa da. Batzuk Europatik datozenak dira. Asko dira gure hizkuntza eta kulturatik oso urrun dagozenak. Hego Ameriketatik datozenak ostera, badakite gaztelera. Hori “abantaila†izan daiteke hasierarako.
Honek guztiak eragin handia izango du mende barri honen alderdi desberdinetan, esaterako, Hezkuntzan. Dagoeneko jendarteak eskaera barriak luzatu deutsoz Hezkuntza munduari.
Ikastetxeetan aniztasun guzti hau aberastasun moduan ikus dezakegu edo gure hizkuntza eta kulturarentzat mehatxu modura. Erkidegora etorrita, hau guztia nahastatzen jaku ikasteko hizkuntz ereduen gainean zabal dabilen eztabaidagaz. Gogoetatu beharko dogu kanpotik datozenen seme-alabak zelan etxekotu elkarren arteko errespetuan.
Etorkinak ez du izaten informazio handirik hona heltzean, beharrizanak indar eginda dator kasurik gehienetan. Datuen arabera ikasle etorkinak A ereduan matrikulatu izan dira nagusiki. Beraz, ezinbestekoa egiten da eskola komunitate osoa inplikatzea, eta eleanitzak izango diren ikasle euskaldunak hezi behar baditugu, eskola estrategia aldatzea, erronka handia da eta.
Baina inori ez jako eskapatzen ikastetxe batek berak bakarrik ezin duela hau dana egin. Hezkuntza Sailak eta tokian tokiko Udalak ere zeregin handia daukate. Lehentasunezko gaia izan beharko litzateke. Zuzen ibili ezean hizkuntzetan eleanitzak izango dira gure ikasleak baina bidean euskara galdu daiteke.
Ez daitezela etorkinak izan atxakia eskola erdalduntzeko. Lehentasuna eta bitartekoak emonez gero lan handia egin daiteke.