Hazi egin nahi zuen aireportua

Aikor aldizkaria 2007ko api. 25a, 10:49
Testua: Jon Goikouria
Sondika betidanik ezaguna izan da urte askotan izan duen terminalagatik. Bizkaiko aireportuaren herria izan da, eta batzuentzat oraindik izango da, ziur asko. Hala ere, terminalaren toki berria ez da Sondika, Loiu baizik, 2001. urtearen amaieran terminala Sondikatik Loiura lekuz aldatu baitzuen Madrilen dagoen Aenako bulego zentralak. Erabakiak iritzi ezberdinak sortu ditu aireportuko langileen eta instalaziotik hurbil bizi diren pertsonen artean. Sondika Bizkaiko aireportuaren ataria zen. Gaur, ordea, bata bestearen alboan egon arren, ez dute ia inolako harremanik. Egun, terminal zaharrak ez du inolako funtziorik, barruan ez baitago ezer. Barruan ez dago inor. Sondikako terminala txikia izan da, eta betidanik jakin dute laster edo berandu zerbait egin beharko zela. Saiakerak egon ziren terminal zaharra bertan behera ez uzteko, eta hainbat zabalkuntza egin ziren, bai heldueren pabilioian, bai hegazkinen aparkalekuan. Baina berrikuntzok ez zuten emaitza onik izan. Sondikako terminalak izan zuen berrikuntzarik erabilgarriena pistaren zabalkuntza izan zen: duela hogei bat urte 12-30 pista edo ‘pista nagusia’ (2.600 m) eraiki zen Loiuko aldean. Pista hori da gaur egun hegaldi komertzialetarako erabiltzen dena. 10 - 28 pista zaharra, ostera, laburragoa da (2.200m) eta “Aero Link” Pilotuen Eskolako hegazkin arinek erabiltzen dute. Gainera, 12-30aren ordezko modura erabili ohi da nagusiarekin arazoren bat sortu denean. Sondikarantz ezin zen hazi aireportua, herritik metro batzuetara dagoelako, eta terminal zaharra Loiura eraman behar izan zen. Aenako Madrilgo Bulego Zentralak asmo hori zuen aspalditik. “Terminal berria inauguratu zenean hogei urte bete zituzten aurretiko lanek” dio Patricio Gutierrez, aireportuko lanen gainbegirale nagusiak. Aireportua eraberritu behar zen. Hasiera – hasieratik argi zegoen. Horregatik, Antonio Sanchez Loiuko ingeniari aeronautikoa Patriciorekin bat dator, eta baieztatzen du terminalaren lekualdatzea bidaiari eta aireontziengatik egin zela. Hots, Sondikako aireportua txikia geratzen hasi zelako, bertatik egunero pasatzen ziren bidaiariak zein aireportuak jasotzen zituen hegazkinen kopurua hartzeko. Bi adituek azaldu duten moduan, Sondikako terminalak 2 milioi lagun har zitzakeen; Loiukoak, ostera, 4 eta 6 milioien artean dabil gaur egun. Beraz, lekuz aldatzearen arrazoi garrantzitsuenetarikoa hori izan zen. Bigarren mailako arrazoiak ere badira, aireportuaren internazionalizazioa, kasurako: gero eta konpainia gehiago daudenez, aireontzien kopurua nabarmenki igo da, batez ere kostu baxuko konpainiei dagozkien hegazkinez ari bagara. Aldi berean, terminal berriak konexioak sortu ditu Frankfurt eta Londoneko aireportuekin. Esan daiteke Loiuko aireportuaren toki aldatzeak modernizazioa ere erakarri duela, Sondikan bertan zeuden instalazioekin ezin zelako inolako konexio internazionalik egin. Beraz, gaur egun ez zaio Bilboko aireportu nazionala deitzen, Bilboko aireportu internazionala baizik. Calatravaren “Paloma” Lekuz – aldaketarako aurretiko lanak 1981. urtean hasi ziren. Urte horretatik aireportua inauguratu zen arte, lursailen desjabetzapenak egin ziren, terminal berriak hainbat lursail beteko baitzituen. Desjabetze lanek hamabost urte iraun zuten. Desjabetze lanak amaitutakoan, terminal berrirako diseinua egitea beharrezkoa zen, eta Aenak eraikin berrirako lehiaketa antolatu zuen. Irabazlea Santiago Calatrava arkitekto valentziarra izan zen. “La Paloma” deitu zion terminal berriko eraikuntzari, eta funtsezko osagaiak beira, hormigoia eta batez ere kolore zuria dira. “La Paloma” eraikinarekin batera kontrol dorre berri bat diseinatu beharrean topatu zen Aena, esan bezala gero eta hegaldi gehiago zeudelako. Hortaz, Calatravak berak ere “El Halcon” diseinatu zuen. Eraikin honen goiko aldeak belatz baten itxura du. Mamuen terminala Lanek bost urte iraun zuten, eta 2001eko urrian inauguratu zen Loiuko aireportu berria. Harrez geroztik, Sondikako aireportua alboraturik geratu da. Urteetan zehar hainbat iradokizun egon dira bertan behera utzitako pabilioi erraldoiari erabileraren bat emateko, baina alferrik. Hasiera batean BBK bankua terminal zaharraren heldueren pabilioia erosteko prest agertu zen, aireportuari buruzko erakusketak antolatzeko. Beste momentu batean jatetxe bat eraikitzea proposatu zen, toki handia baitzen aparkaleku erraldoi batekin, baina azken ideia honek ere ez zuen emaitza onik eman. Azken proposamena “Air Nostrum” konpainiarena izan zen, pabilioia erosteko prest egon baitzen hangar moduan erabiltzeko. Baina azkenean ez da ezer egin, eta eraikina hutsik dago. Terminalaren leku aldaketak hainbat ondorio ekarri ditu; bai aireportutik hurbil bizi diren pertsonei, bai Aenako langileei. Ezbairik gabe, terminalaren aldaketa gehien igerri dutenak bidaiariak eta aireportutik gertu bizi diren familiak izan dira. Asua aldean, Mari Carmen Torrebiartek etxea Sondikako terminaletik bost metrora dauka, eta bere esanetan, ohituta zegoen hegazkin erraldoiek sortzen duten burrunbetara: “aldaketa ez da nabaria izan” dio andreak, “baina gehien gogaitzen gaituztenak hegazkin arinak eta helikopteroak dira”. Argi dago “Aero Link” eskolak ere bere alde txarrak utziko zituela. Eskola sortu zenetik egunero ikus daitezke helikopteroak praktikak egiten Sondika gainetik. Mari Carmen, kasu pertsonal modura, terminal berriaren urruntasunaz kexatzen da. Gainera, aireportua gaizki komunikaturik dagoela adierazten du: “autobus linea bakarra dago Bilbora, lotsagarria da”. Hala ere, Patricio Gutiérrezek eta Antonio Sanchezek ez dute horrela ikusten. Haien ustez, lehen baino hobeto komunikaturik dago terminal berria. Patriciok zera dio: “Errepideei dagokienez, Loiu eskuragarriago dago Sondika baino, hainbat autopistekin konexio ezin hobea duelako; Txorierrikoa eta A-8koarekin batez ere”. Bestalde, Sondikako aireportua txikia zen, eta zabalkuntza egiteko premia zegoen. Logikoa denez, Sondikako aldean ezin ziren lur desjabetze lanak egin. Desjabetze lanak zelai handietako toki batean egin behar zirelako, eta hortaz, Loiu zen tokirik aproposena. Hegazkinen burrunba Hegazkinek sortzen duten zarata dela eta ez dela, ez dugu ahaztu behar Asuan Derion baino zarata gutxiago entzuten dela, azken herri honetan hegazkinak eraikin altuenetatik metro gutxi batzuetara pasatzen baitira, eta nahiz eta derioztar gehienak zarata handi honetara ohituta egon, kutsadura akustikoaren gaia pil – pilean dago azken egunotan. Gainera, bigarren mailako arazo modura, hegazkinek isatsaren atzetik normalean uzten duten aire korronteek behin baino gehiagotan altxatu izan dituzte etxe bat baino gehiagoko teilak. Irtenbide modura, Aenak plataforma antzeko bat ezarri zuen 12 -30 pistan, Deriorantz ematen duen muturrean. Plataforma honek arlanpa itxura du, eta hegazkinek lurreratzeko orduan marjina minimo bat hartzera behartzen ditu. Etorkizunari begira Loiuko terminalarekiko komunikazioa hobetzearen proiektuak azaldu dira. Aurreko lerroetan aipatu bezala, gaur egun taxiak eta ordu erdiko frekuentzia duen autobus linea bakarra baitaude. Gauza da etorkizunean, aireportuak garai batean Sondikarekin zuen komunikazioaren antzekoa lortzea. Eraginkorra. Tren linea berri bati buruz hitz egiten dute Patriciok eta Antoniok, baina “denbora kontua da”. Era horretan, Loiuk Sondikak izan zuen prestigioa lortuko omen du noizbait. Sondikan egindako berrikuntzak Sondikako aireportuak jasan dituen berrikuntzak gutxi izan dira, baina aldi berean lan handia eman dute: Lehenengo berrikuntza pistaren zabalkuntza izan zen duela hogei urte. Pista berria 12 - 30 izan zen, gaur egun hegaldi komertzialak egiteko erabiltzen dena. Pista zaharra (10 - 28), ostera, bigarren maila batera igaro da. Bigarrena, terminaleko hegazkin-aparkalekuaren zabalkuntza izan zen. Eraikina, duela urte batzuk, handiagoa egin zen hegazkin gehiago sartu ahal izateko. Azken berrikuntza 2000. urtean egin zen. Berrikuntzaren helburua heldueren eraikina handitzea zen, aireportua txikia geratzen ari baitzen. Beraz, terminala ezkerreko aldetik luzatu zen. Urte baterako balio izan zuen, 2001ko urrian Loiukoa inauguratu baitzen. Laburbilduz, “hiru berrikuntzek ez zuten ezertarako balio izan, aireportuaren leku aldatzea erabakita baitzegoen” dio Patriciok. Loiuko berritze lanak Loiuko aireportuak ere berrikuntzak behar ditu, denboraren poderioz behar berriak sortzen direlako. Lehenik eta behin, parkingaren zabalkuntzaren proiektua komentatzen du Patriciok: “ageriko parkinga egitearen proiektu bat martxan da ‘Azkar’ enpresaren parean dagoen lursail batean”. Antza denez, Loiuko terminalak egun dituen 3 solairuetako 3.000 aparkalekuak urriak izaten hasi dira eta espazio gehiago behar da autoak uzteko. Martxan dagoen bigarren berrikuntza heldueren itxarongela egokitzea da. Taxien parkingeko zonaldea beirazko estalki baten bidez estaltzea erabaki du Aenak, “horrela, jendeak senideren bat itxarotean ez du hotzik pasatuko” dio aireportuko lanen gainbegiraleak. Hirugarren berrikuntza ‘Charlie’n zabalkuntza da. ‘Charlie’ak pista nagusia eta aireontzien korridorea komunikatzen dituzten pista zatiak dira. Egun bost daude, eta zabalkuntza posible baten berri eman du Aenak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).