Félix Bilbao: gudari bat San Frantziskon

Aikor aldizkaria 2007ko mai. 10a, 12:53

Artikulua Pedro J. Oiarzabalek egin dau, eta Euskonews & Media aldizkarian argitaratu dabe apirilean. Pedro J. Oiarzabal Eusko Ikaskuntzetan (Politika Zientziak) doktoratu da Nevadako Unibertsitatean (Reno), eta Nevadako Unibertsitateko Ahozko Historia Programako ikertzaile elkartua da. Era berean, La Identidad Vasca en el Mundo liburuaren (Erroeta: Bilbo) eginkidea da.

Félix Bilbao Zamudioko Aginaga baserrian jaio zan 1917ko martxoaren 17an. Félix Espainiako Gerra Zibiletik bizirik atera, eta Estatu Batuetan bizi diran azkenengotariko gudaria da; bakarra, beharbada. Abertzale amorratua da, eta ziurgabetasun handiz ikusten dau euskal egoera politikoa, tartean distantzia egon eta Euskal Herritik kanpo 56 urte eroan arren. Begoñagaz dago ezkonduta –hori be zamudioztarra-, eta lau seme-alaba, lau iloba eta hiru birloba ditu. 90 urte bete eta handik hiru egunera elkarrizketatu neban South San Frantzisko hirian, Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrenaren prestaketa-ekintzen haritik. Ekintzok San Frantziskoko Badiako euskal komunitateak antolatu zituen eta apirilaren 17tik 26ra bitartean izan ziran Euskal Kultura Zentroan. Felixek bertan ospatu eban bere urtebetetzea, senide eta lagunen artean. “62 urte nituala jubilatu nintzan. Eta pasatu dodan guztia kontuan hartuta, ‘65 urteetara ailegatzen banaz, ondo da’, esaten neban. Eta hemendik nabil oraindino. Jainkoari esker, nork esango, ezta? Egia esango deutsut, gustura nago berton eta emaztea be bai”. Bizkortasun handiko gizona da, eta hitz-atsegina dau. Felixen berbek gure memoria kolektibotik gero eta urrunago dagoan mundu batera eroaten gaitue. Bere presentziak eta historiak Euskal Herriko historia garaikideko momenturik inportanteenetariko batera hurbiltzen gaitue. Felix zazpi anai-arrebatik hirugarrena da. Ama, Florentina Dañobeitia, berak sei urte zituela hil zan, eta aitita-amama eta aitagaz, Franciscogaz, hazi ziran. “Ez egoan eskolarik, behiak jagon, bedarra ebagi... eta honela hasi ginan lanean. Baserri handia zan. Guztiok lan egiten genduan baserrian”. 36ko Gerraren hasiera Felix Zamudion hazi, eta bertan lan egin eban, harik eta 36ko Gerra gertatu arte. Felixen historia demokrazia eta askatasunaren alde dana sakrifikatu eban belaunaldi baten historia da, eta bere ibilbidea bizitza barri baten bila Euskal Herritik alde egin behar izan eben milaka euskaldunen ibilbidearen isla da. 1936ko uztailean Errepublikaren aurkako altxamenduak Felixen bizitza eten egin eban. Felixek 19 urte zituan orduan. Altxamenduak ondorio bi izan zituan: lehenengo eta behin, gerra latza eta senide-hiltzailea, eta, geroago, Francoren diktadura militarra lau hamarkadan. “Etxean abertzale peto-petoak ginan guztiok, Mendigozalekoakaz beti. Gerra gertatu zanean, aitaren eskopeta hartu, eta zahar bat eta biok herrian bide-kontrolak egitera joan ginan. Errelebuak lau orduro egiten genduzan, eta honela hiru hilabetean ibili ginan. Gero, gerrara joan nintzan”. Felix sortu barria zan Eusko Gudarosteko Gernika Batailoiaren partaidea izan zan (1936ko urria-1937ko abuztua). Gernikan hilabete bi emon ostean eta Lekeition apur bat trebatu ondoren, Urduñako Leandro Carro Batailoira boluntario joateko eskatu eban. Batailoi horrek Urduñako Haitza, Gasteizerantz berezko komunikabide bezala, berrartzea eban helburu. “300 boluntario eskatu zituen eta neure burua aurkeztu neban, 11. posizioa berrartu behar zalako, eta bai hartu genduela. Bost kilometro ibili ostean, su-etena emon euskuen, eta Gasteizeraino joan geintekezan. Ez neban jakin zer gertatu zan bertan. Esaten genduan ‘baina zergaitik agindu deuskue gelditzeko?’. Frontea apurtuta genduan ordurako”. ‘Amayur’ Batailoia 1936ko abenduan baimena emon eutsien Gabonak Zamudion pasatzeko familiagaz. Orduan ‘Amayur’ Batailoira joateko eskatu eban. Batailoi horretan Victor anaia nagusia eta Basilio anaia gaztea egozan. 1937ko urtarrilaren 6an ‘Amayur’ Batailoiko Bitarteko eta Transmisioen 5. Konpainiara sartu zan Otxandion, Agapito Urarte Susaeta Komandantearen agindura. Felixi Bilbao ‘Txikito’ esaten eutsien, anaiengandik ezberdintzeko. Otsailean, ‘Amayurrek’ ez ezik beste batailoiak be –‘Eusko Indarra’, `Perezagua’ eta ‘Lehenago Hil’– Asturiasera bialdu ebezan, Oviedo setiatzeko asmoagaz. Euren artean ibili zan Felix. “Oviedo ixten ahalegindu ginan, Galiziarako errepidea moztuz, baina ezin izan genduan. Ezker-eskuin joan ginan. Han esku-lehergailuak eta sua baino ez ziran ikusten. Bertoko uztailaren 4ko jaien antza euken”. Asturiasen egon ostean zortzi jai-egun emon eutseezan, baina handik egun bira Otxandiora joateko deitu eben. Ordurako Arabako frontea jausi beharrean egoan Cóndor Legioak agintzen eban abiazio nazionalaren bonbardaketaren eraginez. Durango, Elorrio, Sondika, Lamiako, Bilbo, Galdakao, Eibar eta Gernika bonbardatu egin zituen ordurako. Gernika suntsitu ebenean ‘Amayur’ Batailoia Ondarroan egoan. “Zamaioako ermitan gengozan abioiak pasatu ziranean. Gernikaren bonbardaketaren ostean atzera egiteko agindua emon euskuen. Hurrengo egunean italiarrak ailegatu ziran, baina tirorik ez egiteko esan euskuen. Hurrengo goizean abioiek hainbeste bonba su-eragile bota ebenez dana hondatuta gelditu zan bertan. Erretagoardiari egiten eutsien erasoa eta tropak kikildu egiten ebezan. Ez zegoen zer eginik”. Altxamendu nazionala gertatu eta handik urtebetera Bilbo hartu eben. ‘Amayurrek’ Santanderrerantz egin eban atzera. Tropa italiarrek Felix eta lagunak atxilotu ebezan. Handik gitxira, Eusko Alderdi Jeltzalea eta Mancini Jeneralaren arteko itunaren ondorioz – Santoñako Ituna – gerra amaituko zan Euskal Herrian, baina Estatuan urte bi gehiago iraun eban. “Uste dot itsasontzi bat etortzekoa zala, gu Mexikora eroateko. Laredon gelditu nintzan, eta bertan be José Antonio [de Agirre] izan zan. Hegazkin arin batean alde egin eban 11:30ak inguruan. Artxandan ikusita neban, ni buruzagiakaz ibiltzen nintzalako beti. Italiarrek atxilotu ginduezan, eta eskerrak falangistak ez zirala izan. Horiek fusilatuko ginduezan”. Urteak Legioan Félix eta lagunak Castro Urdialesera eroan ebezan, eta bertatik Miranda de Ebrora trenez. Horrela kapitulu barria hasiko zan Felixen bizitzan, eta urte bian gatibu lanak egin behar izan zituan Espainian zehar, 21. ‘Canero’ Batailoiko eta Marokoko Ejertzitoko 9. Konpainiako partaide moduan. Bere anaia Víctor Galiziara eroan eben, eta Basiliok ihes egitea lortu eban, 1939an Alcañizeko frontean (Teruel) hil egin ba eben be. Bere zorte on eta biziraupen-gogoari esker, Felix Zamudiora bueltatu zan 1939. urtearen erdialdean. Halanda be, handik hilabete bira Felix eta Víctor soldadutzara deitu ebezan barriro. Felixi aukeran emon eutsiezan Adolf Hitlerren aldeko Brigada Urdinak fronte errusiarrean (gatibu lanak) eta Legioa. Felixek Legioa nahiago izan, eta bertan hiru urte emon zituan: bata Melillan eta beste biak Gibraltar eta Algecirasen. Anaiak, berriz, Langileen Batailoia aukeratu, eta han lizentziatu zan. “Horreek bai gabezia, gosea eta gaixotasunak. Bizirik atera nintzan, komandantearen zaldizko egin ninduelako, eta sukaldeburua izaten amaitu nebalako, eta horrela ez nuen goseterik pasatu behar izan. Legioan ikasi neban gauza bakarra jatekoa prestatzea izan zan”. 1944an, ejertzitoan lizentziatu ondoren, Zamudiora itzuli zan. Bando nazionalaren aurka borrokan jarraitu eban 1948ra arte, harik eta Eusko Gudarostea berrantolatzeko aukerea baztertu zan arte. “Hilero bost ogerleko ordaindu nebazan ia hiru urtean, erresistentziari laguntzeko, harik eta ez egoala gehiago ordaindu behar esan eusten arte. Dana amaitu zalako. 1973an emazteak eta biok bidaia egin genduan Hegoamerikatik. Txilen Andoni Ormaetxe Komandantea bisitatu neban, bera guztiaren antolatzaileenetariko bat izan zan. Egun bi lehenago Augusto Pinochetek kolpe militarra emon eban Salvador Allenderen aurka”. Joalea, Estatu Batuetan Felix Begoñagaz ezkondu zan 1948an. Eta 1951eko uztailean Estatu Batuetara joan aurretik, trenbidean, Bilboko kaian, Aranguren eta Arrigorriagako paperfabrikan eta Derioko xaboifabrikan lan egin eban. Horrezaz ganera, Castro Urdialeseko Marina Kafea hartu eban errentan, baina negozioak ez eban aurrera egin, eta oso kinka larrian egon ziran, diru-arazoak dirala-eta. Hiru urte eta urte biko seme-alaba bi ebazan, eta emaztea haurdun egoan. Emigratzea baino beste erremediorik ez eban izan. “Ardiak zaintzera joan nintzan Estatu Batuetara. Espainian ez egoan beste irtenbiderik”. Koinatu baten anaiaren bitartez, Marysvilleko (Kalifornia) Calbert McPherrin arrantxeroagaz kontaktuan jarri, eta sukaldari ibili zan haren arrantxoan urte bian. Soldata haunditzeko itxaropenik ez, eta San Frantziskon ahalegintzea erabaki eban. Du Mini euskal Hotelean ezagutu eban gipuzkoar baten bitartez Los Altos Golf & Country Klubean (Kalifornia) garbitzaile moduan topatu eban beharra. Urte bi pasa ondoren, lorezain lanak egiten hasi zan, eta horrela 17 urte emon zituen. “Lorezain moduan 200 dolar ordaintzen eustezan, baina ingelesa jakinez gero, 2.000 ordainduko eustezan”. Begoña eta alaba Maria Felixegaz bildu ziran 1956an. Hasiera batean Silverman familiaren etxean (Altos Hill) bizi ziran. Emakumeek garbi-ikuzia egiten eben, eta gizonak lorategiak zaintzen zituen. Luis Mari eta Jose Felix semeak Estatu Batuetara 1959an heldu, eta familia lehenengo aldiz batu zan, zortzi urteren ostean. 1963an etxea erosi eben. David seme txikia Estatu Batuetan jaio zen. “Seme-alabak ondo bertakotu ziran, baina gogorra izan zan hasieran, ez ekielako ingelesez egiten. Etxean euskaraz egiten genduan, gaztelaniaz, danetaz. Baina nik ez neban denbora askorik emoten etxean lana dala-eta, eta emazteak be lan asko egin eban etxeak garbitzen”. Erroko Jose Mari Etxamendik San Frantziskoko Du Mini Hotela utzi eutsen senar-emazteei, eta horreek 10 urtean zuzendu eben. “Hotelak 50 logela, jatetxe bat eta taberna txiki bat zituen, eta likoreak saltzeko lizentziarik ez bagenduan be, alkohola saltzen genduan. Horregaitik izan ez balitz, zaila izango zan aurrera jarraitzea. Familiako guztiok lan egin genduan Du Minin. Bezero gehienak euskal artzainak ziran”. Hamar urte lan eta lan pasa ostean, Felix eta Begoñak Hegoamerikatik bidaia egin, eta Euskal Herrira Gabonetarako itzuli ziran. Madrilera heldu eta laster, ETAk Carrero Blanco hil eban. Herriak “gudan jarraitzen eban”. San Frantziskora itzuli ziranean, Felixek Bilbao´s Basque Corner kafetegia martxan jarri eban Market kalean, eta hori 5 urtean egon zan zabalik. Ia hiru hamarkada erretiroa hartuta, Felixek familiaz, euskal erakundeek antolatutako ekintzez eta mus txapelketez gozatzen dau. Euskal Herriaren aldeko borroka oraindino ez dala amaitu gogorarazten deusku, eta alderdi abertzale guztiek inoiz bat egitea amesten dau.