Biokimika Klinikoko eta Patologia Molekularreko Espainiako Sozietateak (SEQC) www.labtestsonline.es webgunea abian jarri zuen martxoan. Bertan analisi klinikoak interpretatzeko beharrezko informazio guztia eskaintzen zaie gaixoei, eta ezaugarri hori duen Espainiako lehenengo webgunea da. Europa mailako proiektua da, eta SEQCk eta Teknologia Sanitarioko Enpresen Federazioak (Fenin) bermatzen dituzte horren edukiak.
Webguneak medikuak agintzen dizkigun analisi klinikoen gaineko informazio zehatza eta zientifikoki egiaztatuta eskaintzea du helburu. Hau da, zertan datza proba bat, zer analizatzen den, zergatik agintzen digute eta zer esan nahi du emaitzak altu edo baxu izateak. Hala ere, webgunea ez da medikuaren ordezkaria, analisiak hobeto ulertzeko tresna baizik, eta medikoak diagnostikoa egitea ezinbestekoa da. Izan ere, webgunearen beste helburu bat gaixoari laguntza ematea da, medikuari bisitak antolatzeko.
Errakuntzarik ez izateko, webgunean ez dituzte “balore arruntak†izenarekin ezagutzen direnak aipatzen, izan ere, teknikek ez dute neurketa-metodo bera beti erabiltzen eta emaitza bat baloratzeko, hainbat aspektu aztertu behar dira; sexua edo adina, beste batzuen artean.
100 proba klinikoen datuak
Gaur egun arte 100 proba kliniko ingururen datuak sartu dituzte webgunean, eta horiek aldizka eguneratuko dituzte. Horretarako, SEQCko batzorde zientifikoak zein kontseilu editorial europar batek beharrezkotzat jotzen dituzten argitalpen berriak eta ikerketak erabiliko dituzte. Webgunea publiko orokorrari zuzenduta egon arren, beste herri batzuetan izandako esperientzia kontuan hartuta, bisiten %20 sanitateko profesionalek egingo dutela estimatzen da.
Ekimena Espainian, Alemanian eta Italian aldi berean jarri dute martxan, eta arrakastatsua izatea espero dute. Horrela, webgunea aspaldian zabaldu zuten Estatu Batuetan eta horrek milioi bat bisita ditu hilabetean. Erabiltzaileek gehien kontsultatzen dituzten probak hurrengoak dira: glukosa, transaminasak, globulu gorriak eta globulu zuriak.
Osasuna