Lezamako baserriak, antzinako lekukoak

Aikor aldizkaria 2007ko mai. 16a, 09:30
Iturria: Monumentos de Bizkaia liburua
Lezaman, Txorierriko gainontzeko herrietan bezala, zenbait etxebizitza berri eraiki dira azkeneko urteetatik hona. Garabiak, kamioiak eta hormigoi-makinak ezagun egin zaizkigu eta epe motzean bizilagun izaten jarraituko dute, ziurrenik. Hori dela-eta, hiriguneak handitu egin dira. Hala eta guztiz ere, Txorierrik baserri-eremu nabarmena du eta Lezaman mota horretako etxe bat baino gehiago aipatu ahal dira, arkitekturari dagokionez. Goitizuri baserria horien adibidea da. XVI. mendeko harlanduzko horma-atal zabalez gainera, 1588. urteko besoa nabarmendu behar da. Bertan inskripzio bitxi eta ikusgarri batek etxea Juan de Araucok egin zuela jakinarazten digu. Iñigo Goiti jabeak berreraiki zuen XVIII. mendean, eta gaur egun itxura modernoa du. Olazarra baserria ere kontuan hartzekoa da, Bizkaiko herri-arkitekturan kasu bakarra baita. Izan ere, barroko klasizista nagusitzen da bere estalduretan. XVII. mendeko baserri horrek hiru solairu ditu: behekoa harlanduz apainduta dago; goikoetan, berriz, zarpiatutako adreiluak daude. Adreilu horiek hormaren gainazala berdintzeko ematen den morterozko lehenengo geruza osatzen dute. Olazarrak garai hartako herri-arkitektura eta arkitektura landuaren artean zegoen lotura agerian uzten du. Azkenik, Isuskitza baserria ere azpimarratu beharra dago, nahiz eta arkitektura aldetik kalitate gutxiagokoa izan. Eugenio Lezama Leguizamónek 1848an berreraiki zuen. Atalpean bi arku beheratu ikusi ahal dira eta goian XVII. mendeko armarria dago. Lezamako baserrietako zerrenda horretan, Eguzkitza, Oxangoiti, Bixentiena, Yube, Olabarri edota Elorria Txikia zein Handia ere gaineratu ahal dira, besteak beste.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).