Etorkinen araoak

Aikor aldizkaria 2007ko mai. 27a, 00:09

Testua: Jabier Lekerika, Txorierri Politeknikako irakaslea.

Etorkinekin keztatuta? Azken aldian gero eta etorkin gehiago dago gure artean eta gutariko asko kezkatzen hasiak dira: segurtasun falta dela, etxe asko okupatzen dituztela, lana banatu beharra dagoela… Buruhauste asko dakarzkigu. Hausnarketa urrutiagora eraman gura dut, eta, lehenengo eta behin, salatu nahiko nuke datozen etorkinek zergatik ez dituzten paperak, zergatik dauden berton paperik gabe eta hori onuragarria dela hemengo enpresarientzat. Etorkinak soldata miserable baten truke prest daude lan egiteko, eta egoera txarrean dauden etxeetan bizi dira. Inork nahi ez dituen lanetan aritzen dira: eraikuntzan, itsasoan edo ostalaritzan gizonezkoak, eta umeak edo nagusiak zaintzen emakumezkoak. Eta lana kentzen digutela aho askotatik entzun egiten da. Munduaren luze zabalean ezin gara denok toki berean bizi, eta berton Afrika, Errumania edo Hego Amerikako biztanle guztientzako leku nahikorik ez dagoela argi dago; baina bai askorentzat. Portugalete eta Karrantzaren arteko aldea ikustea baino ez dugu, km2ko biztanle-kopuruari dagokionez. Orain dela mende bat euskaldunok etorkinak izan ginen beste herri batzuetan. Asko Amerikara eta Australiara artzain joan ziren. Munduan zehar euskal jatorrizko lagun gehiago omen daude Euskal Herrian baino. Gure gizartera gaur kanpotik datozen etorkinak onartu beharko genituzke, gure hizkuntza ikasteko prest agertzen diren, euren ohiturei eta hizkuntzari uko egin gabe, noski, eta berton bertakotzen diren neurrian. Onartezina izango lirateke biolentzia eta lapurtzera etortzea edota gure kultura eta hizkuntzaren aurka jokatzea. Baina hori eta hasieran esandakoa lotu behar ditugu: “paperik gabe eta egoera txarrean ezin da inor onartu”. Arazo honek beste ikuspuntu bat ere badu: etorkinak beharrezkoak ditugu. Lanpostuak betetzeko Europan ez dagoela jende nahikorik entzun hasi gara, eta herrialdeen arteko lehia sortuko dela etorkinak erakartzeko. Etorkinak eskolaratzeak irtenbidea emango die ikastetxe askori; arazo askokoa, baina irtenbidea. Ildo beretik jarraituz, zergarik ez dutela ordaintzen esaten denean, bi arlotatik aztertu beharko zen: paperak dituztenek ordaintzen dute, baina irabaziak euren familiei agintzen diete. Gehienak gazteak dira, sasoi onean daude eta euren herrialdera inoiz itzultzeko asmoa dute. Ordaindutako zergaz hemen gartzen dira eta ez diete erretirorako balio. Paperik gabekoak ez lirateke hemen egon behar, baina zergak zuzenean eman beharrean, hemen erosten eta kontsumitzen dituzten produktu guztien beza ordaintzen dute. Ez da gutxi, eta berdin joan ahal dira euren herrialdera erretiro barik. Esandakoa bakoitzak aztertuko du bere ikuspuntutik, baino nork ez lituzke bereak eta bost egingo, bere etxekoei ogia faltatzen bazaie. Nik, behintzat, bai.