Orain dela hamarkada batzuk kotxeen artean ere ez zegoen orain dagoen besteko ugaritasunik eta ibilgailua bera gure izakeraren bereizgarri gertatzen ez zenez, ginena edo ez ginena adierazteko beronen kristalak pegatinaz josten genituen.
Gogoratzen dituzue kotxeen atzeko leihoak txaplata reibindikatibo zuzen eta nabarmenez betetzen ziren sasoiak? Seat 850etako txakur konformista burukulunkaria modan egon ostekoak… Nuklearrik? Ez, eskerrik asko, eguzkitxo internazional irribarretsua euskaraz ere jarri eta geuretartu egin genuen, ikurtxoak ideologia eta izakera bat islatzen zuen punturaino. ¿Tu no serás de los del solecito? itaundu zidan behin gaur egun 30 urte bueltan ibiliko den ikasle gazte polizia bokaziodun batek.
Geroago etorriko ziren Euskaraz eta kitto! edota Euskal Herrian euskaraz bezalako mezu onirikoak, polizia euskaldunaren aurrean ere aplikatu ezin eta, geure barruen mingotserako, behin baino gehiagotan irentsi behar izan ditugunak, badaezpada ere.
EH etiketa hemen edo CAT Katalunian ere nahiko mezu argiak izan dira eta bati baino gehiagori bihurtu zaio arazo oporretan-edo zezen larru idorreko errepideetan zehar lerratu denean.
Urte batzuetan gure ibilgailuak hauts zein pegatinen aseptikotasunik tristeenean eduki eta gero, lightagoak gara gaur egun. Osborneren zezen potrobikoaren aurrean astotxo katalana jaio zen auto atzeen apaingarri; guk ere ezin gutxiago izan eta otzantasunaren sinbolo den artxo polemikoa zabaldu genuen geure artean eta gero etorri dira pottoka, basurdea eta abarrak. Matrikulek jatorria ezkutatu ondoren, zelan edo halan nongotar garen erakusteko premia sotila sentitu genuen antza denez eta horrela dela sinistuta egon naiz oraintsu arte. Ibilgailuren bati zezena eta artxoa elkarbizitza baketsuan ikusi dizkiodan arte edo munduko hiritar zabal horietako bati kotxerako arditxorik inon ez duela aurkitzen entzun diodan arte…
Baina harago doa orain kontua, aurreko batean, atze asko ikusi behar izaten diren bidaia horietako batean, astoa ikusi nuen zezenaren gainean trosta bizian ekinean... Jo aurrerago eta, hara, oraingoan zezentzarra astoaren atzean zamalkari! Hasieran normala ere iritzi nion abere erakusketa amaigabe honetan piztitxook elkarren lagun eginda goxo-goxo ikusteari, baina argi dago harreman bero hauen azalpena animalion arteko promiskuitatean baino, sinbolizatzen duten giza taldeari irain egin nahian dagoela. Fase esplizituago honetan, nik neuk ez daukat zalantza izpirik popatik ematen nor hasi den.