June Gonzalez, Taek-wondo Espainiako txapelduna ka

Aikor aldizkaria 2007ko eka. 18a, 14:20
Testua: Eder Merino
Eguzkiak aurpegian jo dion bitartean, Espainiako Taek-wondo Txapelketan izandako uneetaz oroitu da. June Gonzalezek (1993) 4 urterekin hasi zen karate munduan, baina 10 urte bete zituenean Taek-wondoa praktikatu nahiago zuela konturatu, eta Derioko Doyan gimnasioan hasi zuen bere ibilbidea. Aurten Bartzelonan egindako Espainiako Txapelketan txapelduna izan da kadete mailan eta, horrez gain, brontzezko domina lortu du Austrian. Burua Hungarian uztailean izango den europar txapelketan du jarrita. Zein sentsaziorekin iritsi zara Austriako lehiaketatik? Sentsazioa ez da bat ere ona izan: nire pisuko jendea ni baino gogorrago eta indartsuagoa zen eta zail izan dut nire teknikak abian jartzea. Horrez gain, finalerdietarako pasea aurretik lortua nuen, eta beraz, brontzezko domina hasieratik izan dut, eta horrekin bakarrik geratu naiz. Esperientzia gogorra izan da, baina, hala ere, Espainiako selekzioan egoteak atsegin handiko uneak eskaini dizkit. Zeintzuk izan dira areriorik gogorrenak? Kroaziakoak oso arerio gogorrak izan dira. Lehiaketa oso gogorra izan da, benetan. Noiz hasi zinen Taek-wondoa praktikatzen? Nola? Hamar urte bete nituenean hasi nintzen kirol hau praktikatzen. Lau urterekin karate ikasketak hasi nituen Sondikan, baina hamar urte betetzean amak aukera bi eman zizkidan: ingelesezko akademia batean hastea ala Taek-wondoan apuntatzea. Eta dudarik gabe bigarrena aukeratu nuen. Horrela izan da orain arte. 14 urterekin Espainiako txapelketa irabazi duzu kadete mailan, nolakoa izan zen final hori? Bartzelonan ospatu zen maiatzaren 5ean eta urte bat gazteago zen Errioxako neska baten aurka aritu nintzen. Hiru borrokaldiren ondoren, irabazteko beharrezkoak ziren 12 puntuak eskuratu nituen. Une horretan ez nuen zer egin jakin, barrutik sentitzen nuen zirrara gehiegizkoa zen, baina senideak zoriontzera hurbildu zirenean negar egin nuela aitortu beharra dut. Zein ekarpen izan du zugan Taek-wondoak? Osasuntsu mantentzeko ematen didan aukera da garrantzitsuena; horrez gain, ondo sentiarazten nau kirola praktikatzeak. Uztailean Europa mailako txapelketan arituko zara. Zer egiteko itxaropenarekin zoaz? Bertan izatea ohore bat da, lehenengo borrokaldia irabaztearekin konformatzen naiz, baina dominaren bat lortzeko aukera badut askoz hobeto. Guztiaren gainetik, nire ametsa olinpiadetan izatea da. Galanek 4. postua lortu zuen Iñigo Galan gaztetxoa Euskadiko txapelduna da 33 kilo baino gutxiago kategorian eta Bartzelonan ospaturiko Espainiako txapelketan ere izan zen; bertan laugarren postua lortu zuen, baina, hala ere, aitortu duenez pozik dago. “Lehenengo aldia izan denez, urduri egon naiz, hainbeste ahotsen artean kontzentratzea zaila izan dut, alde batetik gurasoak, bestetik entrenatzailea, baina horrez gain esperientzia ahaztezina izan da” dio gaztetxoak. Horrez gain, Euskadiko txapelduna hurrengo lehiaketan hobeto egingo duelakoan dago.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).