Mari Tere Aretzaga, haur-literaturaren idazlea: â€

Aikor aldizkaria 2007ko eka. 22a, 15:08
Mari Tere Aretzaga 1943. urtean jaio zen Arrigorriagan. Lezamara duela 35 urte ailegatu zen eta azken 15 urteak haurrentzako istorioak asmatzen eman ditu. Bere liburuak euskarara, galegora, katalanera eta valentzierara itzuli dituzte eta Euskal Herriko eta Estatuko eskoletan lantzen dira. Nola ailegatu zinen liburuen mundura? Ikasi bezain laster hasi nintzen idazten. Garai hartan ez zegoen gauza hoberik egiteko eta nire familiak, xumea izan arren, irakurtzeko grina handia zuen. Gauero libururen baten pasarte bat irakurtzen genuen eta horrek imajinazioa eta idazteko gogoa piztu zizkidan. Eskolan sari batzuk irabazi nituen eta andereñoek animatu ninduten aurrera jarraitzera. Beraz, bizitza osoa eman dut idazten; hala ere, literatura ez dut lanbidetzat, hobbytzat baino. Eta zergatik haur-literatura? Helduei zuzendutako nobelak ere idatzi ditut, baina mundu hori askoz konplikatuagoa da eta arrazoi batengatik edo besteren batengatik ez dut lortu libururik argitaratzea. Foru Aldundirako eta hainbat Udalerako, besteak beste, zerbait publikatuta banuen ere, argitaletxe serio baterako idatzi nuen lehenengo liburua Rana por un día izan zen. Edebe argitaletxeak saritu zuen liburua, eta, horri esker, lanean hasi nintzen argitaletxearekin. Azken 15 urteotan haur-literatura idatzi dut, argitaratu ahal izateko biderik errazena dela ikusten dudalako. Baina, ez pentsa, nagusientzako literaturaren gai batzuek erakartzen naute oraindik! Zaila da 6 urtetik 13 urtera bitarteko ume-gaztetxoentzat idaztea? Ez, 13 urtetik gorakoentzat egitea zailago suertatuko litzaidake, ez dudalako uste gaur egungo nerabeen munduan sartzeko gauza izango nintzatekeenik. Eta saiatu naizen aldietan “gatzgabe” ikusi dut neure burua. Baina umeentzat idaztea beste kontu bat da, ni ere “nahiko ume” sentitzen naizelako, beharbada, eta oso erraza eta erosoa delako fantasia aske uztea mugarik jarri gabe. Funtsezkoa izango duzu “ume-izaera” hori mantentzea… Baina niri gustatuko litzaidake pentsatzea guztiok, helduak eta arduratsuak izan arren, behin izan ginen umea gure barnean gordetzen dugula, eta noizean behin kanpora atera eta arnasa hartzen uzten dugula. Izan ere, hipoteka eta haserrealdiez aparte, ilusio eta askatasun apur bat ere izan behar dugu bizitza honetan. Zertan oinarritzen dira zure istorioak? Egoeraren arabera. Batzuetan orri zuri baten aurrean eseri –hain naiz antzinakoa, ezen oraindik papera eta boligrafoa erabiltzen ditudan- eta burutik pasatzen zaidana idazten dut. Edo munduan gertatu den zerbait hartzen dut abiapuntutzat, edo kezkatzen nauena azaltzen saiatzen naiz… Nire liburuetan, adibidez, ekologismoak eta naturarekiko begiruneak leku garrantzitsua dute. Izan ere, mundu bakarra dugu eta gu mundu horren parte gara, eta zaindu behar dugu. Halako ideiak literaturaren bidez umeei hurbiltzea ezinbestekoa da, nire ustez. Beste ipuin batzuk ere hartu dituzu erreferentziatzat… Bai, ipuin klasikoetan oinarritu naiz liburu batzuk idazteko orduan –Otra vez a Carabás, El otro sastrecillo…- eta beste ikuspuntu bat ematen saiatu naiz edo jarraipena idatzi diot liburuari. Otra vez a Carabás liburuan, adibidez, Katu Botaduna hil ostean markesaren gora beherak kontatzen ditut. Sortu dituzun pertsonaien artean, zein da zure kuttunena? Rana por un día liburuko sorgina, agian. Sorginak igel bihurtu zuen printzea, baina horrek giza egoera berreskuratzen duenean, zoriontsu izaten laguntzen dio. Izan ere, 200 urte igel ibili ondoren, ez da batere erraza lekua topatzea munduan. Eta, alde horretatik, sorgina pertsonaia bihozbera dela uste dut. Dena dela, estimu handiagoa diet, beharbada, oraindik argitaratu ez ditudan liburuetan agertzen diren pertsonaiei, nigandik hurbilago daudelako. Lan asko duzu argitaratu barik? Bai, tiraderak lanez beteta ditut. Baina horietako batzuk ezin dira gaur egun argitaratu, aspaldian idatzi ditudalako eta ordutik hona izugarri aldatu direlako gizartea eta pentsatzeko era. Eta beste lan batzuk atzera bota dizkidate… Se necesita Blancanieves liburuarekin, adibidez, arazoak izan ditut eta katalanez baino ez da argitaratu. Argitaletxeko baten bati liburua “matxista” zela bururatu zitzaion, baina arretaz irakurtzen bada, helarazi nahi dudan ideia argi ulertzen da: ipotxek benetan botatzen dutela faltan Edurne Zuria, hori printzearekin bizi izatera joan ondoren. Aurreko galderari lotuta, zein ipuinek edo liburuk izan zuen eragin berezia zuregan haurtzaroan? Ba, Antonio Roblesen istorioak izugarri gustatzen zitzaizkidan, idazle horrek errealitatea eta fantasia uztartzeko oso era berezia baitzuen. Denetarik irakurtzen nuen, baina, hala ere, ez dut gogoratzen haur-literatura irakurri izana, etxean genituen liburu guztiak helduei zuzenduta zeuden-eta. Paradoxikoa dirudi! Gaur egun antzinako idazleei irakurri nahiago diet, literatura lar errealista idazten dela uste dudalako, eta momentu honetan ez nauelako asetzen. Eta nola ikusten duzu gaur egungo haur-literatura? Apur bat pobre. Irakurtzeko aukera izan dudan berri laburrak kontuan hartuta, haur-literaturan ere eguneroko gai gehiegi lantzen dira, nire ustez. Eta nik askoz atseginago dut imajinazioa eta fantasia aske uztea. Beste bide batzuk topatzen saiatzen naiz, haurren fantasia estimulatzeko. Betiko kontua: gutxi irakurtzen dugu; gaztetxoek, batez ere. Bai, eta eskoletan ikasleei irakurtzeko agintzea ere ez da konponbiderik egokiena, beharbada, umeek obligaziotzat hartzen dutelako… eta badakigu zer gertatzen den obligazioak tartean daudenean… Baina, egia esan, niri ez zait bururatzen beste erarik, umeek irakur dezatela lortzeko. Dibertsioagatik irakur dezaten, gustatzen zaielako. Nire liburuak ikastetxeekin lantzen dira batez ere, eta nik gaztetxoei beti esaten diet hurrengoa: ‘Ez bazaizue liburua gustatzen, mesedez, utzi eta hartu beste bat. Ados?’. Harremanik baduzu eskolako umeekin? Bai, azken 15 urte hauetan Euskal Herriko eta Estatuko hainbat ikastetxetako umeekin egoteko aukera izan dut: Andaluziako eskoletan izan naiz, Zaragozan, Oviedon… Eta umeak leku guztietan dira umeak eta fantasia eta askatasuna maite dituzte. Nire idazteko era aldatu da urteak pasa ahala; orain askoz errazagoa eta hurbilagoa da eta haiek ere konturatu dira, eta horrela esaten didate, gainera. Era berean, elkarri idazten diogu eta oso dibertigarria da, benetan. Zure liburuak euskarara itzuli dira, galegora, katalanera, balentzierara… Edizioak eta edizioak atera dira. Sariak eskuratu dituzu. Pozik egon behar, ezta? Bai, Rana por un día, esate baterako, nire best-sellerra da: 16. argitaraldia atera dute jadanik. Pozik nago. Nahiz eta literatura arloan nahi handirik ez izan, lana balioesten zaizunean egundoko poztasuna hartzen duzu, noski. Literatura alde batera utzi behar izan duzu denboraldi batez, baina hori berriro hartzeko gogoarekin ikusten zaitugu. Neure burua birziklatzen nabil eta helduei zuzendutako literatura berrartzea ere planteatzen ari naiz. Baina ikuspegi fantastiko batetik; lehen aipatu dudan moduan, ez zait gustatzen literatura serioa, ez idazle moduan, ez irakurle moduan. Eta asko irakurtzen nabil, ea zein bide hartzen dudan! Liburuak: Rana por un día (1993) El tesoro de Sam (1995) Las montañas del cielo (1996) El otro sastrecillo (1999) El sueño del abejorro (1999) Es necessita Blancaneus (2001) Otra vez a Carabás (2002) Y todo por un gato negro (2005) Sariak Garbo aldizkariaren saria birritan eman zioten (70. hamarkadan) eta, era berean, Foru Aldundiek eta zenbait herrialdeek saritu dute hainbat alditan. 1993. urtean Edebe saria lortu zuen Rana por un día liburuarekin, eta Las montañas del cielo lanari esker Lazarillo Sarira accesita eskuratu zuen 1996. urtean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).