Goiherri sokatira taldeak 30 urte bete ditu aurten eta, urteurrena ospatzeko, nazioarteko torneo bat prestatzen dabiltza arduradunak eta tiratzaileak. Torneoa abuztuaren 4an izango da Unibertsitate ondoko atletismo-pistan goizeko 10etatik aurrera. Jose Luis Orozko “Txelis†taldearen presidente eta entrenatzaileak emon deuskuz azalpenak.
Zer konta deikeguzu torneo horren ganean?
Suitza, Belgika, Ingalaterra, Irlanda eta Holandako taldeak etorriko dira eta Getxo, Areso, Gaztedi, Mutriku eta Goiherri taldeek be parte hartuko dabe torneoan. Guztiak talde onak dira eta ondorioz, maila handia egongo da. Ikustea merezi izango du. Tiraldien ostean afaria egingo da eta bertan 400 bat lagun batzea espero dogu. Dana ondo aterako ahal da!
Taldean hasiera-hasieratik zabiltza, zein izan da horren bilakaera?
Hamabi lagun hasi ginan 1977an. Hasieran goma zein lur gainean tiratu egiten genduan eta 1982tik 1990era bitarteko tartea oso ona izan zan guretzat, goman titulu guztiak lortu genduzan-eta. Tiratzaile asko egoan Goiherrin eta talde bi osatu genduzan. Baina 1997an goman aritzeari utzi geuntsan, urte osoan zehar tiratzen ibili behar zalako, eta gorputzak atsedena behar dau. Gaur egun 20 lagun gagoz taldean. Kopuru aldetik nahikoa da eta tiratzaile gehienak gazteak dira. Datorren urtean zer gertatuko dan ez dakigu, baina momentuz ondo gagoz.
Emakumezkoen taldea be baegoan…
Bai, eta tituluak be lortu ebezan. Baina taldea pixkanaka-pixkanaka uzten joan ziran: ezkondu zirala, lana zala, seme-alabak zirala… Emakumezkoen taldea barriro osatzeko interesa dabenak badagoz, baina, lehenengo eta behin, entrenamenduak egiteko leku egokia topatu behar da. Izan be, emakumeek goma gainean tiratzen dabe eta kalean ezin da egin. Guk hasieran Unibertsitateko aparkalekuan entrenatzen genduan eta horrela ezin da…
Non egiten dozue gaur egun?
Goiherriko antzinako eskoletan. Bertan gimnasioa eta landatxo bat daukaguz.
Zein izan da taldeak bizitako momenturik gozoena?
Asko egon dira, baina Estatu Batuetan 2004. urtean egin zan Munduko Txapelketa irabaztea oso garaipen berezia izan zan guretzat, lur gaineko sokatira txapelketa bat irabazi genduan lehenengo aldia izan baitzan. Herrian be egundoko jaia egin eben.
Eta txarrena?
92-93 denboraldia, ni bakarrik lotu nintzalako zortzi jubenilakaz. Baina aurrera egitea lortu genduan eta beste batzuk be gurera etorri ziran. Tiratzaileak oso gazte zirala hasi ziran taldean eta gehienek jarraitzen dabe gaur egun.
Indartsu zabiltze: ia txapelketa eta torneo guztiak irabazten dozuez. Azkena Euskal Herriko Txapelketa izan da 680 kilotan…
Egunak dira; gaur lehenengoak lot gaitekez eta bihar, hirugarrenak. Oso maila antzekoa dogun lau talde gagoz: Gaztedi, Mutriku, Areso eta Goiherri. Indartsuenak Gaztedi eta Goiherri gara, beharbada, baina apur bat soilik. Guk tiratzaile gehiago doguz eta horri esker, ez gara beti lagun berberen pentzu egon behar. Beste alde batetik, Goiherrik dauan alde ona hurrengoa da: talde bezala aritzen garala eta tiratzaileen arteko harremana ezin hobea dala. Hori ezinbestekoa da, gero tiratzera joan ahal izateko.
Zelan ikusten dozu sokatira mundua?
Euskal Herrian, txarto. Talde gitxi dago –lehen 50 bat ginan eta orain, sei inguru- eta horreek, Gaztedik eta guk izan ezik, tiratzaile gitxi dabez. Beraz, tiratzaileren batek alde eginez gero, taldea desagertzen da. Instituzioek laguntza handiagoa emon beharko leuskigue, kirol hau praktikatzea ez baita batere merkea: botek, adibidez, 30.000 pezeta balio dabe. Bidaiak be garestiak dira eta, era berean, lokal egokiak izatea ezinbestekoa da, entrenamenduak baldintza egokietan egin ahal izateko. Guk laguntza jasotzen dogu Erandioko Udaletik eta Gaiker enpresatik, baina ez da nahikoa eta diru-zati handi bat gure poltsikotik jarri behar dogu.
Hobeto ote dago asuntoa kanpoan?
Bai, Ingalaterran eta Suitzan, esate baterako, talde asko ez ezik kategoria ezberdinak be badabez. Laguntza gehiago jasoko dabe, ziur asko. Nire ustez, kategoria ezberdinak osatu beharko litzatekez berton be bai, talde barriei aukerak emoteko. Izan be, horreek ezin dira baldintza beretan lehian aritu sokatiran urte gehiago daroaguzakaz eta azkenean, etsi, eta utzi egiten dabe.
Eta taldeen mailari jagokonez?
Euskal Herrian sei talde izango gara, baina euren parean gagoz. Dala gutxi Londresen izan gara torneo batean eta emaitzak hor dagoz: 600 kilotan irabazi genduan eta 560 kilotan bigarrenak lotu ginan.
Nazioarteko torneogaz aurtengo denboraldia amaituko dozue. Hurrengoari begira, zer?
Gabonetan entrenamenduei ekingo deutsegu. Horreek aurreratu behar izango doguz, maiatzean Belgikara eta Ingalaterrara joango baikara, bertako torneoetan parte hartzera. Gure asmoa ahalik eta txapelketa eta torneo gehienetan parte hartzea da, ahal dan guztietan, behintzat. Munduko txapelketetan, barriz, ezin gara aritu, Nazioarteko Federazioak baldintza batzuk betetzera behartzen baikaitu eta tiratzaileak zein Euskadiko Federazioa ez gagoz onartzeko prest. Politika kontuak dira horiek.
Palmaresa
Gizonezkoen taldea: Goma Gaineko Munduko Txapelduna (Holanda, 1990ean)
Emakumezkoen taldea: Goma Gaineko Munduko Txapelduna (Euskadi, 1991an)
Gizonezkoen taldea: Lur Gaineko Munduko Txapelduna (AEB, 2004an)
Gizonezkoen taldea: Lur Gaineko Munduko Txapeldunordea (Suedia, 1988an)
Emakumezkoen taldea: Goma Gaineko Munduko Txapeldunordea (Euskadi, 1991an)
Gizonezkoen taldea: Hirugarren postua Goma Gaineko Munduko Txapelketan (Euskadi, 1991an)
Junior kategorian: Hirugarren postua Lur Gaineko Mundu Txapelketan (Irlanda, 1992)
Zazpi Probintzietako Txapelketa 2
Gizonezkoen taldea: Goma Gaineko Euskadiko 23 Txapelketa
Gizonezkoen taldea: Lur Gaineko Euskadiko 3 Txapelketa
Gizonezkoen taldea: 4 vs. 4 Lur Gaineko Euskadiko Txapelketa 1
Emakumezkoen taldea: Goma Gaineko Euskadiko Txapelketa 2
Gizonezkoen taldea: Goma Gaineko Bizkaiko 14 Txapelketa
Gizonezkoen taldea: Lur Gaineko Bizkaiko Txapelketa 2
Taldeak eta Elkarteak