Eta udarekin batera eltxoak ere etorri dira

Aikor aldizkaria 2007ko uzt. 12a, 13:49

Nork esan dezake eltxoek ez diotela inoiz ziztatu? Intsektu horiek gizaki eta animalien odolez elikatzen dira eta nagusi dira urteko hilabeterik beroenetan. Euren eztenkadek hanturazko lesioak eta hazkura sortzen dituzte, baina kasu batzuetan gaixotasunak kutsatu ere egin ditzakete: denge, sukar horia eta entzefalitisa, esate baterako. Eltxo emea odolez elikatzen da eta arra, berriz, fruten zukuz. Ziztatzen dutenean, emeek ahoa larruazalean sartu eta odola xurgatzeko lana errazten dien odol-hodi txiki baten bila ibiltzen dira. Intsektu hauek mekanismo sentikor bat dute eta horri esker, elikagaia non dagoen jakiteko gai dira. Euren txuan antikoagulantetzat erabiltzen dituzten produktu kimikoak daude eta horrela, erraz dute odola xurgatzea. Era berean, txuak hantura eta hazkura bizia sortzen dituzten osagai narritagarriak ditu. Ziztatu eta handik sei segundora sortzen dira hantura eta hazkura. Eltxoek biktima bat edo bestea aukeratzen dute hainbat faktore kontuan hartuta: larruazalaren kolorea, usaina, gorputzak botatzen duen gas karbonikoa, adina eta osasun-egoera… Gainera, izugarri gustatzen zaizkie gure gorputzaren beroa, izerdia eta hezetasuna. Merkatuan hainbat aukera daude eltxoen eztenkada ekiditeko: limoi-usaina duten kandelak, eltxo-sareak, uxagarriak, ultrasoinuak erabiltzen dituzten detektagailuak, izpi ultramorezko lanparak… Xaboi eta lurrin gozoak ekiditea ere lagungarria da eltxoen aurkako borrokan. Baina, gure eskura dauden bitarteko guztiekin saiatu arren, eltxoek ziztatu egin badigute, hazkura arintzeko erremediorik eraginkorrena amoniakoa erabiltzea da. Orokorrean eltxoen eztenkadak ez dira kezkagarriak; hala ere, euren txuari alergia diotenengan hurrengo sintomak eragiten dituzte: sukarra, zorabioak, urdaileko mina, arnasestuka jartzea eta eztarri edo bular-estura izatea, besteak beste. Kasu horietan larruazalpeko adrenalina, zain barneko difenhidramina eta kortikoideak errezetatzen dira.