Santiago: bizi-bidea

Aikor aldizkaria 2007ko uzt. 12a, 13:52

Testua eta argazkiak: Gaizka Eguskiza

Antzina, jainkozaletasunak, hitzemateak edota penitentziak bultzatzen zituzten pelegrinak Done Jakue Bidea egitera. Agian gaur egun Santiagora joateko zioak aldatu egin dira, baina sinbolismoari eutsi egiten zaio oraindik. Txorierri Bide magiko horren zatia da eta Lezaman erromesentzako aterpea dago. Aikor! aldizkariak bieira lepoan jantzi eta ibilbideari ekin dio. Txorierri Iparraldeko Itsasadarreko Bidean dago; hau da, Compostelako erromesaldi-bide zaharrenetarikoan. Ibilbide horrek 765 kilometro du eta, Hendaiatik hasita, Kantauri itsasoaren kostaldea zeharkatzen du. Lehenengo Aroan Bide Beheko alternatiba bihurtu zen, Nafarroa musulmanen menpe zegoen-eta. Santiago Bidean egoteak eragin zuen, esate baterako, Larrabetzu sortu izana. Eta herri honetatik etortzen zaigu Bidea, hain zuzen ere. Morgatik Goikoelexea auzora heltzen dira erromesak, Larrabetzura ailegatu baino lehen. Hurrengo geralekua Lezama dugu, eta geroago Zamudio. Bertan Pinoa poligonoaren bidea hartzen dugu eta Avrilganara abiatzen gara. Mendi puntan behatoki batek Derio eta Zamudio ikusteko aukera zoragarria ematen digu. Azkenik, bideak Bilborantz jarraitzen du. Iparraldekoarekin batera hainbat bide daude Santiagora ailegatzeko, zenbat kilometro ibili edota nondik atera nahi denaren arabera. Famatuena Bide Frantzesa da, hau da, Roncesvallesetik hasi, Nafarroa, Errioxa eta Gaztelutik pasatu eta Santiagon amaitzen dena. Historiaz zein monumentuz josita dago eta “horregatik jende gehiegi biltzen du”, dio Carlos Eraso Bizkaiko aterpeen koordinatzaileak. “Kostaldeko bidea ez du hainbeste jendek hartzen, baina azken bolada honetan gero eta erromes gehiagok hori aukeratzen dute. Beste alde batetik, fisikoki gogorragoa izan arren, natura aldetik askoz politagoa da”, azaldu du. “Drogarik potenteena, Santiago bidea” Igarobidea izateaz gain, Txorierri atseden hartzeko leku aproposa da, erromesentzako aterpea azken lauzpabost urteotan Lezaman ezarri baita. Bere arduradunak Jesús Gordoa du izena. Lezamarra izan arren, aspaldian Alakantera joan zen bizitzera. Lezamako aterpea udan eta arratsaldez besterik ez dago irekita –uztailaren 1etik irailaren 30era arte, 16:00etatik aurrera–. Hain ordutegi eta epe mugatua izan arren, 1.000 erromes inguru hartu zituen iaz, eta aurten gehiago espero dute. Gainera, txikia da –10 lagun baino ezin dira gaua pasatu ohasketan, eta beste batzuk koltxonetetan–, “baina handiagoa izango balitz gehiago etorriko lirateke”, dio Gordoak. Horretaz aparte, aterpeak ez du kanpotik itxura onik. Hala ere, barruan garbitasuna, ur beroa eta aire girotua eskaintzen dira. Dena dela, behin-behinekoa da, Lezamako Udalak bi urte barru eraikiko duen erabilera anitzeko eraikinean lekua emango baitio. Gordoak etxola horren sinpletasuna defendatu du. “Erromesak nekatuta eta izerditan etortzen dira eta nahi duten gauza bakarra ohea eta irribarrea, hau da, ongi etorri beroa da, eta horixe da hemen ematen dieguna. Eta gero gauez, hitz egiten dugu eta pote bat hartzera joaten gara denok elkarrekin. Horrela, haientzat aterpeak Donostiako Maria Cristina Hotela baino hobeak dira”. Beraz, “erromesak Lezamatik pozik” irteten direla baieztatu digu Gordoak. Aterpe-zain horrek lau aldiz egin ditu Bidea eta horri buruz hitz egiten duenean bere begiek distira berezi bat erakusten digute. “Bidea egiteak bizitza aldatzen dizu, drogarik potenteena da-eta. Bizitzan zer den garrantzitsua irakasten dizu bideak”. Bere esanetan, bizi-bidea da erromesaldia, bizitzan gertatzen den moduan, bidean denetarik baitago. “Egun batzuetan alai ibiliko zara, besteetan triste... Eta Done Jakue Bidea amaitzen denean, bizi-bidea hasten da”, dio Gordoak. Erlijio baino, espiritualitatea Ildo honi jarraituz, aterpe-zainak uste du erromes orok Bidean zerbait bilatzen dutela. “Bidea egiten denean, inguruan ez dago inor, ez dago ezer. Beraz, zure barnera begiratzen duzu eta horrela norberaren bilaketa bihurtzen da. Batzuek ez dakite zeren bila doazen eta beste batzuek erantzuna ematen diete hainbat galderei, zeinak bidaia egin baino lehen ez baitzitzaizkien ezta burutik pasatu ere egin”, aipatu digu Jesúsek. “Fenomeno magikoa da, ezin da azaldu, eta ez naiz erlijioaz ari, espiritualitateaz baizik”. Izan ere, erlijioa ez da Bidea egiteko arrazoirik nagusiena, Julio Mendaza Done Jakue Bidearen Lagunen Bizkaiko elkartearen presidentearen iritziz. “Oso fededunak direnak eta Bidea oinutsik egiten dutenak egon badaude, baina oso gutxi dira, egia esan. Aterpeetan bibliak jarri ditugu erromesen eskura, baina normalean ez dute irakurtzen”. Hala ere, horrek ez du garrantzirik. “Bidean errespetua da nagusi. Eta handik aurrera, elkartasuna eta laguntasuna sortzen dira, bai erromesen artean, baita erromesen eta eurak pasatzen diren herrietako lagunen artean ere”. Mendazak hainbat istorio eta hainbat bizitza ditu oroimenean. “Brasildar batek Bidea amaitu nahi izan zuen, nahiz eta behatz bat minduta izan. Compostelara ailegatutakoan, moztu behar izan zioten. Beste alde batetik, minbiziak jotako Ingalaterrako agure batek Bidea egin nahi zuen. Soinean testamentua zeraman eta horren arabera, hil izanez gero, lurperatu behar zuten hil zen lekuan bertan”. Horiek guztiek bizi-bidea bilatu zuten, akaso, eta baliteke erantzunak topatu izana. Gureak argitu nahi baditugu, Done Jakue Bidea egin beharko da... Mitoren sorrera Done Jakue Jesusen dizipulurik sutsuenetarikoa izan omen zen eta horregatik, Herodesek burua moztu zion Kristo osteko 42. urtean. Sinbolikoki oso garrantzitsua da, Jesusen doktrina defendatzeagatik hil zuten lehenengoa izan baitzen. Legendaren arabera, bere jarraitzaileek gorpua lapurtu zuten Palestinan eta aingeru batzuek zuzendutako itsasontzian eraman zuten Galiziara. Bederatzi mende beranduago Done Jakueren hilobia Compostelan topatu zen. Harrezkero, Europako erromes-ibilaldirik nagusiena bihurtu da eta milaka lagun joaten dira urtero Galiziara. Bideak erromes gehiago hartzen ditu jubileu-urtea bada, hots, Done Jakue eguna –uztailak 25– igandea denean. Aurten ez da horrelakorik gertatu, baina argi dago, 1122an Calixto II Aita Santuak arau hori ezarri zuenetik hona, jubileu-urte horiek bereziak direla. Unescok Munduko Gizadiaren Ondare izendatu zuen Done Jakue Bidea 1993. urtean. Hori jubileu-urtea izan zen. Geroztik, erromesaldiak garrantzia hartu du eta 2006an, esate baterako, 100.000 erromes hurbildu ziren Santiagora. Erromesaren hitza Egun hauetan Txorierriko errepideetan hainbat erromes dabiltza eta batzuekin egin dugu berba. Josephek, esate baterako, 23 urte ditu eta Zelanda Berritik dator. Friederike bere neska, aldiz, Alemaniakoa da. Euskal Herria gustatu zaie “oso berdea” delako eta Bidea egin dute “esperientzia ezberdin bat egin nahi” zutelako. “Bideak lasaitzen du, natura zoragarria ikusten da eta neurri txikiko turismoa da. Gainera, norberaren buruaz, etorkizunaz eta bizitzaz pentsatzeko aukera ematen dizu”. Pentsatzeari garrantzi handia eman diote ere Victoria eta Antonio Bartzelonako mendizaleek. “Oso espirituala da bidea; ibiltzen den bitartean hausnarketa egiteko gomendatzen dugu”. Behin baino gehiagotan egin dute bidea, baina Euskal Herritik pasatzen diren lehenengo aldia da, eta pozik agertu dira. “Guretzat oporrik onenak dira: ez dago jende gehiegirik eta harreman zuzena duzu janaria, jendea eta tokian tokiko kulturarekin”. Halaber, Pierrek “herrialde ezberdinetako jendearekin harremanetan egotea gustuko du”, eta horregatik egin zuen lehenengo aldiz Done Jakue Bidea. Horretaz aparte, frantses horrek “kultur zein historia ondarea” ere atsegin ditu. “Katolikoa naiz, baina ez naiz elizkoia. Dena den, gustatzen zait bidean dagoen espiritualitatea”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).