Zamudion zehar

Aikor aldizkaria 2007ko uzt. 24a, 14:00
Testua: Amagoia Guezuraga
Orain oporrak heldu diranean eta eguraldi ona datorrela emoten dauenean, denpora librea hemengo inguruak eta ondarea ezagutzeko aprobetxau leiteke. Horra proposamen bat, ibilaldi bat Zamudion zehar. Ibilaldi honek San Tomas ermitea izango dau abiapuntu. San Tomas ermitea 1796ko suen (etxeen) erroldan agiri da. Ermitan hiru irudi dagoz: San Tomas, San Anton abadea eta San Martin. Ermita honen jai eguna abenduaren 21a da; beraz, egun hori noiz jausi eta osteko domekan ospatzen da. San Martin, barriz, Zamudioren zaindaria da. Sandoikaurrekoa eta Sandoikabarri baserrietako bidetik jarraiturik, Lekunbarriko karabia ezkerretara itxi eta Julerantz abiatuko gara. Daño auzoan, Urresti mendian, San Migel ermitea dago. Ermita hori "Daños" gisa agiri da 1588ko dokumentuetan; 1672an kanpantorrea eukala aitatu zan. 1984an barriztau egin zan. Haren jai eguna irailaren 29a da. Arginena eta Etxeandia baserrien atzetik Geldo auzorako bidea hartu eta Berreaga mendiaren magalean San Bartolome ermitea ikusiko dogu. Lau irudi dagoz han: San Bartolome, San Paulo, Jesusen Bihotza eta Ama Birjinea. Iturrizak idatzi eban lez, San Bartolome ermitea Berraga mendian bertan egoan eta Laukariz nahiz Geldoko auzotarrak joaten ziran hara. Halan be, auzo biren artean eztabaidaren bat izan zan eta laukariztarrek San Bartolome irudia hartu, eta Santiago eleiza eraiki eben beherago. Orduan Geldoetakoek hemen aitatutako ermitea eraiki eben. Beste alde batetik, Berreaga mendian bertan badira antxinako babesleku bat eta gotorleku bat. Leku horretan indusketak egin ziran 1989an eta 1990an, eta ermitako hondakinen alboan horma zati bat eta eraikin batzuk topau ziran. Aztarnak II. Burdin Aroan kokau leitekez. Harresitik kanpo, gotorlekuari lotutako nekropolia dago eta hilarri anegrafiko protohistorikoak aurkitu dira han. San Bartolometik Zamudiorantz jatsiko gara. Derioko lurretan Kadaltso errotea dago. Errota hori 1622koa da eta "Arzubia" zan haren antxinako izena. Kadaltsotik paraje, Arteaga errotea dago. Dokumentuetan 1548koa dala agiri da baina arterakoagoa dalako susmoa dago. Eraikina burdinola zan hasiera baten, eta Zamudiotorreko jauntxoa zan haren jabea. Arteaga errotatik Zamudioko eleizaldera joateko, Arroetako aldatsa igon behar da. Arroa burdinoletatik ateratzen dan sarra da eta hortik dator aldaparen izena.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).