Joseba Etxebarria, bikoizketa-aktorea: “Euskaraz

Aikor aldizkaria 2007ko ira. 14a, 09:18
Joseba Etxebarriaren abotsa ezaguna da sobera, izan be, hori lan-tresnatzat dau eta hainbat aktoreri eta animazio-pertsonaiari eutsi egin deutse. Dokumentaletan, spotetan… be larrabetzuarrari entzuteko aukerea izan dogu. Kamara atzean egiten dan beharra da berarena, baina interesgarria eta zoragarria be bai. “Azken batean gu be aktoreak gara”. Nola ailegatu zinan bikoizketa mundura? 1980/1. urtean Euskal Telebista sortzeko lehenengo urratsak emoten hasi ziran eta aldi berean, bikoizketa-aktoreak trebatzeko eskola bat zabaldu zan Donostian. Eskolak egin eban bigarren deialdira bost lagun bizkaitar aurkeztu ginan, baina Donostiara egunero joan behar eta batzuek itxi genduan. Handik urtebetera beste ikastaro bat egin eben Bilbon eta 20 bat lagunek emon genduan izena. Ikastaroaren ondoren enpresak sortzen hasi ziran eta gu be bikoizketak egiten hasi ginan enpresa horreetan. Baina zergaitik lanbide hori aukeratu? Hogei urtegaz edozein gauza barritan sartzera animatuta zagoz. Ni euskararen munduan mugitzen nintzan ordura arte, AEKn izan nintzan materiala prestatzen, ikastaroak emoten… Eta beste esperientzia barri bat zan euskararen inguruan. Kantatzen be ibilia nintzan… Eta, beno, gaztetan halango gauza barri batek erakartzen zaitu. Mixer enpresan egiten dozu beharra, zein da zure ardura bertan? Bikoizketak egiten badodaz be, euskarazko testuak zuzentzea dot ardura nagusia gaur egun, eta bide horretatik jarraitzeko asmoa dot, ganera. Salako zuzenketak be egiten dodaz noizbehinka; hau da, aktoreen beharra-eta ikustatzea. Animazioa, dokumentalak eta publizitatea lantzen doguz filmez ganera, eta irakaskuntzarako audio-materiala be prestatzen dogu. Era berean, sustapen-bideoak egiten doguz enpresetarako, eta abar. Zein pertsonaiei jarri deutsezu abotsa? Jesus! Pertsonaiarik ez dot gogoan momentu honetan. Eta, egia esan, ez dot pertsonaia nagusi asko egin; normalean bigarren mailako pertsonaiak bikoizten dodaz. Dana dala, gaur egun gehiago nabil publizitatean eta dokumentaletan… Umeak Songokugaz gogoratzen dira bereziki. Urte mordoan izan nintzan horreri abotsa jartzen. Eta lehenengoa zein zan gogoratzen dozu? Bai. ETBk Hallo Spencer marrazki bizidunak emon ebazan hasieran. Horreek Alemaniako marrazki bizidunak ziran, oso politak, bortizkeria bakoak eta oso ondo landuak. Nik Elvisen papera egin neban serie horretan. Elvis mutil kokoloa zan, Spencerren laguntzailea. Eta bikoizten pertsonaiarik gatxena? BBCk ekoiztutako telesail batzuk bikoiztu genduzan orain dala urte batzuk. Shakespeareren lanetan oinarritutako saioak ziran eta aktoreek oso dramatizazio ona eben, adierazkortasun handiko aktoreak ziren. Ganera, oso plano laburrak ziran eta ahoak eta keinu guztiak nabarmenki ikusten ziran. Gatxa izan zan bikoizketa horiek egitea, eta aurretik testua euskaraz prestatzea be ez zan lan erreza izan. Zeintzuk dira eszenarik zailenak bikoizteko orduan? Esaldi laburrak diranean. Halako kasuetan askoz zailagoa da aktoreagaz bat egitea. Kamara aurrean dabilzen aktoreek abotsagaz ez ezik gorputzagaz, eskuekaz… be egiten dabe lan; zuek, barriz, abotsagaz besterik ez. Zaila izan behar dau horrek benetan. Bai, ondo egitea zaila da, baina “onargarria” egitea ez da hain gatxa. Teknika da azken batean, eta teknika gauza mekanikoa da: ekinaren ekinez ikasten da. Ondo egiteko, ostera, aktorearen begietara eta keinuetara egon behar dozu adi, eta, horrela, espresio guztiak transmititzen ahalegindu. Egindako zein lanagaz zagoz pozago? Ezin dot esan, ez dot oso txundituta utzi nauen lanik. Gauzak ondo egiten eta besteen lekuan jartzen saiatzen zara beti. Hau da, aktore bat bikoizten badozu, aktore hori zara momentu horretan eta hori izaten ahalegindu behar dozu, ganera. Dokumental batean, ostera, entzulea edo ikuslea izan behar dozu buruan: gauzak zelan hartuko dituen pentsatu, berbak ondo esan, astiro… Zutaz aparte beste norbait dozu buruan beti eta horren haritik zoaz. Dokumentalak, publizitatea, filmak… zeinetan zabilz gusturago? Marrazki bizidunetan, izan be, pertsonaiak exajeratuta, karikaturizatuta dagoz eta zuk be karikatura horretan parte hartzen dozu: pertsonaia leloa bada, lelo-abotsa jarri eta zure ukitua be emoteko aukerea dozu. Baina dramatizazio sakonetan beste kontu bat da, zaila da eta horreetan be gustura egotea gura izango zeunke. Exijentzia maila oso altua da eta ez zara sekula erabat gustura lotzen. Marrazki bizidunetan abotsagaz jolasteko aukerea dozue, filmetan? Normalean ez. Testua prestatu eta jatorrizko aktorearen abotsetik hurbilen dagoan bikoizketa-aktorea aukeratzen da, paper hori egiteko. Dana dala, pertsonaiak ñabarduraren bat badau, ñabardura hori emoten da ahal dan neurrian. Zein ezaugarri bete behar dau bikoizketa aktore batek lana sinesgarria egiteko? Ez dago ezaugarri berezirik. Norbera oso harkorra izan behar da. Bikoizketa-teknika menperatzeko erraza da, baina aktorearen barruko espresioak-eta bereganatu eta besteei transmititzea zaila da. Batzuek lortzen dabe, oso onak diralako, eta abotsa modulatzeko eta abarreko ñabardurak edo espresioak hartzeko gaitasun handia dabelako. Pertsonaiak era ezberdin batean landu behar dira, bakotxa ezberdina dalako. Eta bikoizketa-aktore batek aktorea izan behar dau, azken batean. Zenbat denbora emoten dozue lan bat bikoizten? Zortzi orduko lanaldian filma baten ordu erdia egiten da. Filmak ‘take’-tan (30 segundoko ataltxotan) zatikatzen dira. ‘Take’ bakotxean pertsonaia bakarra, bi, hiru, lau… izan daitekez. Bikoizketa-gelan egiten dan lana zera da: ‘take’ bat hartu eta aktoreek euren pertsonaia aztertzen dabe. Entseguak hiruzpalau aldiz egiten dabez eta horreen ostean, behin betiko bikoizketa grabatzen da. Marrazki-bizidunak badira, 20 minutuko saio pare bat grabatzen dira lanaldi batean. Kamara aurrean agertzen diran aktoreek etxera daroe beharra, zuek be bai? Ez. Horreek ezin dabe paperik erabili kamara aurrean; guk, bai. Inoiz izan zara kamara aurrean? Edo pentsatu dozu? ETBtik atera naz inoiz, baina ez dot sekula be parte hartu film edo laburmetraia batean. Eta pentsatu be ez dot egin. Askotan dinogu: “ze ondo egin dau aktore horrek!”. Baina bikoizketa-aktorearen lanak be zer ikusi haundia dau horretan. Zein portzentaje jagokio bakotxari? Ezin da neurtu. Adibidez, Constantino Romerok Clint Eastwood bikoiztu dau betidanik eta jendeak horreek biak lotzen ditu. Beste batek Eastwoodi abotsa jarriz gero, ez litxakio jenteari gustatuko, ziur asko. Aktore horreen artean ‘feeling’-a sortu da eta oso gatxa da esatea bakotxari zer jagokion. Halan be, zuen lana ez dagoala behar beste baloratuta dinoe… Beno, hori bikoizketa asko egiten daben aktoreek esan beharko leukie; bikoizle onek, hain zuzen be. Ez dakit, beste lan batzuek be ez dabe balorazio berezirik izaten… Dana dala, film bat gustatu danean eta aipamen berezirik egin ez danean, hori berez balorazio positiboa da, nire ustez. Izan be, filma bere osotasunean hartu da eta bikoizketak be, noski, zer ikusia izan du emaitza on horretan. Eta zelan dago zuen mundua? Euskal Herrian gitxi bikoizten da; gura geunkena baino askoz gitxiago. Katalunian, adibidez, gehiago egiten dabe. Sarritan ikuslegoa be kexatzen da, serie asko errepikatzen diralako… Beno, guk ETBrako egiten doguz bikoizketak neurri haundi batean, eta telebistak agintzen dauana egiten da. Publizitateari jogokonez, ba, ETB2rako egiten dana euskaraz bikoizten da ETB1erako. Estatuan egiten dan bikoizketa munduko onena dala dinoe… Izan be, Francoren garaian dana bikoizten zan zentsura dala-eta. Ohitura haundia egon zan bikoizketaren inguruan eta aktoreek urteak eta urteak eman dabez behar horretan. Baina beste herri batzuek –Ingalaterra eta Frantzia, kasu-, barriz, ez dabe horren “beharra” izan, eta bikoizketari baino, ekoizteari ekin deutsie gehienbat. Eta Euskal Herrian egiten dana? Beti abots berberak entzuten dirala dinoe. Eta, egia esan, ez dago lan askorik eta ondorioz, ezin da jente barria sartu. Estatuan be zerbait antzekoa gertatzen da, baina gurea eremu txikiagoa danez nabariagoa da berton. Beste alde batetik, gu hasi ginanean euskara mundutik etorritako lagunak ginan, irakasleak, esatariak… eta gaur egun antzerkigintzatik datozan gazteak pixkanaka-pixkanaka sartzen ari dira mundu honetan, lan puntualen bidez. Positiboa da, gazte horreek ondo prestatuta dagozalako… Eta, argi dot: ahalik eta abots-gama gehien egon, hobeto. Baina ezin da jente gehiago trebatu eta itxaropen faltsurik sortu, gero lanik ez badago. ETB2rako egiten diren bikoizketak ETB1erako egiten diranak baino landuagoak dirala irakurri deutsagu bati… Nik film bat ikusten dodanean bikoizketa-aktorea ikusten dot beti, eta hori gertatzen jat bai gaztelaniazko filmetan, bai euskarazkoetan. Baina hobeak ala txarragoak diran? Ez dot uste alde haundirik dagoanik. Euskaldun gazteek erantzun beharko deutsie horreri, beharbada. Izan be, urte gehiago doguzenok zinea gaztelaniaz ikusi dogu beti eta belarria erdarara eginda dogu; hau da, filmak gaztelaniaz entzutea naturalagotzat hartzen dogu. Horren ondorioz, euskaragaz kritikoagoak gara edo adiago gagoz, beharbada. Niri, behintzat, horrela gertatzen jat. Dana dala, kalitatezko lanak egiten dira Euskal Herrian? Bai, zalantza barik. Oso lan onak egiten dira. Abotsa lan-tresnatzat dozu. Galdu dozu inoiz? Askotan. Afonia asko izaten dodaz, baina erremedioa be topatu dot: limoia eta eztia hartu… Halanda be, ez dot abotsa bereziki zaintzen, eta batzuetan txuflaren bat dozu eta hurrengo egunean nabaritzen da lanean. Irakaskuntzarako materiala, sustapen-bideoak, spotak… Abots ezaguna da zurea, leku askotara ailegatzen dana. Behin alaba EGA azterketatik etorri eta: “jo, aita! Zu izan zara grabazioan”. Edo lagunak dinotsu: “erakusketa batean egon naiz, euskarazko audiofonoa hartu eta zure abotsa entzun dot”. Alde horretatik lan atsegina da, izan be, zabala da. Horrezaz ganera, eta euskarazko zuzenketei jagokenez, hainbat itzulpen ezberdin egin behar dira dokumentaletarako edo spotetarako eta nobedadeak dozuz beti esku artean. Polita da alde horretatik be bai. Hurbiletik 1982an Bilbon ikastaroa egin ondoren, Galdakao Studio enpresan ibili zan bikoizle, bikoizketa zuzendari eta itzultzaile-egokitzaile. 1985ean beste lankide batzuekaz batera Edertrack enpresa sortu, eta bertan jardun izan dau orain dala bi urte Donostiako Irusoin enpresaren bikoizketa sailagaz bat egin eta Mixer enpresa sortu eben arte. Edertrackeko lehen urteetan itzultzaile-egokitzaile barrientzako ikastaroetan irakaslea izan zan. Bikoiztutako pertsonaia edo aktore batzuk: - Mat Damon: Finding Forrester - Elvis: Hallo Spencer (Kaixo Spencer) - Songoku: Dragon Ball (Dragoi Bola) -Txakurra: CatDog (Txakur-katu) - Stimpy : Ren & Stimpy (Ren eta Stimpy) - Tom: Tom & Jerry (Tom eta Jerry) - Lukas ahatea: Warner etxeko pelikuletan. Bikoizketa zuzendari legez egindako lan batzuk: - All the horses are beautiful - Gandhi - Rabit Prof. - fence - Waines world - Vertical limit - Beyond Rangoon - Dr. Jeckyl and Mr. Hyde - Dragon Ball - Luky Luke - Blazing dragons Ehundaka kanta, olerki eta antzeko testu itzuli eta egokitu ditu pelikula eta marrazki bizidunetarako. ETBko ‘Izar bila’ saiorako kanten euskarazko bertsioetako hitzen egilea be izan zan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).