Potato taldearen agurra, Txorierrin

Aikor aldizkaria 2007ko ira. 17a, 14:33
Duela 23 urte abenduaren 31n eman zuten lehendabiziko kontzertua. Aurtengo abenduaren 31n emango dute azkena. Behin betiko agurra esateko momentua gero eta hurbilago dago. Zamudio, Larrabetzu eta Lezamako jaietara ere etorri dira agur esatera.
Ez da berbarik egokiena baina, nola daramazue agonia hori? Pedro Aianai: Agonia atsegina da, eutanasia antzeko zerbait. Uste genuen baino pozgarriagoa ari da izaten, jendearen erantzunagatik batez ere. Beti tratatu gaituzte maitasun handiz eta orain, gure azkena izango dela jakiterakoan, kariño handiagoz oraindik. Jarraitzeko eskatzen digute…, baina erabakia hartuta dago. Eta Gracias eta Agur bira? Uste dut Potatoren 23 urte eta 9 diskoen laburpena egiten ari garela, gauza berriren bat ere sartuz. Hori da, poztasunez eta ezkerronez egin gura dugu gure azken bira, hortik dator izena. Datorren urteari begira Hegoamerikatik eta Europatik zerbait egiteko asmoa duzue… Bai, gure aldetik badago interesa eta bi edo hiru agentzia dabiltza proiektua zehazten: Argentinara seguruenik, Chile eta Mexikora, agian, Europan ere ia seguru… Guretzat pozgarria litzateke han ere agur esatea, diskorik argitaratu gabe han ere ezagunak garelako. Zergatik agur esatea orain? Denak du hasiera eta amaiera. Potatok hasieran jarri zituen helburuak bete dira. Beno, ez genuen helbururik markatu, garai hartan Euskadin egiten zen musika apur bat aireratzea baino ez genuen gura; musikaren irudi ez hain dramatikoa eta ez hain bortitza nahi genuen. Gure asmoa desdramatizatzea zen, gaizki pasatu arren, gauzak ikuspuntu desberdinetatik uler daitezkeela erakutsi, eta guzti hori beti mantendu dugun kritika sozialetik eginez. Potato beti izan da plataforma antzeko bat zerbait aditzera emateko, musika baldintza konkretu batzuen menpean, musika jamaikarraren, reggae, ska eta deribatuen bitartez hain zuzen ere. Askotan berriztatu da, 50 baino musikari gehiago pasatu dira bandatik, baina gurdiaren aurretik beti egon da norbait: guztiaren gidaria Pako PKO izan da, 23 urtez mantendu dena eta denak batzen jakin duena. Horrela ba, Pako apur bat nekatuta dagoelako, sartzen zen jende berrien ekarpen eta, ondorioz, disko berrien dinamika apurtu delako, Juan Barikóren (Jhonny Brusko) heriotza dela eta…, “honaino heldu gara” esan genuen. Inoiz ez genuen imajinatuko hain urrun helduko ginela. Nola laburtuko zenuke 23 urte eszenatoki gainean? Berba bitan, oso gratifikanteak. Ez dakigu ondo zergatik baina Potato jende askorengana heldu da, eta hori oso betegarria eta pozgarria da. Ez gara bakarrik heldu Gasteizko gure lagunengana, baita Euskadi osora, Malagara, Extremadurara eta Peruko jendearengana ere… Gainera Potato identifikatzen duen musika egin dugu: ez da reggae, ez da ska; hasieran esaten genuen bezala punky-reggae party-banda bat gara. Eta zein momenturekin geldituko zinatekete? Oso subjektiboa da hori, bakoitzak bere une berezia izango du, seguru, eta emozioz beteriko momentu asko izan dira… Gasteizko pasa den abuztuaren 4ko kontzertua azpimarratuko nuke, aurtengo jaien hasierakoa: geure hirian 10000 lagun batzea Potato bakarrik ikusteko…, uf! Jende asko emozionatu egin zen eta geu ere bai, zelan ez. Musika transmititzeko tresna da. Zer da zuek publikoari transmititu diozuena, eta alderantziz? Topikoa dirudi baina egia da, publikoak izugarrizko energia transmititzen du, niretzat behintzat droga baten antzekoa da, adrenalina igoera itzela… Hasieran taldea egin genuenok ez ginen musikariak; zalapartariak edo komunikatzaileak baino. Pentsatzen genuena transmititu gura genuen. Punkaren abagunea aprobetxatuz, musikarik jakin gabe eszenatokira igo eta bizi ginen inguruaz pentsatzen genuena esaten hasi ginen, orduko eta gaurko Euskadiren inguruan, euskaldunak garela esateko, eta Euskadi, beste gauza batzuen artean, tropikala eta libertarioa dela esateko (anarkista ez esatearren). Abuztuan Gracias eta agur diskoa kaleratu duzue eta Durangoko Azokarako ere zerbait prestatu duzue… Mini-CD bat atera dugu hiru abesti berrirekin. 2000 aleko argitalpen mugatua eta zenbakitua egin dugu, 5 eurotan saltzen dena. Baina doanekoa ateratzen da gero Durangoko Azokan argitaratuko dugun DVDa erosi ezkero 5 euroak deskontatu egiten baitira. DVDa disko-liburua izango da, Gasteizko kontzertuko irudiekin, Potatoren historiaren dokumentalarekin, Gasteizko marrazkigileek Potatori buruz uste dutenaz taxututako liburuarekin, abesti ezagun eta berriekin eta aparteko gauza askorekin… Hauxe izango da azken legatua, Potatoren testamentua. 2000 urtean ere taldea desagertzear izan zen, baina azkenean aurrera jarraitu zenuten. Oraingo honetan, ez dago bueltarik? P. (Pako PKO): 2000. ez zen desagertzeko planteamendurik izan. Zera gertatu zen, taldeko musikari asko beste talde batzuetara joan zirela, reggae lasaiago bat egitera, hondartzarako musika... Taldea berrantolatu behar izan genuen, tronboi jole eta teklatu jole batekin bakarrik geratu bainintzen. Abaguneko arazoa izan zen, ez desagertzearena. Uztearen erabakia oraingoan hartu dugu lehenengoz. Agurraren bira egiteko proiektua sortu zen, Hegoamerikara joatearena ere bai, eta ideia ona iruditu zitzaidan. Bestalde, beste gauza batzuk egin nahi ditut. Neuk gura dudanean eta gura dudan lekura joan gura dut eta ez beti nire 8 lagunekin, hamabost eguneko oporraldirik ez baitut inoiz eduki. Abestiak ez diren beste gauza batzuk idatzi nahi ditut, olerkiak, ipuinak… Dena dela, musikariak gazteak direnez eta beste talde batzuetan ere joten dutenez, bira amaituta gero ere, baliteke batzea kontzertu bereziren bat emateko; beharbada egon ez garen leku bereziren baten jotzeko, edo kontzertua emateko arrazoi bereziren bat balego, edo tintontzian geratu den zerbait egitearren.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).