‘Genero-indarkeria’ hitza behin baino gehiagotan entzun dugu, baina, hori bai, beti noranzko batean gertatzen dela suposatzen dugu. Hau da, ez zaigu ezta burutik pasatu ere egiten neska batek mutil bat menpera dezakeela. Eta ez dugu berba egingo neska batek bere neskalaguna jipoitu dezakeen posibilitateari buruz, edo mutil batek bere mutilaguna. Berdintasuna ez da sekula emango berdinak garela pertsonak pertsonon artean konturatu arte. Gure kulturak mundua bitan bananduta dagoela finkarazi digu txikitatik. Munduak ezberdin tratatzen zaitu zure genitalaren arabera (hori intersexuala jaio ez bazara, noski; kasu horretan, kulturaren presiogatik, gurasoek sexu bat ala bestea aukeratu behar dute haurrarentzat): zakila baduzu, ‘chicarrón del norte’ eta horrelakoak entzun behar dituzu, negarra egiteko eskubidea ukatzen dizute, arrosa zure kolorea ez dela argi uzten dizute, ‘kontrako sexuak’ baino erlazio handiagoa izan behar duzu kirolarekin. Alua baduzu, alderantziz, gona janzteko eskubidea irabaziko duzu (eta aukera gehiago arropan), sentiberagoa izateko eskubidea, makillatzeko eskubidea… alkoholaren gaineko iragarki batean esaten zen moduan, ‘objeto de deseo’ izatera derrigortuta egongo zara, eta abar. Mutila edo neska izatea testuinguru kulturala baino ez da. Hau da, beste kultura batzuetan genero bi baino gehiago egon ahal dira eta testuinguru kulturalak ere oso ezberdinak izan daitezke. Adibidez, gure kulturan txikitxoak zein nagusiak ‘asexualak’ direla uste dela kontuan hartzekoa da. Horiek hirugarren eta laugarren generoak direla diote teoria batzuek. Izan ere, sexuaren gaineko ikuspegi zabal bat edukiz gero (eta ez soilik ernaltze-ikuspegi zentrista bat), guztiok sentitzeko ahalmena dugu. Honi guztiari buruzko oso esaldi on bat irakurri dut, hausnarketara bultza dezakeena eta benetan azpimarratu nahi dudana: Mundu honetan sei mila milioi genero eta sei mila milioi orientazio sexual daude. Zer esan nahi dut honekin? ‘Mutila’, ‘neska’, ‘hetero’, ‘homo’… edo beste edonolako etiketa, etiketa baino ez dela. Beraz, daudenak sentimenduak dituzten pertsonak dira, eta kito. Gizarteak hori ulertu eta barneratu arte, ez gara, ezta urrutik ere, generoen arteko berdintasun psikologiko batera hurbilduko. Asko dago egiteko oraindik, eta asko borrokatzeko sexu askapenerako bidean. Esate baterako, komunak eta dutxak ez ezberdintzea, arropa eta izen unisexak erabiltzea (Amaiur, adibidez), jostailu ezberdinak ez oparitzea eta abar… Queer mugimendua aurrera! Heteronormatibismorik ez! Jo ta Ke iraultza sexuala lortu arte! Informazio gehiago: www.sextaibada.net eta www.queerekintza.org.
Gutunak