Fernando Madina, Reincidentes taldeko baxu eta abe

Aikor aldizkaria 2007ko urr. 2a, 13:12
Testua: Jon Goikouria; Argazkiak: Attraction Management eta Jon Goikouria
Taberna batean eta sagardo botila batetik edan duen bitartean, Aikor! aldizkariak Fernando Madina Reincidentes taldeko abeslariarekin hitz egiteko parada izan du. Hanka haustuta dauka eta horren ondorioz muletetan dabil errenka, baina horrek ez du galarazi ez elkarrizketa ezta Derioko San Migel jaietako kontzertua ere. Tabernan bertan kontatu dizkigu taldearen gorabeherak, lagunartean. Nola aurkeztuko zinatekete pertsona ezezagun baten aurrean? Sevillako rock talde bat gara, gazteleraz abesten dugu eta 20 urte dira jada jotzen hasi ginenetik. Rock gogorra jotzen dugula esan dezakegu, punk rock eta hard rockaren artekoa. Dagoeneko 14 disko kaleratu ditugu eta geografia estataleko zati handiaz gain, kanpotik ere ibiliak gara. Zerk eramaten zaituzte abestiak sortzera? Errealitatearen behaketak. Bizitzaren behaketak berak. Azken hau batez ere, bizitzaren parte direlako sentimenduak eta egonezinak. Batez ere egonezinak. Azken batean, atsekabeak eta pozak espresatzen ditugu. Hots, pertsonak gara eta horrela adierazten ditugu ideiak. Zer da Euskal Herria? Sevillan hasi ginen kontzertuekin, baina gutxi jotzen genuen, zirkuitu gutxi zeuden… eta garai hartan gaztetxeen fenomenoa pil – pilean zegoen. Horri hainbat fenomeno gehitu behar dizkiogu; aita gipuzkoarra da, eta hemengo lagun batzuk ezagutzen ditut. Beraz, hona etortzen hasi ginen, autostop egiten bazen ere. Gaztetxeei jotzeko denbora eskatzen genien, ordu laurden, ordu erdi… eta astiro – astiro hazi egin ginen. Esan daiteke Euskal Herria gure sehaska izan dela zentzu artistikotik begiratuta. Erdara da zeuen abestien hizkuntza. Gehienak erdara hutsean daude, salbuespenak salbuespen. Un Pueblo deiturikoak euskarazko sarreratxoa dauka. Eta ingelesa? Ingelesa bertsioetarako uzten dugu, Los Ramones kantatzen dugunerako. Baina gure abestiak ez ditugu ingelesez egiten. Gure ustez, jendearen erronka sentitzen duen hizkuntza horretan espresatzea da, bestela ez dauka eraginkortasun bera. Zentsurarekin estropezu egin al duzue inoiz? Bai, baina gutxitan. Normalean ez da gertatzen. Ezin gara publiko orokor batera heldu gure letrak oso zuzenak direlako, osagarri ideologiko gogor batekin sorturikoak. Ez daukagu ideologia gehiengodunik, eta horrek diskografikoki, irratiaren eta telebistaren bidezko difusioa eragozten du. Zer gertatu da ‘Locomotive Music’ekin? ‘Diskos Suicidas’ekin gertatu zen antzekoa. Diskoetxeak diskoetxeak dira, eta bai independenteak zein multinazionalak antzekoak dira oso, maila ezberdinean betiere. Gauzak ondo doazkienean dena ondo doa, baina gauzak gaizki doazkienean, erru guztiak artistarenak dira. Kasu honetan behin baino gehiagotan gertatu da, eta azkenean bertan behera utzi dugu. Nahiago dugu diskoetxerik gabe ibili gaizki tratatzen gaituen batekin ibiltzea baino. Zer izan da Ni un Paso Atrás? Adiskidetasuna, lagunekin egindakoa delako. Behin baino gehiagotan jo dugu elkar eta hortik irten zen egun daukagun adiskidetasun pertsonala. Lagun hauek Sonora, Boikot eta Porretas taldeak dira, eta esan beharra dago bira bat eskaintzea askoz ere errazagoa dela lagunekin bada talde ezezagunekin baino. Eta bira amaitzean? Atsedena hartu. Laster aita izango naiz bigarren aldiz. Beraz, egun hauek haurrak zaintzen emango ditut. Taldeari dagokionez, bi ziklo dauzkagu musika taldeok: batetik kanpora begira dagoena, zeinetan birak eta kontzertuak eskaintzen diren. Bestetik, barrura begira dagoena, zeinetan konposatu, entseatu, diskoa prestatu, ondoren grabatu ahal izateko. Oraindik ez gara grabatzen hasiko, baina bai konposatzen zein entseatzen. Eta hau guztiau atsedentxo bat egin eta gero. Apirilean Latinamerikara joango gara uda osoa igaro arte. Ez daukagu presarik, Dementes disko berria delako eta gauzak ez direlako arin egin behar. Hortaz, atsedena eta gero, azaroan entseatzen hasiko gara berriro.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).