Roke deuna, aingeru zaintzailea, kanposantua, dana bat

Aikor aldizkaria 2007ko urr. 4a, 11:52

Testua: Sabin Arana; Argazkia: Joseba Riobo Larrabetzuko arkitektoak egindako San Roke baselizaren balizko irudia.

Artxiboetan arakatuz, Larrabetzun atxina izan zan San Roke baselizaren sorreraren ganeko dokumentua topatu dogu. Dokumentu horretako zati bat hurrengo lerrootan batu deutsegu. “Bilbo oso zintzo eta leiala dan Hirian: 1614. urteko urtarrilaren 6an, Juan Otxoa Rotaetarra (Larrabetzukoa zan hori) erregeren eta Bilboko Hiriko eskribau-kide nazenaren eta lekukoen aurrean uriko biztanle honeek aurkeztu ziran: Mari Otxoa Herkinigotarra, Mateo Etxabarriren alarguna dana, eta Pedro Hurtado Tavison eta Fernando Taborga bere suhinak. Horreek hurrengoa azaldu eben: Mateo Etxabarritarrak Valladolid ziutatean (bertan zendu zan) egin eban hilburukoan agertzen zan lez, bere ondasunetik 300 dukat hartu eta Roke deunaren ohore eta begirunean baseliza egiteko agindua emon eban. Izan be, santu horrenganako eraspen berezia eban eta baseliza eraiko ebala promes egin eutsan. Hilburukoan esan bezala, baseliza Larrabetzuko Estrataburueta izeneko tokian altxatu behar zan, Lezamarako Errege Bidearen alboan; hau da, Errebaleko Goienengoa baserriaren lurretan. Lur horrek bereak eta bere emaztearenak ziran. Eta honela Añituatar Domingo jatorriz Bolibarrekoa dan eta gaur egun Begoñako Andramarin bizi dan argin maisuagaz hitzartuta ebala azaldu eben. Baseliza horren inguruan baegoan etxe zahar bat erorita. Mateok Juan Otxoa Gallartzatarrari erosi eutsan, eta Mari Otxoa bere emazteari etxe horren harriak baselizaren eraikitze beharretan erabiltzeko agindu eutsan… eta barrutik eta kanpotik karez entoka eiela…” Baseliza eraikitzea Etxabarritarrak, XVI. mendearen amaierako izurritik salbatu ziralako Roke deunari eskerrak emoteko, egin eban promesa izan zan. Horrezaz ganera, dakigunez, San Roke eguna uriko jaiegun bihurtu zan. Edonola be, santu horri beti izan jako halako begirunea, izurriteei bildurraren eraginez-edo. Beste alde batetik, 1777. urtetik 1784. urtera bitartean, uriko eleiza barria egiten ibili ziran-eta, baselizan mezea emon ebela aipatzekoa da. Gaur egungo kanposantuko kapera dagoan txokian San Roke baseliza egon ei zan, eta kanposantua lekuz aldatzeko asmotan dabiltzan garai honeetan bere historia be izan dauala izan behar dogu gogoan. Etxabarri-Herkinigotarrek eraiki eben gerora ‘Aingeruguarda’ izenagaz ezagutu dogun kapera. XIX. mendeko bigarren erdialdean hilobiak elizatik atera behar izan ziran legeak aginduta, eta baselizaren ondoan kanposantua eraiki eben. Herkinigotarra Larrabetzukoa zan jatorriz. Herkinigo lizentziatuaren alaba Bilboko Etxabarri merkatari ospetsuagaz ezkondu zan eta hori zendu zanean, andereak bera be merkataritzan aritu zan urte luzean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).