<b>Hiru, Euskal Herriko garraiolarien sindikatua:<

Aikor aldizkaria 2007ko urr. 19a, 08:40
Txorierri Etorbideak harana zeharkatzen dau. Bertatik ibiliz gero, industriguneak, landak, herriak eta mendiak dagoz ikusgai. Ganera, Zamudiotik Lezamako erdigunera heldutakoan Hiru, Euskal Herriko garraiolarien sindikatuaren Bizkaiko egoitza be badogu. Garraiolarien etxea errepide amaiezin baten alboan, zelan ez. Kamioiak gidatzen dabenen jardueraren berri jaso dogu, bertoko zein kanpoko bazkide batzuen esanetan. Ia 30 urte daroaz Miguel Angel Lekue ‘Txirrik’ kamioia hainbat eta hainbat errepidetatik gidatzen. Gaztea zala, Larrabetzuko lagun horrek lanaz aldatzea erabaki eban eta orduan garraiolari egin zan. “Lan mundua zelan dagoen, ni pozik nago kamioian. Batetik hamarrera, zazpi ipiniko neuke. Lan guztiak gogorrak dira, baina nik ez neuke aldatuko kamioia lantegi batean txandaka lan egiteagatik. Eurek jai-egunetan eta guzti lanera joan behar izaten dabe; neuk ez, ordea”. ‘Txirri’ Txorierrin dagozen Hiru Garraiolarien Sindikatuko 20 kideetakoa da. Guztira, herrialde guztietako 1.200 bazkide ditu Hiru sindikatuak Euskal Herrian, “zuberotarrak izan ezik”, Txirriren esanetan. Bizkaitarrak be badagoz: 250 lagun dira, soilik. Dana-dala, kontuan hartu behar da Hiruz gain beste garraiolarien elkarte bi dagozela Bizkaia mailan, Egaz eta Sintrabi, hain zuzen be. “Hasiera batean, Sintrabi baino ez egoan, baina arazoak arazo, beste bi sortu ziran. Norberak interes ezberdinak dekoz: Sintrabik portuan egiten dau lan gehienbat, eta Hiruk, esaterako, lurraldetasunari begiratzen deutso”, azaldu deusku Lekuek. Sindikatuen artean batasun-eza ez ezik, inongo harremanik be ez dago. Iñaki Pujana Hiruko kideak ez dau uste beharrezkoa danik. “Gizarte mailan aniztasuna da interesgarria. Nik aukera anitzak nahiago dodaz eta gero norberak hauta daiala. Argi dago guztiok alkartuko bagina kristoren indarrea izango geunkela, baina horretarako denok izan behar dogu oso konbentzituta. Eta horretarako bazkideak hezi behar dozuz. Tristea bada be, sektore horretan norberak berea besterik ez dau defendatzen”. Antolakuntza eza horrek hurrengo galdera sortarazten dau: Beharrezkoak dira sindikatuak? ‘Txirrik’ baietz erantzun deusku. “Beharrezkoak dira, baina benetan eraginkorrak izateko, sindikatuak zein langileok parte hartu behar dogu: alde batetik, sindikatuek batzuetan ez dakie bazkideok erakartzen; beste alde batetik, bazkideek ez dakie erakundeak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatzen. Hor dago koxka!”. Eta sindikatuak zenbait zerbitzu eskaintzen deutsez bazkideei. Hiruren bidez, bidaia aterpeetan gasoila merkeago lortzen dabe garraiolariek Euskal Herritik barreiaturik dagozen gasolindegi batzuetan. Horrezaz ganera, Hiruk sortutako enpresa batek prezio oneko aseguruak jartzen dauz langileen eskura. Baina sindikatuko bazkidea izateak ez dau esan gura askatasuna falta danik, Iñaki Pujanak adierazi dauen moduan. “Ordutegiak moldatzen dozuz zure erara. Zeu zara jaun eta jabe erabakitzeko noiz eta non. Argi dot nire kontura lan egin gura dodana. Ez dago lanera zapatu batean bidaltzen nauen ugazabarik. Etekin ekonomiko haundiago dago eta beste poztasun bategaz joaten zara lanera”. “Zuk ezartzen dozuz mugak eta noraino ailegatu gura dozun”, dio Lekuek. Takografoaren gatibu Askatasuna kentzen dauena, aldiz, araudia da, garraiolari horreen ustez. Izan be, takografoek kontrolatutako ordutegia zorrotzei jarraitu behar deutsee. Eta ordu kopurua gaindituz gero, 60 eta 600 euro arteko isunak ordaintzeko prest egon beharko dabe. Gaur egun, esate baterako, kamioilariek ezin dabe lau ordu eta erdi baino gehiago jarraian gidatu. Gero atseden hartu behar da 45 minutuan eta hori zatitzen bada, lehenik eta behin ordu laurdenean, eta gero beste ordu erdian (eta ez aldrebes) egin behar da. Lehengo takografoak analogikoak ziran baina oraingoak digitalak eta zorrotzagoak dira. Batzuek beste batzuek baino hobeto eroaten dabe takografoen “diktadura”. Abadiñoko Jesús Agirrebeitia aspaldiko Hiruko kidea da eta bere iritziz, “kristolako buru-haustea da”. “Beti zagoz erlojuari begira, eta batzuetan garraiolariak baino, matematikoak garela emoten dau , orduak gora eta behera”, dio irribarreen artean. Era berean, Lekue be kritikoa da. “Takografoak hain zehatzak izateak mugatzen gaitu. Eta ez dot esaten txarra danik: ondo dago lana arautzeko, baina batzuetan kaltegarria da bizitza pribatuarentzat, gura dozuzen ordutegiak eroatea ezinezkoa baita. Imajina daigun kanpora joaten garela eta epea amaitu danean, biltegitik 50 metrotara gelditu garela. Isuna jartzea gura ez badogu, berton gelditu beharra dago. Horrek ez deko zentzu handirik, ezta?”. Takografoek lana arautzeko eta segurtasuna handiago emoteko balio omen dabe, baina garraiolariek ez dabe uste benetan horretarako erabilgarriak diranik. “Gerta daiteke 18:00etan kargatzea eta 20:00etan beste leku batean zama egon behar izatea. Eta logurea banaz? Berdin deutso berton egon behar da-eta”, adierazi dau ‘Txirrik’. Halan eta guztiz be, ez dabe arriskutsutzat jotzen lana. “Guztiok egin doguz kristoren astakeriak: berton kargatu, Kordobara joan gauez eta jarraian beste leku batera. Horrelakorik egunero egiten badozu zerbait gertatuko jatzu; baina neurriak hartuz gero eta metodikoa bazara, ez da ezer gertatu behar”. Ildo horretatik, nekearen kontrako kanpaina martxan jarri eban Hiru sindikatuak, ‘nekeak hiltzen dau’ lelopean. Iñaki Pujana ados dago horregaz, baina ñabardura batzuk egin deuskuz. “Astean bi aldiz 11 orduko atsedena egin behar da. Imajinatu hauetako batek kanpoan harrapatzen zaituela. 11 ordutan edozein gauza egiteko denbora dozu: lo, jan, edan, txanpon-makinetan jokatu… Horiek gehiegikeriak izan daitezke, baina esan gura dot hain atseden luzeek ez dabela zentzurik”. “Eta zergatik dagoz hainbeste kotxe?” Euskal Herriko errepidetatik hainbat kamioi ibiltzen dira egunero. Batzuen ustez, horrexegatik gertatzen dira auto-hilarak, alegia. Halan eta guztiz be, garraiolariak ez datoz bat horregaz, noski. “Ez dot uste gure errua danik. Eta zergatik dagoz hainbeste kotxe? Kamioiok zerbitzu publiko bat egiten dogu eta gu egongo ez bagina, nork eroango leukez jakiak edota erregaiak leku batetik bestera… Hainbeste kotxe egon ez daitezan, garraiobide publikoa hobea izan beharko zan. Baleiteke Bilbon eta hiri handietan ondo ibiltzea, baina herri txikietan ez da hain ona eta kotxea hartu behar da”, defendatu dau Agirrebeitiak. Garraio publikoak hobetzeaz ganera, konponbidea azpiegiturak, hau da, errepide haundiagoak egitean datza, antza danez. Ba ez! Abadiñoko lagun horren aburuz, “ahalik eta autobide gehien, orduan eta kotxe gehiago be egongo ziran”. Hitz horiek, beraz, zalantzan jartzen dabe laster Ezkerraldean Bizkaiko Foru Aldundiak egingo dauan Supersur autobide hori. “Hiri handietako inguruetan trafiko handia dago eta bertara sartzeko denbora asko emoten dozu ia geldirik, eta ganera takografoa aurrera doa”, jakinarazi du Lekuek. “Azpiegiturek guztiei onura ekarri deutsee, garraiolariei izan ezik. Errepideak hobeak direnez enpresek gitxiago ordaintzen deutsue gure lana azkarrago egingo dogulakoan, baina ez da egia, denbora bera emoten baitogu. Nik orain dauala 20 urte beste denbora emoten dot Aparcabisara joateko. Dana-dala, arazoa ez dira errepideak, ekoizte-eredua, baizik: gaur egun ekoizten dan neurrian, ez dago zama guztiak hartzeko gauza dan garraiobiderik. Aldatu egin beharko zan ekoizteko era: ezagun batek eroan zituen beste sei lagunakaz zapatak eta kordoiak Frantziatik Portugalera. Portugalen kordoiak jarri eta eroan ebezan bueltan Frantziara. Holan justifikatzen dira mila errepide, mila kamioi...”, argudiatu dau Larrabetzuko lagunak. Duintasuna Justifikatzen ez dana errespetu falta da, eta garraiolariek noizean behin pairatzen dabe. Iñaki Pujanak “duintasuna galdu ezin dala” aldarrikatu dau. “Lantegi batzuetan ez gaitue pertsonatzat jotzen. Guztiok pertsonak garela gogoratu behar jake askori eta batzuetan gogorra da esatea baina behar-beharrezkoa da”. ‘Txirriri’ behin Laudion gertatu jakonaren barri emon deusku. “Agurtu barik, atezainak esan eustan ordu pare bat itxaron beharko nebala. Patxadaz bazkaltzeko lekuren bat gertu egoan galdetu neutsan eta orduan morroiak kasua egin eustan eta hamar minututan bukatu gendun lana”. Etorkizunari begira, baikor agertu dira garraiolariak, “bakarrik ez bazabiltza eta zure atzean babesa emoten deutsu erankunderen bat izanez gero”. Ganera, “lana egituratzen badozu eta metodikoa bazara, aukera asko emoten deutsu beste hainbat gauza egiteko eta mundua beste era batean ikusteko. Batzuk kexatzen dira, baina tabernari bat gu baino hobeto dabil, ala? Nik ez neuke ezerengaitik be aldatuko, ezerengaitik be”, baieztatu dau ‘Txirrik’. HIRU Bizkaiko Sintrabik, Arabako Sintrarabak eta Gipuzkoako Sintragik Hiru, Euskal Autonomi Erkidegoko sindikatuen federazioa eratu eben 1991ean. Halan eta guztiz be, 2003ko martxoaren 22an Hiruk bere lehen Biltzar Nagusia egin eban eta sindikatu independiente jaio zan. Afiliazio datuak: –Euskal Herrian: 1.200 –Bizkaian: 250 –Txorierrin: 20 inguru Hiru sindikatua Aretxalde Auzoa 68, 48196 LEZAMA 944 554 088 www.hiru.org

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).